Berriak
2026(e)ko azaroaren 16(a) 09:24
Urrira arte 9.680,5 milioi euro bildu dira tributu itunduetan
Ogasuna eta Finantzetako Saila
Tributu itunduak direla eta, 9.680,5 milioi euro bildu dira urrira arte, hau da, 2025eko epe berean bildutakoa baino 385,2 milioi euro gehiago; beraz, % 4,1 egin du gora zerga-bilketak. Datu hori 2026ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako tributu-sarrera guztien % 88,9 da (10.891,0 milioi euro).
Zuzeneko zergetan, aurreko hilabeteetako portaera onari eutsi zaio, % 6,7 hazi baita; zeharkako zergetan, berriz, % 1,5eko jaitsiera izan da, hau da, iraileko jaitsiera (% 3,3) baino askoz ere handiagoa. Bestalde, tasak eta bestelako sarrerak % 17,2 hazi dira.
Zuzeneko zergapetzearen ondoriozko bilketa 5.424,4 milioi eurora iritsi da, hau da, 397,1 milioi euro gehiago iazko aldi beraren aldean; hau da, % 7,9ko igoera izan du. Atxikipenei dagokienez, oraindik datu positiboak dituzte lanaren gainekoek (+% 4,7, hau da, 167,3 milioi gehiago), kapital higiezinaren gainekoek (+% 3,7) eta, batez ere, ondare-irabazien gainekoek (+% 56,6). Alde negatiboan, batetik, kapital higigarriaren gaineko atxikipenak jaisten jarraitzen du, zehazki, % 2,3 (-% 5,4 irailera arte), eta, bestetik, sarienak, 7,2 milioi izan baitira (aurreko ekitaldian 43,3 milioi bildu ziren). Datu horiek ikusita, PFEZ guztira % 5,3 hazi da (+191,8 milioi euro), eta sozietateen gaineko zerga %19,8 (+191,2 milioi. Kuota diferentziala % 22,7 hazi da, hilabete horretan konturako ordainketak (estatukoa eta forala) sartu baitira.
Aurrekoaz gain, zuzeneko zergapetzean izandako datu positiboak osatzen dituzte ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak (+% 1,1), kreditu-entitateen gordailuen gaineko zergak (+% 4,8) eta interes eta komisioen marjinaren gaineko zergak (+% 57,1). Bitartean, behera egiten jarraitzen dute oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak (–% 13,6) eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergak (–% 39,1), Ekialde Ertaineko krisiari aurre egiteko hartutako neurriek eraginda.
Zeharkako zergapetzeari dagokionez, urrira arte 3.237,6 milioi euro bildu dira, 2025eko aldi berean baino 50,4 milioi gutxiago; hau da, zerga-bilketan % 1,5eko jaitsiera izan da. Horrela, jaitsiera arinagoa bada ere, bere horretan dirau krisiaren aurkako neurrien eraginpean dauden zergen beherakadak: kudeaketa propioko BEZak (–% 2,1), hidrokarburoen gaineko zerga (–% 18,5) eta elektrizitatearen gaineko zerga (–% 15,8). Halaber, ondare-eskualdaketen gaineko zergak ere behera egin du (–% 4,4).
Honako hauek, berriz, zifra positiboak dituzte: alkoholaren gaineko zergak (+% 6,7), garagardoaren gaineko zergak (+% 9,9), tabakoaren gaineko zergak (+% 1,6), finantza-transakzioen gaineko zergak (+% 20,1), zenbait garraiobideren gaineko zergak (+% 11,4), aseguru-primen gaineko zergak (+% 4,5) edo joko-jardueren gaineko zergak (+% 16,7). Bestalde, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergak berriro datu positiboak eman ditu, % 17,4 hazi baita.
Tasak eta beste diru-sarrera batzuk 63,6 milioi euro dira, hau da, 2025eko aldi berean baino 9,3 milioi euro gehiago. Joko-tasak % 0,4 jaitsi dira, baina premiamendu-errekarguen (+% 40,0) eta berandutze-interesen (+% 42,3) bilakaera positiboak konpentsatzen du hori.
Kudeaketa propioari, Estatuarekin eginiko doikuntzak gehitu behar zaizkio: BEZa (1.113,8 milioi), zerga bereziak (–159,4 milioi) eta berotegi-efektuko gas fluordunak (0,4 milioi). Hirugarren hiruhilekoko doikuntzak tributuen hobekuntza orokorra ekarri du, batez ere, BEZaren doikuntzaren eraginez, bai inportazioei dagokienez (% 2,7ko jaitsieratik % 2,3ko igoerara pasatu da), bai barne-eragiketei dagokienez (% 7,4 igo da; bigarren hiruhilekoko doikuntzara arte igoera % 6,6koa zen). Zerga berezien doikuntzek ere hobera egin dute: aurreko hilera arte metatutakoa -%19,3 zen, eta gaur egungoa -%10,2.
Horrela, tributu itunduen guztizkoak % 4,1eko hazkundea metatu du aurreko ekitaldiaren aldean, eta horrek esan nahi du 385,2 milioi euroko hazkundea izan dela.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp