Berriak
2023(e)ko uztailaren 26(a) 10:33
Megalitoak erakusketak otsailaren 4ra arte lehenengo eremu sakratuei buruzko misterioak erakutsiko ditu Arkeologi Museoan
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
‘Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak’ izeneko erakusketa foru museoan egongo da 2024ko otsailaren 4ra arte. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako trikuharrietan, zistetan, menhirretan, harrespiletan eta tumuluetan egindako ikerketa arkeologikoetan aurkitutako 150 jatorrizko pieza erakutsiko dira. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoak sustatu eta koordinatu du, eta erakusketaren helburua da beste museo batzuetara ere joatea. Juan Carlos López Quintana, Josean Mujika eta Javier Fernández Eraso historiaurrelariek komisariatu eta dokumentatu dute. Urriaren 1etik aurrera jarduera osagarriak egingo dira, besteak beste bisita gidatuak, topaketak eta familiarekin batera egiteko tailerrak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ibilbide historikoak programaren esparruan, erakusketa piezen jatorrizko leku batzuetara eramango da, eta bisitak egingo dira Mundakako Katillotxu trikuharrietan abuztuan. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.
de Ibarra, Garcia Camino, López Quintana, Mujika eta Fernández Eraso
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, gaur goizean aurkeztu du Bizkaiko Arkeologi Museoaren aldi baterako erakusketa berria: ‘Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak’. Bertan egon dira baita ere Iñaki García Camino museoko zuzendaria eta Juan Carlos López Quintana, Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzailea, Josean Mujika, UPV/EHUko historiaurreko irakaslea, eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendaria, eta Javier Fernández Eraso, katedraduna, hirurak ere erakusketaren komisarioak. Erakusketa foru museoan egongo da 2024ko otsailaren 4ra arte. Bertan, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako trikuharrietan, zistetan, menhirretan, harrespiletan eta tumuluetan egindako ikerketa arkeologikoetan aurkitutako ehun pieza baino gehiago erakutsiko dira.
Erakusketan askotariko 150 pieza jatorrizko baino gehiago daude, eta beraien jatorriak hauek dira: Gordailua (Gipuzkoako Material Arkeologiko eta Paleontologikoak Biltzeko Zentroa), BIBAT (Arabako Arkeologia Museoa), Nafarroako Gobernuaren Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atala, Jose Migel Barandiaran Fundazioa eta Arkeologi Museoa bera. Hala, foru museoak sustatu eta koordinatuta, erakusketa honen xedea da inguruko bestelako museo batzuetara ere joatea.
‘Megalitoak’ erakusketa denboraren eta historiaren bidez aparteko bidaia bat egiteko gonbidapena dela nabarmendu du Kultura zuzendariak. Hala, de Ibarrak azpimarratu duenez, "Megalitoak inguruko herrien erreferenteak izan ziren bezala, museo hau Bizkaiko arkeologiaren erreferentea ere bada; izan ere, Bizkaiko ondare arkeologikoa zaindu eta gordetzen du. Arkeologi Museoa gure arkeologiaren historiarentzako ezinbesteko babeslekua da, non iraganeko ezagutza gorde, ikertu eta hedatu egiten baita eta nortasun kulturala babestu egiten baita, etorkizuneko belaunaldientzako. Megalitoak antzinatasunaren lekuko isilak diren bezala, museoak Bizkaiko memoria historikoaren zaindari gisa jarduten du".
Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte, zehazki euskal mendietan, non emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten, eta lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintza zonak, basoak, eta nagusiki, inguru naturalean ezarri zituzten monumentu megalitikoak.
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratzen da, garai horretan eraiki baitzituzten megalitoak. Aldi berean, erakusketak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horien neurriak azaltzen ditu eta zertarako eraiki ziren erakusten du: lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak dira, beste batzuen artean.
Erakusketako zenbait pieza bereziki aipatzekoak dira, besteak beste askotariko tipologiako sei hilarri, trikuharri batzuetako ganberetan aurkitu zituztenak. Gehienak lauza sinpleak dira, dekoratu gabeak, salbu eta Guardiako Alto de la Huesera (Araba) trikuharria, lerro ebakidunekin eta sastakai batekin, eta Mundakako (Bizkaia)Katillotxu V trikuharriko buruaren beste lauza batean Palmela motako punta bat dago grabatuta.
Askotariko material eta tamainako aizkora leunduak ere ikusi ahalko dira. Horien artean, nabarmentzekoa da Diman (Bizkaian) aurkitu zen eta jatorri alpetarra duen bat. Bestelako apaingarriak ere ikusiko ditugu, besteak beste hezurrez, boliz, koralez, haitz kristalez edo lignitoz egindakoak, eta Larrarte, Trikuaizti (Gipuzkoa), Alto de la Huesera (Araba), Katillotxu, Errekatxuetako Atxa (Bizkaia) eta Obioneta (Navarra) trikuharrietakoak direnak eta urrutitik iritsi zirenak. Horrek esan nahi du, trukeak egiten zituztela eta komunikazio bideak ezarrita zituztela urrutiko lurraldeekin.
‘Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak’ erakusketan Zorroztari (Idiazabal, Gipuzkoa) eta Alto de la Huesera (Guardia, Alava) trikuharrietako urrezko pieza txiki batzuk ere ikus daitezke; silex eta metalezko armak, besteak beste Areatzako (Galdames, Bizkaia) mihi sastakaia, Iruzubietako (Markina) eta Santamañazarreko (Zaldibar) aizkorak, edo Iruñeko, Zuñigako (Nafarroa) edo Los Husoseko (Araba) Palmela puntak, Katillotxu Bizkaiko trikuharrian grabatu zituztenen antzekoak; eta zeramikazko ontziak, hala nola kanpai-formako edalontzia edo Sotilloko katilua, oso apainduak, eta duela 4.000 urte baino gehiagoko gerra elkartearen arma bildumaren parte zirenak.
Gainera, erakusketa osatzeko hiru bideo aurkeztuko dira. Horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dauden mota horietako 1.000 monumentu baino gehiago, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan gertatu ziren paisaiaren eraldaketak deskubritu ahal izango ditugu, eta XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana aitortzen da bideoetan baita ere.
Jarduera osagarriak
Arkeologi Museoak erakusketa osatuko du jende guztiarentzako askotariko jardueren bitartez. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.
Bisita gidatuak eskainiko dira erakusketaren xehetasunak ezagutzeko urriaren 1etik aurrera. Familientzako tailerrak ere eskainiko dira azaroko igande guztietan. Jarduera "Harri erraldoien artean" deitzen da, eta bere helburua da, jarduera ludiko baten bitartez erakusketa bisitatzea, eta gizakien ekintzaren ondoriozko paisaiaren eraldaketari buruz hausnartzea.
Juan Carlos López Quintana, erakusketaren komisarioa eta Santimamiñeko indusketa arkeologikoen zuzendaria da, eta azaroaren 25ean hitzaldi bat emango du garai neolitikoari eta aztarnategi honen (EAEn erreferentea eta Gizateriaren Ondare dena) eta erakusketako trikuharrien arteko alderdi osagarriei buruz.
Horretaz gain, erakusketa erakusgai dauden materialen jatorrizko lekuetara hurbiltzeko, abuztuan Mundakako Katillotxu trikuharriak bisitatu ahal izango ditugu Foru Aldundiak antolatzen duen Ibilbide historikoak programaren esparruan.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp