2025(e)ko abenduaren 18(a) 12:30

Ogasunak errentaren gaineko zergaren simulatzailea jarri du abian, zerga-pizgarri berriak sartuta

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak errenta-aitorpenaren simulatzailea jarri du zergadunen eskura. Tresna erraza eta erosoa da, eta 2025eko ekitaldiko aitorpena aldez aurretik kalkulatzea ahalbidetzen du. Simulatzailea web formatuan dago erabilgarri aldundiaren web orrian: www.bizkaia.eus.

Joan den asteazkenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko zergadunek erabilgarri daukate 2025eko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpenaren simulatzailea. Programa horrek, iaz, aurreko laguntza-programa ordeztu zuen —hartarako, aurrez fitxategi bat deskargatu behar zen—, eta orain guztiz lineako aplikazioa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik, Foru Ogasunaren webgunetik eta Zerga Ataritik sar daiteke bertara.

Tresna horren helburua da Bizkaiko zergadunei erraztasunak ematea 2025eko errenta-aitorpenaren simulazioak egin ditzaten, eta horrek aukera ematen die hurrengo kanpainaren emaitza aldez aurretik kalkulatu eta planifikatzeko. Ekitaldi honetan garrantzi berezia hartu du, joan den apirilean onetsitako zerga-berrikuspenetik eratorritako kenkari berriak indarrean sartu ondoren.

Simulatzaileari esker, erabiltzaileek, ekitaldia itxi aurretik, zerga-plangintzako hainbat aukera azter ditzakete. Besteak beste, etxebizitza-kontura ekarpenak egitea edo ohiko etxebizitza erosteko mailegua amortizatzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ekarpenak egitea edo, jarduera ekonomikoren bat egiten dutenen kasuan, I+G+b proiektuak edo kultura sustatzeko proiektuak finantzatzeko kontratuak formalizatzea.

Abian jarri eta lehen 24 orduetan, 598 pertsona sartu dira errentaren simulatzailera (iaz tarte berean 232 izan ziren) eta 2.061 simulazio egin dira, eta horrek agerian jartzen du tresna horrek interesa piztu eta harrera ona izan duela Bizkaiko zergadunen artean.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp