12 DE ekaina DE 2026 13:56

Madrilen izango da, datorren asteartean, Bizkaia.Invierte enpresa-topaketa

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak enpresetako eta instituzioetako lider nabarmenak bilduko ditu, lurraldea inbertsio industrial, teknologiko eta energetikorako helmuga erakargarria kokatzen ari diren gakoak aztertzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak ekainaren 16an, asteartearekin, Bizkaia.Invierte enpresa-topaketa egingo du Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialean (COAM). Maila handiko hitzordu horretan, instituzioetako ordezkariak, enpresa-arduradun nagusiak, finantza-entitateak eta eragile ekonomikoak bilduko dira, lurraldearen lehiakortasuna eta inbertsioak erakartzeko gaitasuna bultzatzen ari diren faktoreak nabarmentzeko.

Jardunaldia Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek inauguratuko du, eta honako hauek hartuko dute parte: CEOEko presidente Antonio Garamendik, Telefónica Españako presidente exekutibo Borja Ochoak, Iberdrola Españako kontseilari eskuorde Mario Ruiz-Taglek, Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak, BBVA Españako country manager Peio Belausteguigoitiak, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok eta Ogasun eta Finantzen foru-diputatu Itxaso Berrojalbizek.

Topaketak inbertsiorako erreferentziako lurralde gisa proiektatuko du Bizkaia, eta enpresa, finantza-entitate eta inbertitzaileei erakutsiko die lehiakortasunerako zer indarguneri esker finkatu diren enpresa-ekosistema dinamiko eta berritzailea eta industriarako bokazio nabarmena.

Goizean zehar, hainbat gai jorratuko dira; besteak beste, enpresa-lehiakortasuna, berrikuntza, talentua, energia, digitalizazioa, finantzaketa eta zerga-sistemak enpresa-inbertsio eta -proiektu berriak bultzatzeko palanka gisa duen eginkizuna.

Lehenengo mahai-inguruan, Ainara Basurkoren zuzendaritzapean, aztertuko da nolako eginkizuna duen Bizkaiko ekosistema industrial, energetiko eta teknologikoak enpresa-proiektuak erakartzeko. Mahai-inguru horretan, Iberdrolako Mario Ruiz-Taglek eta BBVAko Borja Ochoak parte hartuko dute, eta bakoitzak lurraldean enpresa-lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzen dituzten faktoreei buruz duen ikuspegia azalduko du.

Ondoren, Itxaso Berrojalbizek fiskalitateari, finantzaketari eta inbertsioari buruzko elkarrizketa bat moderatuko du, Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrarekin eta BBVA Españako country manager Peio Belausteguigoitiarekin batera. Elkarrizketa horretan aztertuko dute nolako zeregina duen instituzioen eta enpresen arteko lankidetzak lehiakortasuna, berrikuntza eta trantsizio energetikoa bultzatzeko.

Bizkaia.Invierteren helburua da balio erantsi handiko arloetan ekonomia-jarduera, talentua eta inbertsioa erakartzeko gaitasuna indartzea, hala hazkunderako eta enplegurako aukera berriak sortzeko.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp