2026(e)ko azaroaren 06(a) 12:58

South Summit Industry & Energy topaketak bosgarren edizioa egingo du Bizkaian, eta Buyers´ Club ekimena estreinatuko du

Ekonomia Sustatzeko Saila

Topaketaren bosgarren edizioa South Summit-ek eta Bizkaiko Foru Aldundiak batera antolatu dute, eta azaroaren 25ean eta 26an egingo da, B Accelerator Tower (BAT) zentroan. Industriaren, mugikortasunaren, trantsizio energetikoaren eta, berrikuntza nagusi gisa, Deep Tech-aren sektoreetako munduko aditu handienetako batzuk bilduko ditu

Ainara Basurko: "Bizkaian, ekintzailetza aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu, gure industria-sarea berritzeko, zeina gai baita gure enpresen lehiakortasun-, deskarbonizazio- eta digitalizazio-erronkei soluzio teknologikoak emateko. South Summit Industry & Energy aukera bat da nazioarteko talentua eta inbertsioa erakartzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko"

South Summit Industry & Energy topaketa Bilboko B Accelerator Tower (BAT) Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentrora itzuliko da azaroaren 25ean eta 26an. South Summitek eta Bizkaiko Foru Aldundiak batera antolatuta, topaketak ekintzaile, enpresa eta inbertitzaile nagusiak bilduko ditu berriro, industriaren, mugikortasunaren eta trantsizio energetikoaren sektoreetan aurreikusitako aldaketak eta erronkak aztertzeko.

Bosgarren edizio honetako berritasun nagusia Buyers’ Club ekimena izango da. Banakako topaketen formatua da, eta konpainia handien arduradunak Europako scaleup teknologikoekin konektatzeko diseinatuta dago. Izan ere, scaleup hoiek ezartzeko prest dauden soluzioak dituzte. Espazioa energian eta industrian zentratuko da, bai eta mugikortasunean ere.

Edizio honek, halaber, Deep Tech-aren aldeko apustua indartuko du, honetarako teknologia aurreratuak garatzen dituzten startup eta scaleup-ekin: industria-prozesuak eraldatzeko, ekoizpen-eredu berriak bultzatzeko eta trantsizio energetikoaren erronka handietarako soluzio berritzaileak eskaintzeko.

Mugikortasun elektrikoa eta klima-inbertsioa, programaren ardatzen artean
South Summit Industry & Energy programak industriaren eraldaketa markatzen ari diren eremuetako batzuei lotutako adituak izango ditu. Horien artean egongo da Antonio Espinosa de los Monteros, LIUXen CEOa. LIUX Espainiako konpainia bat da, eta ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun-kontzeptu berriak garatzen ditu, material jasangarrien eta fabrikazio-prozesu efizienteagoen alde eginez.

Velca-ren CEO eta kofundatzaile Emilio Frojánek ere parte hartuko du. Motozikleta elektrikoetan espezializatuta dagoen Espainiako enpresa bat da Velca. Sortu zenetik, elektrifikazioan eta ingurumen-inpaktu txikiagoa duten garraio-ereduetan oinarritutako hiri-mugikortasuneko alternatiba berriak bultzatzen ditu konpainia horrek.

Trantsizio klimatikoari lotutako teknologietan egindako inbertsioa Nick de la Forge-k ordezkatuko du –Planet Aren kofundatzailea eta general partner-a–. Ingurumen-erronkei aurre egiteko soluzioak garatzen dituzten startup-etan espezializatutako Europako funtsa da Planet A. Bestalde, Overstory-ren CEO Fiona Spruill-ek energiaren sektorean teknologia erabiltzeari buruzko ikuspegia emango du. Konpainiak adimen artifiziala erabiltzen du, aireko eta satelite bidezko irudiekin batera, sare elektrikoetatik hurbil dagoen landaredia aztertzeko. 

Horiei beste profil batzuk gehituko zaizkie, hala nola Bilakatu-ren fundatzaile eta CEO Marisol Menéndez, eta Primo Climate-ko bazkide Ezio Ravaccia. Berrikuntza-eredu berrien garapenari eta teknologia klimatikoetan inbertitzeari lotuta daude bi horiek.

Bestalde, 15 startup finalistak hiru minutuko pitchetan aurkeztuko dituzte beren proiektuak inbertitzaileen eta korporazioen audientzia espezializatu baten aurrean, balizko merkataritza-akordioak esploratzeko.

Bizkaia nazioarteko konexio-puntu gisa
Bizkaiko ekosistema berritzailea ere protagonista izango da South Summit Industry & Energy topaketan, eta bisitak egingo dira eskualdeko berrikuntza-hub nagusietako bitara. Agenda osatzeko, bisita pribatuak egingo dira Bilboko Guggenheim Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora. Bertan, parte-hartzaileek networkinga egiten jarraitu ahal izango dute BAT zentrotik kanpo. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok honako hau adierazi du: "Bizkaian, ekintzailetza aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu, gure industria-sarea berritzeko, zeina gai baita gure enpresen lehiakortasun-, deskarbonizazio- eta digitalizazio-erronkei soluzio teknologikoak emateko. South Summit Industry & Energy aukera bat da nazioarteko talentua eta inbertsioa erakartzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko. Buyers’ Club ekimena martxan jartzeak, hain zuzen ere, gure helburu nagusietako bati erantzuten dio: erraztasunak ematea startup-ak eta korporazio handiak harremanetik lankidetzara eta proiektu zehatzak garatzera pasa daitezen. Hori da, halaber, BAT zentroaren asmoa, Bizkaia sendotzea ideia berritzaileak sustatzen eta merkaturatzen dituen eta, horri esker, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen dituen lurralde gisa", nabarmendu du Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok.

“Bizkaiak Europako industria- eta berrikuntza-ekosistema sendoenetako bat du, eta gaitasun oso nabarmena du enpresa, teknologia eta ekintzailetza konektatzeko. South Summit Industry & Energy topaketak posizio horri laguntza ematen jarraitu nahi du, nazioarteko talentua eta soluzio berriak hurbilduz jada erreferentea den lurralde batera", adierazi du María Benjumeak, South Summit-en presidente eta fundatzaileak.

South Summit Industry & Energy topaketak bosgarren edizioa egingo du. 2025ean, 340 parte-hartzaile bildu zituen, eta, horietatik, % 30 baino gehiago Espainiatik kanpokoak izan ziren. Aurreko edizioak 40 herrialdetako nazioarteko komunitate bat konektatu zuen, startupek, inbertitzaileek, korporazioek, instituzioek eta industriako liderrek osatua, eta horrek topaketaren izaera globala eta Bizkaiko enpresa-sarearekin duen lotura ziurtatzen ditu.

South Summit plataformari buruz
Plataforma global bat da South Summit, berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemako eragile guztiak batzen dituena, guztien arteko negozio-aukeren garapena bultzatzeko. Topaketa nagusia South Summit Madrid da, IE Universityk koantolatua, eta handik 42.500 startup baino gehiago igaro dira aurreko hamabost edizioetan.

Bestalde, South Summit Brazil urtero ospatzen da Porto Alegren 2022az geroztik, eta, horri esker, bere lehiaketetan parte hartu duten startupek 14.000 milioi dolar baino gehiagoko inbertsioak erakarri dituzte. Aurreko edizioan, South Summit Brazilek 70 herrialdetako 24.000 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituen, bai eta beste hauek ere: ekintzailetza-ekosistemako 800 lider global baino gehiago, 7.000 korporazio, 3.000 startup eta 1.000 inbertitzaile baino gehiago, 250.000 milioi euroko baterako inbertsio-zorroarekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero: https://www.southsummit.io/e/madrid/

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp