2023(e)ko azaroaren 09(a) 09:00

Foru Aldundiko suhiltzaileek Bizkaiko hirigune historikoetan sutea izanez gero erantzuteko modua probatuko dute

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Azaroan eta abenduko lehenengo egunetan, Iurreta, Markina-Xemein, Arratzu eta Zallako suhiltzaile-etxeetako txanda guztietako langileek sute-maniobra errealistak egingo dituzte, Durango, Lekeitio, Elantxobe eta Balmasedako hirigune historikoetan. Entrenamendu horiek udalen laguntzarekin diseinatu dira, eta suteen aurkako segurtasunaren lehentasunezko zenbait alderdi lekuan bertan praktikan jartzeko aukera emango dute, hala nola ibilgailu astunak sartzea eta kokatzea, autoeskailerak kokatzea, hidraulika espazio konplexuetan erabiltzea edo eskuzko eskailerak erabiliz erreskateak egitea, besteak beste. Maniobretan lortutako datuekin, entrenamenduaz gainera, egun dagoen informazioa hobetuko da; hala, Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko agintariek eta Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko zentroak erabakiak arin hartu ahal izango dituzte benetako larrialdia izanez gero.

Simulakroa Durangon

Bizkaiko lau hirigune historiko entrenamendu-esparru pribilegiatua izango dira, azaroan eta abenduaren hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) suhiltzaileentzat.

Durango, Lekeitio, Elantxobe eta Balmaseda dira lehen udalerriak, non Bizkaiko suhiltzaileek beren erantzuna probatuko duten udalerri horietako hirigune historikoetako eraikin batean sutea izanez gero. Lau udalerri horiek beren ezaugarriak direla-eta erantzun operatiboan hobekuntzak ezartzeko oinarri gisa erabil daitezkeelako hautatu dira.

Hala, horietako bakoitzean, ondoz ondoko sei egunean, astelehenetik larunbatera, etxebizitza-sute baten simulazioan parte hartuko dute suhiltzaileek. Sutea etxebizitza batean gertatuko da, sarbide zaileko puntu batean, ondoko eraikinetara zabaltzeko arriskuarekin, eta gertuen dagoen suhiltzaile-etxeko itzaltze-taldeek lehenengo erantzuna lurrean bertan entrenatu ahal izango dute. Azaroan, Iurreta, Markina-Xemein, Arratzu eta Zallako suhiltzaile-etxeei dagokie entrenamendu horiek egitea, eta txanda guztiek parte hartuko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile-zerbitzuko lantaldeek maniobren egutegi zorrotza egiten dute egunero, eta horri esker, aurre egin behar dieten esku-hartze mota guztietan behar den trebetasun-mailari eusten diote. Entrenamendu horiek suhiltzaile-etxe bakoitzeko instalazioetan egin ohi dira, baina aurten benetako esku-hartzearen inguruneetan maniobrak egiten hasi dira, larrialdietan erantzuna hobetzen jarraitzeko.

Durangoko hirigune historikoa, entrenamenduen lehen agertokia

Iurretako suhiltzaile-etxeko suhiltzaileak aste honetan bertan hasi dira maniobrak egiten. Egunero, astelehenetik larunbatera, etxebizitza-eraikin batean egoera jakin eta desberdin bati aurre egin behar dion txanda batek parte hartuko du. Entrenamenduak suhiltzaile-etxean hasiko dira, eta han hartuko dira lehenengo erabakiak. Ondoren, suhiltzaileak esku hartzeko eremura joango  dira, eta maniobra ia bi orduz egingo da, 12: 00etatik 14: 00etara.  

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) arduradunek nabarmendu dutenez, larrialdiei aurre egiten dieten pertsonak zenbat eta prestatuago dauden eta esku hartzeko eremuak zenbat eta hobeto ezagutzen duten, orduan eta denbora laburragoa beharko da erantzuteko, eta esku-hartzeei buruzko hasierako erabakiak efizienteagoak izango dira. Halaber, baliteke arrisku-egoerak detektatzea eta halakoetan prebentzio-neurriak hartzea. Ondorioetan ikusiko dute.

Erantzun hobea emateko funtsezko entrenamenduak

Hirigune historikoetako etxebizitza-suteak egoera bereziki konplexuak dira larrialdi-zerbitzuetarako, hainbat faktorek bat egiten baitute (kamioiek sartzeko duten zailtasuna, ur-horniduraren mugak, ekipoekin maniobrak egiteko zailtasuna, eraikin zaharren pilaketagatik etxebizitzen eta eraikinen artean sua zabaltzeko arrisku handiagoa, etab.). Horregatik, funtsezkoa da hasiera-hasieratik erantzun efikaza ematea.

Helburu horrekin, suhiltzaileen foru-zerbitzuak hirigune historikoetako suteen entrenamendu-ziklo bat sartu du urteko maniobra-egutegian. Ziklo horretan, lehen fasean, aipatutako lau  suhiltzaile-etxeetako txanda guztiek hartuko dute parte.

Entrenamendu horiek udalekin batera diseinatu dira, eta egunero egingo dira hirigune historiko bakoitzeko puntu desberdin batean, taldeek ahalik eta egoera eta leku gehienei aurre egin diezaieten. Hirigune horietan, besteak beste, alderdi hauek entrenatuko dira: ibilgailu astunak sartzea, autoeskailera behar bezala kokatzea sua estalkian zehar zabaltzea sahiestea, pertsonak eskuzko eskailerekin erreskatatzea, instalazio hidraulikoak espazio konplexuetan erabiltzea (karkabak, maldak, etab.), ur-hornidura, etab.

Prestakuntzaz gainera, maniobrak egunero puntu desberdin batean egiteak aukera emango du datu asko lortzeko eta prebentzio operatiboaren analisi bat egiteko, lehendik dagoen informazioa hobetzeko. Hala, PSZko agintariek eta Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko zentroak erabakiak arin hartu ahal izango dituzte benetako larrialdia izanez gero.

Ondorioz, datozen asteetako esperientziari esker, zenbait alderdiri buruz eskuragarri dagoen informazioa eguneratu ahal izango da; hona alderdiok: larrialdietako ibilgailu mota bakoitzerako irisgarritasuna; itzaltze- eta salbamendu-tekniketarako erreferentzia-puntuak; ur-hornidurarako lehentasunezko puntuak, eta bereziki kalteberak edo arriskutsuak diren puntuak.

Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua dagoeneko egiten ari den 2024ko maniobren egutegiak aurreikusten du antzeko maniobrak egitea Bizkaiko Lurralde Historikoko hirigune historikoetan.


Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp