2026(e)ko urriaren 30(a) 13:30

Rekalde Aretoak Circus aurkeztu du, Alejandra Icaza artista bilbotarraren erakusketa berria

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Miguel Fernández-Cid da erakusketaren komisarioa. Artistaren ia lau hamarkadako ibilbidea jasotzen duen obra-hautaketa zabala biltzen du, eta erakusketa honetarako berariaz sortutakotako obra berriak ditu. Erakusketa 2026ko urriaren 30etik 2027ko otsailaren 28ra bitartean bisitatu ahal izango da

Alejandra Icaza Rekalde Aretoan

Leixuri Arrizabalaga: "Erakusketa honek, gainera, artistak Rekalde Aretorako berariaz sortutako obra barriak batzen dauz, eta horrek are bereziago bihurtzen dau proiektu hau. Aukera bikaina da bere ibilpidearen koherentzia eta etenbako bilaketa sortzailea gertutik ezagutzeko."

Rekalde Aretoak Circus aurkeztu du, Alejandra Icaza (Bilbo, 1966) artista bilbotarraren erakusketa berria. Bere belaunaldiko sortzailerik berezienetako bat da Alejandra Icaza. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, Alejandra Icaza artistak eta Miguel Fernández-Cid komisarioak aurkeztutako erakusketa 2026ko urriaren 30etik 2027ko otsailaren 28ra bisitatu ahal izango da, eta Bilbo, New York, Londres, Madril eta Europako eta Amerikako hainbat hiriren artean ia lau hamarkadatan eraikitako ibilbide artistikoa eskainiko du.

Besteak beste, zentro hauetan jaso du prestakuntza Alejandra Icaza artistak: Londresko Camden Art Centre eta St. Martin's School of Art, Madrilgo Círculo de Bellas Artes, Bartzelonako Escola Massana, Baltimoreko Maryland Institute College of Art eta Manhattango New York Studio School. Horrez gain, Alejandra Icazak nazioarteko karrera ospetsu bat egin du, eta banakako eta taldeko erakusketak egin ditu Espainian, Portugalen, Herbehereetan, Alemanian, Brasilen, Mexikon eta Estatu Batuetan.

Erakusketaren izenburuak (Circus) hitz bakarrean laburbiltzen ditu artistaren lanean etengabe ageri diren alderdietako asko: jolasa, memoria, sormen-erronka, diziplina eta esperimentazioa. Marrazketa, pintura, hitzak, sinboloak eta collagea uztartzen dituen unibertso bisuala, ikusleen interpretaziorako erreferentzia ireki eta intimoz betetako konposizioei forma emateko.

Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu duenez, “erakusketak, gainera, artistak Rekalde Aretorako berariaz sortutako obra berriak biltzen ditu, eta horrek are bereziago bihurtzen du proiektu hau”. “Aukera bikaina da artistaren ibilbidearen koherentzia eta etengabeko bilaketa sortzailea gertutik ezagutzeko”, gaineratu du.

Erakusketak artistarentzat bereziki esanguratsua den irudi bat hartzen du abiapuntutzat: neskato baten zuri-beltzeko argazkia, zeina asfalto gainean klarionaz marrazten ari baita. 1989an Bilbon egin zuen bakarkako lehen erakusketan ere irudi hori erabili zuen. Ia berrogei urte geroago, jolasari, behaketari eta sormen-askatasunari lotutako jarrera horrek presente jarraitzen du formatu txikietatik eskala handiagoko konposizioetara eboluzionatu duen ekoizpen artistiko batean, betiere identitate bisual sendoari eutsiz.

Ibilbidean zehar, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugak desafiatzen dituen obra bat ezagutuko du publikoak. Olio eta argizariaren konbinazioaren emaitza den oso paleta pertsonalarekin sortutako kolore-hondoetatik abiatuta eraikitzen ditu bere konposizioak Alejandra Icazak, eta horien gainean marrazten du, grabatuaren prozesua gogora ekartzen duten ebakiduren bidez. Bere pinturak, askotariko irakurketatara irekitako ikus-eremu gisa sortuak, hieroglifo emozional moduko bat osatzen duten sinbolo errepikakorrez betetzen dira. Irudi horiek haurtzaroko memoriara eta hainbat tradizio artistikotara eramaten gaituzte, pintura flandestarretik hasi eta ekialdeko miniaturaraino, eta etengabeko tentsioa transmititzen dute hurbilekoaren eta onirikoaren artean, itxurazko sinpletasunaren eta eraikuntza xehe eta sakonki landuaren artean.

Miguel Fernández-Cid komisarioak adierazi bezala, zirkuaren ideia metafora ezin hobea da Alejandra Icazaren lanera hurbiltzeko: izan ere, gozamena eta exijentzia, oreka eta arriskua, zehaztasuna eta askatasuna uztartzen dituen espazioa da. Ikuslea parte hartzera, interpretatzera eta obrekin lotura pertsonalak ezartzera gonbidatzen duen praktika artistikoa.

Erakusketa hau dela eta, Alejandra Icazak paper gaineko lan berriak sortu ditu Rekalde Aretorako, eta Manzanas eskultura (2026), zurez, kristalez eta pinturaz egina, Errekalde Zumarkaletik aretoko erakusleihoan ikusi ahal izango dena.Sorkuntza berri horiek bere karreraren etapa desberdinetako lanekin komunikatzen dira, eta pinturaren mugen etengabeko esplorazioak markatutako ibilbidearen koherentzia eta bilakaera erakusteko aukera ematen dute.

Alejandra Icazaren obra estatuko eta nazioarteko bilduma publiko eta pribatu garrantzitsuen parte da, besteak beste honako hauena: Coca-Cola Fundazioa, Gaur Egungo Artearen Galiziako Zentroa (CGAC), Salamancako DA2 edo Europako eta Estatu Batuetako hainbat instituzio.

Rekalde Aretoko jarduerak

Erakusketaren osagarri, Rekalde Aretoak jarduera-programa zabal bat antolatu du. Alejandra Icazaren sorkuntza-unibertsoa jendearengana hurbiltzeko diseinatu da programa, haren lana egituratzen duten alderdi kontzeptualetan, teknikoetan eta tematikoetan sakontzeko.

Proposamenen artean, artistarekin egingo diren topaketak nabarmentzen dira. Topaketa horietan, Alejandra Icazak Circus erakusketa ikusteko bisita gidatuak eskainiko ditu, eta bertaratutakoekin partekatuko ditu bere sormen-prozesuaren gakoak eta erakusketan presente dauden kontzeptu nagusiak. 2026ko azaroaren 4an eta abenduaren 9an egingo dira saio horiek, bai eta 2027ko urtarrilaren 13an eta otsailaren 10ean ere, 18:00etan.

Programazioaren barruan sartzen da Arte eta Memoria Tailerra ere. Ekimen horrek, azaldutako obren behaketa, azterketa eta interpretaziotik abiatuta, proposatzen du eguneroko memoria lantzea narriadura kognitiboa prebenitzeko tresna gisa. Azaroaren 6an, 13an eta 20an egingo da, 12:00etan.

Familiek aukera izango dute artistaren margolanak modu partekatuan ezagutzeko eta gozatzeko bereziki diseinatu diren tailer didaktiko batzuetan parte hartzeko. Jarduera horiek honako egun hauetan egingo dira: azaroaren 14an eta 28an, abenduaren 12an eta 19an, urtarrilaren 16an eta 23an, eta otsailaren 13an eta 27an.

Beste alde batetik, haur eta gazteek eurentzako proposamen bereziak izango dituzte, hala nola On the Road: 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ingelesezko tailerra, artearen bidez sormena sustatzen duena. 2026ko azaroaren 8rako eta abenduaren 13rako eta 2027ko urtarrilaren 31rako dago aurreikusirik tailer hori. Era berean, Laino Artean jarduerak esperientzia berritzaile bat eskainiko du, artea, teknologia eta sormena uztartzen dituena, 10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat. 2026ko azaroaren 15ean eta 22an eta 2027ko otsailaren 14an eta 21ean egingo dira saioak.

Horrez gainera, Rekalde Aretoak talde bakoitzari egokitutako bisita- eta jarduera-programa bat jarriko du ikastetxe, elkarte eta kolektiboen eskura, eta, horri esker, ibilbide pertsonalizatuak diseinatu ahal izango dira, bakoitzaren interesen eta premien arabera. Proposamen horiez baliatzeko, eskaera egin beharko da aldez aurretik.


Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp