2026(e)ko irailakren 17(a) 13:01

“Sexismoa publizitatean” eta “Emakumeak zientzian” erakusketak Bizkaiko bederatzi udalerritan ikusi ahalko dira

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak prestakuntza-erakusketa horiek sustatu ditu EMAKUMEAK estrategiaren eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarearen barruan. Gueñes, Alonsotegi, Amorebieta, Urduña, Santurtzi, Arrigorriaga, Ermua, Artzentales eta Zamudion ikusgai egongo dira erakusketak aurtengo ekainetik abendura bitartean.

.

Laespada: "Funtsezkoa da zientzian eta ikerketan erabakigarriak izan diren emakumeek dagokien lekua izatea memoria kolektiboan"

Bizkaiko Foru Aldundiak zirkuitu bat jarriko du abian datozen asteetan lurraldeko bederatzi udalerritan, "Sexismoa publizitatean" eta "Emakumeak zientzian" erakusketak ezagutzera emateko. Ekimen hori EMAKUMEAK sentsibilizaziorako estrategia instituzionalaren barruan sartzen da, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarean dauden udalekin zuzeneko lankidetzan antolatu da.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatzen ditu erakusketa horiek, eta haien helburu nagusia da komunikabideetako genero-estereotipoei buruzko hausnarketa kritikorako tresnak herritarrei hurbiltzea, eta, aldi berean, emakumeek zientziaren eta ikerketaren arloan historian izan dituzten eta gaur egun dituzten eginkizuna eta ekarpenak ezagutzera ematea.

Ildo horretan, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu eta ahaldun nagusiordeak emakume gazteentzako erreferenteak sortzeko premian jarri du arreta: “Funtsezkoa da zientzian eta ikerketan erabakigarriak izan diren emakumeek dagokien lekua izatea memoria kolektiboan. Etorkizuneko belaunaldiak inspiratu eta emakumeen talentuak mugarik ez duela erakutsi nahi dugu.”


Bi erakusketak Bilbon inauguratu ziren, eta ikuspegi osagarrietatik jorratzen dute genero-ikuspegia. Gaur egungo gizartean emakumeen eta gizonen ereduak eraikitzean publizitateak betetzen duen eginkizuna aztertzen du “Sexismoa publizitatean” erakusketak. Lau ardatz kontzeptual handitan egituratutako ibilbide kritiko baten bidez —Emakume sexuala, Arketipo sexistak, Emakumeen aurkako indarkeria eta Gizarte-aniztasuna—, erakusten da publizitate-diskurtsoek nola erreproduzitu dituzten historikoki genero-estereotipoak eta -joerak. Bestalde, “Emakumeak zientzian” erakusketaren helburua da emakume ikertzaileek eta teknologoek historian zehar eta gaur egun egindako lana eta ekarpen baliotsuak ezagutzera ematea, jakintzaren aurrerabidean emakumeen talentua ikusezin bihurtze tradizionalari aurre eginez.

Egutegia eta erakusketa-espazioak, udalerrika (itxita daude dagoeneko):

Erakusketa: “Sexismoa publizitatean 25 urtez”

  • Gueñes: irailaren 2tik 14ra

Lekua: Sodupeko kultur etxea (Gallarraga zeharbidea, z/g - Sodupe).

  • Alonsotegi: irailaren 15etik 30era
    Lekua: KULTURGUNEA - Alonsotegiko antzinako anbulatorioa (Goikosolo kalea, 9-3).
  • Amorebieta-Etxano: urriaren 13tik 23ra
    Lekua: Zelaieta parkea.
  • Urduña: urriaren 26tik azaroaren 13ra
    Lekua: Alondegia (Foru Plaza, 9B - turismo-bulegoaren ondoan).
  • Santurtzi: azaroaren 16tik 23ra
  • Arrigorriaga: azaroaren 24tik abenduaren 6ra
    Lekua: Euskaldun Berria erakusketa-aretoa (Urgoiti pasealekua, 57).

Erakusketa: “Emakumeak zientzian”

  • Ermua: ekainaren 15eko astea
  • Artzentales: irailaren 7tik 25era
    Lekua: Artzentalesko kultur etxea (Agirre Lehendakariaren etorbidea 23, Traslaviña).
  • Berriz: irailaren 28tik urriaren 14ra

Lekua: kultur etxea (Geltoki kalea, 3).

  • Gordexola: urriaren 15etik azaroaren 2ra

Lekua: Lucio Beraza kultur etxea (Molinar plaza, 11).

  • Zamudio: azaro osoan
    Lekua: Zamudio dorrea (Elexalde auzoa, 2).