Berriak
2017(e)ko irailakren 12(a) 13:30
Unai Rementeria: “gure gizarte zerbitzuen kontrola indartu dugu laguntza behar dutenek hori jasotzea bermatzeko”
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Foru Aldundiak Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen jarraipen sistematikoa eta koordinatua egingo du urtero, 16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko. Rementeria: “Bizkaia gizarte solidarioa da eta aurrerantzean ere izaten jarraitu nahi du baina, aldi berean, erakundeek gizarte laguntzen kontrol handiagoa garatzea nahi du: laguntzak bai, kontrola ere bai.”
Unai Rementeria,Isabel Sánchez Robles y José María Iruarrizaga
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, "Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorra 2017-2019" aurkeztu du, Goazen 2030 estrategiaren barruan legegintzaldi honetarako jasota dagoen konpromisoetako bat. Unai Rementeriak adierazi duen bezala, plan honen helburua "gure gizarte zerbitzuen eragingarritasuna eta kalitatea hobetzea da laguntza behar duten pertsona guztiek laguntza hori jasoko dutela bermatzeko". Rementeriak azpimarratu du kontrolak egiteko ataza hau azken hileetan herritarrekin egin dituen bilera guztietan azaldu den gizarte-eskaria dela.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorrak 2017-2019 deritzonak bizkaitarrek gizarte prestazioetarako jartzen dituzten baliabide eta bitartekoen erabilera egokia bermatzeko ekintzak koordinatuko eta indartuko ditu. Halaber, ekintza berriak garatuko ditu.
Plan honek neurri hauek ezartzen ditu:
- Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen gizarte zerbitzu eta prestazio guztien kontrola bultzatzea; lan hori zerbitzu eta prestazio horien beharkizunak betetzen direla egiaztatuta burutuko da.
- Ikuskapenaren bidez egingo den kontrol zorrotza; kontrol horrek Bizkaian ematen diren gizarte zerbitzuen kalitatea bermatuko du: araudi erregulatzailea betetzea eta eskaintzen diren arreta eta zaintzen jarraipena egitea.
- Administrazioen arteko kudeaketa aurreratua, elkar-operatibitatea eta datuen trukea sustatzea kontrol-mekanismo berritzaileak sartzeko, gizarte zerbitzuekiko irisgarritasun-prozesuak errazteko, erantzunaren eragingarritasuna hobetzeko eta kontrola areagotzeko.
- Funtzio ebaluatzailea eta pedagogikoa garatzea zentroen funtzionamendua hobetzearen ondoreetarako, zentro horien kalitatea hobetzeko neurriak hartuz.
Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorra 2017-2019 jarduteko 5 bloketan batu diren helburu berezi hauen inguruan egituratuta dago:
- Gizarte zerbitzuetako zentroen ikuskapena
Urtero Lurraldean baimenduta dauden 327 zentroak, denak, (% 100) ikuskatzea, arreta optimoa eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko arautegia betetzen dutela eta pertsona erabiltzaileen eskubideekiko begirunea bermatzen dutela egiaztatzeko.
- Zentroetan eskaintzen diren abegiaren eta zaintzen ikuskapena
Urtero zentroetako onuradunen zaintzen % 10 ikuskatzea. Lan hau gizarte zerbitzuen zentroetan Banakako Arreta Planen (BAP) jarraipenaren bidez egingo da.
Horrek, praktikan, mendekotasunaren eta ezgaitasunaren esparruetan mila jarraipen inguru egingo direla esan nahi du, pertsona erabiltzaile guztiek jasotzen duten arretaren kalitatea bermatzeko eta kontrolatzeko.
- Zaintzen ikuskapena etxean
Urtero familia barruko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FBZPE) hartzen duten 15.000 etxe baino gehiagoen % 15 ikuskatzea.
Ikuskapen honen helburua mendekotasun eta/edo ezgaitasun egoeran dauden pertsonek kalitatezko arreta jasotzen dutela eta familia barruan ez dutela tratu txarrik bizi egiaztatzea da, eta baita pertsona zaintzaileen egoera ebaluatzea ere. Bolumenari dagokionez ezarri den xedea urtero 3.800 bisita inguru da.
- Gizarte prestazioen ikuskapena
Gizarte prestazioan ikuskapenaren helburua pertsona onuradunek dituzten berariazko beharkizunak betetzen direla eta emandako prestazio horiek zuzen erabiltzen direla berrikustea da. Jarraipenaren barruan Mendekotasunaren, Ezgaitasunaren eta Esklusioaren arloetan Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen eta aldiro ordaindu behar diren izaera ekonomikoko gizarte prestazio guztiak sartzen dira. Egin diren kalkuluen arabera 2017an urteroko 11.400 berrikuspen baino gehiago egingo dira.
Ikuskapenaren hedakuntza hau izango da:
- Kotizazio Gabeko Pentsioei (KGP) eta ezgaitasunak dituzten pertsonen integraziorako (MGL) prestazio aintzatetsiei dagokienez emandako prestazioen % 100 berrikustea.
- Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikorako (LPPE) emandako prestazioen % 100 berrikustea.
- Familia barruko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren (FBZPE) barruan emandako prestazioen % 25 berrikustea
- Gizarte Ongizate Funtseko (GOF) prestazioen % 100 berrikustea.
- Gizarte Inklusiorako Laguntza Berezien (GILB) % 100 berrikustea.
Hitzarmenen eta diru-laguntzen ikuskapena
Ikuskapen honen helburua hitzarmenaren, diru-laguntzaren edo laguntzaren xederako hartutako finantzaketa publikoaren aplikazioa bermatzea da eta, aldi berean, funts publiko horiek legezkotasun, eragingarritasun, eraginkortasun eta ekonomia terminoetan aplikatzen direla ziurtatzea.
- Diru-laguntzen justifikazioen % 100 berrikustea.
- Auditoretzen bidez diru-laguntzen, hala norgehiagoka lortu direnak nola izendunak, % 10 berrikustea.
- Auditoretza propioak berrikustea eta hitzarmenei ausazko auditoretzak egitea bolumenaren % 10era iritsi arte.
Planaren jarraipena eta ebaluazioa
Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokor hau urte anitzekoa da eta 2017-2019 aldian garatuko da. Ondore horretarako Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorraren barruan ezarri diren jarduteko bost blokeek plan berezi bat edukiko dute, ikuskapen mota bakoitzerako erabiliko diren ikuskapenen jarduketen, metodologien eta protokoloen zehaztasunak emango dituena. Plana aurten, 2017an, jarriko da abian hasierako fase baten eta jarduteko bloke horietan ikuskapenen xede diren zerbitzuak eta/edo prestazioak hurrenez hurren jarriko dira abian 2018an zehar.
Ezarri diren jarduketak garatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren bitarteko eta baliabide propioak, humanoak eta materialak, erabiliko dira. Era osagarrian ezarri da kanpoko kontratazioak egingo direla Banakako Arreta Planen gainikuskapenerako berrikuspen teknikoak eta gizarte-analisiak egiteko eta baita etxez etxeko bistak egiteko ere. Ondore horretarako urtero 600.000 euroko partida jarri da.