Berriak
2026(e)ko urriakren 22(a) 13:19
TH Companyk 60. urteurrena ospatu du Mungian, euskal erakundeen babesarekin
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ekonomia Sustatzeko Saila
1966an sortutako enpresak erakundeetako, enpresa-munduko eta sektoreko ordezkariak bildu ditu, Euskaditik abiatuta egindako sei hamarkadako industria-ibilbidea, nazioarteko hedapena eta berrikuntza teknologikoa ospatzeko
TH Companyk 60. urteurrena ospatu du Mungian
Elixabete Etxanobe: "Hren ibilbideak erakusten du talentuaren eta sustraitzearen alde egiteak funtzionatzen duela. Eta biak dira ezinbestekoak Bizkaiaren etorkizun industriala bermatzeko"
TH Companyk 60. urteurrena ospatu du gaur Mungiako instalazioetan. 1966an sortu zen herri horretan, eta bertan ditu egoitza nagusia eta erabakiak hartzeko zentroa. Topaketak erakundeetako, enpresa-munduko eta sektoreko ordezkariak bildu ditu, sei hamarkadako industria-ibilbidea ospatzeko eta konpainiaren garapenean lagundu duten pertsonak eta erakundeak aitortzeko.
Ospakizunean izan dira Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua; Alaitz Erkoreka, Mungiako alkatea; Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea; eta Ixone Soroa, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, sektoreko elkarte eta erakundeetako ordezkariekin batera. Haien parte-hartzeak agerian utzi du TH Companyk Euskadiko industria-sarearekin duen lotura, bai eta Mungian sortutako enpresa izatetik mundu osoko merkatuetan jarduten duen eta bezeroak dituen talde bihurtu arte izan duen bilakaera ere.
Bizkaitik abiatutako sei hamarkadako industria-bilakaera
11966an familia-enpresa proiektu gisa sortu zenetik, TH Companyk ingeniaritzan, garapen teknologikoan, fabrikazioan eta zerbitzu tekniko espezializatuan oinarritutako ibilbidea egin du. Gaur egun, taldeak bi negozio-arlo nagusiren bidez jarduten du: Marco, arrantza- eta itsas industria-rako makineria eta sistemak eskaintzen dituena, bereziki atunaren sektorerako; eta TH, meatzaritzarako, industria-mineraletarako eta hondakinen kudeaketarako ekipamenduetan, ingeniaritzan eta giltza eskura emandako instalazioetan espezializatua.
Gaur egun, konpainiak 250 profesional ditu, urtean 35 milioi euroko fakturazioa eta bederatzi filial eta ordezkaritza merkatu estrategikoetan. Bere merkataritza-jarduera 20 herrialde baino gehiagotara iristen da; 25 herrialde baino gehiagotan garatu ditu proiektuak, eta fakturazioaren %80 baino gehiago atzerriko merkatuetatik dator. Arrantza- eta itsas sektorean, Marcoren teknologia mundu osoko 500 atun-ontzi baino gehiagotan dago, eta, konpainiaren datuen arabera, merkatu-kuotaren %70 du segmentu horretan.
Gonzalo Prat TH Companyko gerenteak adierazi duenez: «60 urte betetzea harrotasun handia da, eta bide hau posible egin duten pertsona guztiak aitortzeko aukera ere bai. Mungiatik abiatuta, nazioarteko presentzia duen industria-proiektu bat eraiki dugu, helburu argi batekin: gizateriaren baliabide naturalen garapenari laguntzen jarraitzea, bereziki arrantzaren eta meatzaritzaren sektoreetan, eta, aldi berean, hondakinen balorizazioan eta energia-eraginkortasunean oinarritutako teknologiak sustatzea, industria jasangarriago baten alde».
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, “LHren ibilbideak erakusten du talentuaren eta sustraitzearen alde egiteak funtzionatzen duela. Eta biak dira ezinbestekoak Bizkaiaren etorkizun industriala bermatzeko. Datozen hamarkadetan Bizkaiak lurralde industriala izaten jarraitzea nahi badugu, haziak ereiten jarraitu behar dugu ”. “Gaur euskal industriaren etorkizuna dugu jokoan. Enplegua eta aberastasuna sortzen jarraitzeko dugun gaitasuna. Talentua fidelizatzeko eta erakartzeko eta gure lurraldean errotuta dauden enpresei jarraipena emateko gai ez bagara, gure etorkizun industriala konprometituko dugu. Eta baita gure ongizate-estatua ere ”, esan du.
Industria eta ingurumen erronkei begirako berrikuntza
Berrikuntza TH Companyren garapen-ildoetako bat ere bada. Novattiaren bidez —I+Gko filiala, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarean integratua—, taldea solidoen tratamendu fisikoan eta industria adimendunerako soluzioetan ari da lanean. Era berean, SBS enpresak HECO teknologia garatzen du, hondakinak balorizatzeko eta CO₂ harrapatzeko.
Marco arloan, konpainiak eraginkortasun handiagoko soluzio hidraulikoak eta eragintza elektrikoa duten bizkarreko ekipamenduak sustatzen ditu.
Enpresa-mugarrietatik harago, 60. urteurrenak TH Companyren historian zehar enpresa eraiki duten pertsonen lana aitortzeko ere balio izan du: langile-taldeak, bezeroak, hornitzaileak eta laguntzaileak, baita haren garapenean lagundu duten erakundeak ere. Ospakizunerako aukeratutako leloak, «Izan zirelako gara, eta garelako izango dira», enpresa-proiektua bultzatu zuten belaunaldien eta etorkizuneko erronkei helduko dietenen arteko jarraitutasuna adierazten du.
Sortu zenetik hirurogei urtera, TH Companyk Euskaditik teknologia eta ezagutza garatzen jarraitzeko, nazioarteko presentzia indartzeko eta industria berritzaileago, eraginkorrago eta jasangarriago baten alde egiteko konpromisoa mantentzen du, Mungian dituen sustraiak zainduz.
TH Companyri buruz
TH Company1966an Mungian sortutako enpresa da, arrantza- eta itsas sektoreetarako, meatzaritzarako eta ingurumen-arloetarako soluzio teknologikoak garatzen espezializatua. Egoitza nagusia eta erabakiak hartzeko zentroa Mungian ditu; 250 profesional, bederatzi filial eta ordezkaritza ditu, eta 20 herrialde baino gehiagotan dago merkataritza-mailan. Konpainiak Marco eta TH negozio-arloak biltzen ditu, baita bere filial espezializatuen bidez berrikuntza- eta garapen teknologikoko ekimenak ere. Sei hamarkadako historian, TH Companyk Bizkaitik garatu du bere jarduera, erakundeen laguntzarekin, bere langileen ekarpenari esker eta bezeroen, hornitzaileen eta laguntzaileen konfiantzarekin. Tokiko sustraitzea, espezializazio teknologikoa eta nazioarteko proiekzioa uztartzea funtsezkoa izan da haren bilakaeran. Konpainiaren ibilbideak hainbat aintzatespen jaso ditu: 2024ko Beaz Saria, Nazioartekotze kategorian, eta Euskalitek emandako Kudeaketa Aurreratuaren A Brontzea.