2018(e)ko urriakren 04(a) 12:27

Unai Rementeria: “Etorkizuneko enpresa berriak lagunduko dituen itsasargia piztuko dugu”

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia konpartitu du urteko batzarra Euskalduna Jauregian egiten ari diren mikrofinantzaketaren arloko nazioarteko 650 agente baino gehiagorekin; estrategia horren xedea Lurraldea ekintzailetzako hub bihurtzea da

Unai Rementeria

Gaur Euskalduna Jauregian mikrofinantzen arloko nazioarteko 650 eragile baino gehiago bildu dira urteko batzarra egiteko. Topaketak Mikrofinantzen Sare Europarra (EMN, egoitza Bruselan duena) eta Microfinance Centre (egoitza Varsovian duena) biltzen ditu eta sektorearen egungo egoera aztertzeko eta etorkizunerako prestatzeko balio du.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Kongresuari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du Europar Batzordeko eta Inbertsioen Banku Europarreko eskuordeekin batera. Urrats izugarri handia ematen ari gara Ekintzailetzeko Nazioarteko Zentro bat irekita. Gure ametsa Europaren hegoaldean ekintzailetzaren erreferente bihurtzea da mugikortasunean, energian, gastronomian eta elikaduran. Etorkizuneko enpresa berriak lagunduko dituen itsasargia piztuko dugu. Zuek oso ondo ezagutzen duzuen kontua da: hasten dagoenari laguntza eskaini beharra. Inor ez da helduta jaiotzen, iragarri du.

Ahaldun Nagusiak Euskadi eta Bizkaia amets handiak dituzten herri txiki moduan deskribatu ditu. Eta bizitzan eta segurtasunean ditugun kalitate-maila altuak azpimarratu ditu, eta baita egonkortasun politikoa eta ekonomikoa ere. Rementeriak esan du Kongresu hau egitea Bizkaiko Foru Aldundiak Lurraldea finantzen eta ekintzailetzaren arloetako hub moduan kokatzeko hasi duen bide luzeko beste urrats bat dela: Gu onak garen gauzetan espezializatuta dagoen hub bat: ETEak, hurbiltasuna eta kalitatea. Nahitaezkoa den oinarri batetik abiatzen gara, Bizkaia Lurralde egonkorra eta segurua da. Bizi-kalitate altua, egonkortasuna eta segurtasuna dituen Lurraldea. Politika ekonomikoa. Eta urratsez urrats aurrera egiten duen Lurralde bat. Kongresu europar hau gurean egitea urrats txiki horiek aintzatestea da, Bizkaiko Aldundia, Seed Capitalen bidez, erakunde aitzindaria izan delako mikroenpresentzako maileguen sustapenean eta kudeaketan. Gure sare industrialaren % 90 baino gehiago 50 langiletik beherako enpresek eratuta dago. Lurralde berritzailea izan gara eta zuek guztiak hemen egotea ere bidean aurrera egiteko bultzada da, laburbildu du.

Eman diren urratsen artean Unai Rementeriak berrikuntzan eta ekintzailetzan inbertsioak sustatzeko foru exekutiboak hartu dituen azken neurri fiskalak gogorarazi ditu: Funtsezko urratsa eman dugu Europan oso lehiakorra den fiskalitatea garatuz. Erabat berria den berrikuntza funtsa bat sortu dugu eta herritarrak gure enpresetako inbertitzaile bihurtu ditugu berritzen eta lehiakorragoak izaten laguntzeko.

Kongresua

Euskalduna Jauregian 650 pare hartzaile baino gehiago batu dira EMN eta MFCren Kongresuan. Bileran, tailer eta osoko bilkuretatik aparte, bertaratu direnek mikrofinantza europarren eskuorde eta eragileekin kontaktuak ezartzeko aukera izan dute.

Bizkaiko Foru Aldundia izan da anfitrioia, enpresa berri berritzaileen eta maila sozialean berritzaileak diren enpresa-ekimenen sorkuntza, hazkuntza eta finkapenerako funtsen eta maileguen programak kudeatzeko ardura duen Seed Capital erakundearen bidez.

Mikrofinantza europarren sektorearen urteroko bilera nagusia egiteko Bizkaia aukeratzeak Bizkaiko Foru Aldundia eta Seed Capital enpresa berritzaileak sustatzeko funtsen eta maileguen programan egiten ari diren lana aintzatesten dela esan nahi du. Halaber, Kongresua Lurraldearentzat gakoa den une baten iritsi da, ekintzailetzan nazioarte mailan erreferente izateko eta mundu mailako proiekturik onenak erakartzeko ahaleginak eta bi egiten ari delako.

Konferentzia bateratua mezu bera indartzeko

EMN eta MFC erakundeak sortu zirenetik, hurrenez hurren duela 15 eta 21 urte, honako hau bigarren aldia izan da euren urteroko konferentziak batera egiten. Erabakia bi sare horien artean Europan inklusio finantzarioaren eta sozialen baldintzak sustatzeko eta hobetzeko ezarri den lankidetza-markoaren barruan kokatu behar da.

EMN irabazteko asmorik gabeko elkartea da, 2003an sortu zena eta bere helburu nagusia ahalmenak garatzeko laguntza ematea da; helburu hori kaltetuenen artean finantza zerbitzuekiko irisgarritasuna sustatzen duten gizarte helburudun antolakuntzen gardentasuna, praktika onak, gobernantza ona eta ikerkuntza sustatuz lortzen du. EMNren lana batez ere Europar Batasun, EFTA eta EEAko herrialdeetan garatzen da.

MFC 1997an sortu zen mikrofinantzen fundazio eta zentro erregional moduan; elkartearen xedea zerbitzu finantzarioen eta ez finantzarioen zuzkidura bermatuko duten mikrofinantza sozial eta jasangarriak sustatzea da, pobrezia gutxitzeko eta gizakiaren potentziala garatzeko erreminta moduan. MFCk batez ere Europa eta Asia Zentrala erregioetan jarduten du.

Bi erakundeek euren urteroko kasuan kasuko konferentziak era bateratuan egitea mezu oso argia da, bereizkeria finantzario eta sozialaren aurkako borrokan mikrofinantzek duten eraginaren balioari dagokionez, Europar Batasuneko arduradun politikoentzat eta EMN eta MFC elkarteek eskuordeak dituzten herrialdeetako gobernu nazionalentzat.