2026(e)ko irailakren 15(a) 09:49

Tributu itunduen bilketak % 2,7 egin du gora abuztura arte

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Tributu itunduak direla eta, 6.831,0 milioi euro bildu dira abuztura arte, hau da, 2025ean epe berean bildurikoa baino 182,6 milioi euro gehiago; beraz,% 2,7 egin du gora zerga-bilketak. Datu hori 2026ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako tributu-sarrera guztien % 62,7 da (10.891 milioi euro).

Zuzeneko zergapetzeak bilakaera positiboari eutsi dio, % 6,6 gehiago bildu baita; zeharkako zergapetzeak, berriz, % 1,9 egin du behera.  Tasak eta bestelako sarrerak % 18,1 hazi dira.

Zuzeneko zergapetzeak aurreko hilabeteetako portaera onarekin jarraitzen du, eta 3.846,9 milioi euroko ekarpena egin du, hau da, 238,6 milioi euro gehiago iazko aldi beraren aldean; hau da, % 6,6ko igoera izan du. Datuak PFEZaren kanpainaren emaitza positiboa adierazten du (kuota diferentziala % 17,2 hazi da), baita Ondarearen gaineko Zergarena ere (% 20,7 hazi da).

Atxikipenei dagokienez, datu positiboak dituzte oraindik ere lanaren gainekoek (+% 4,8), kapital higiezinaren gainekoek (+% 2,9) eta, batez ere, ondare-irabazien gainekoek (% 65,4 hazi dira). Alde negatiboan, hauek daude: batetik, kapital higigarriaren gaineko atxikipenak –berriro jaitsi dira, kasu honetan % 4,4–, eta, bestetik, sarienak, zeinak 6,8 milioi izan baitira –aurreko ekitaldian 42,6 milioi bildu ziren–. Zenbateko horiekin, PFEZ osoa % 5,4 hazi da (+141,8 milioi euro); sozietateen gaineko zergaren kasuan, berriz, zeinaren kuota diferentziala % 11,1 igo baita, zergaren kanpainan sartu beharreko kuotak aurkeztu ondoren, % 12,1 hazi da (+79,4 milioi).

Aurrekoaz gain, zuzeneko zergapetzean izandako datu positiboak osatzen dituzte ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak (+% 3,8), kreditu-entitateen gordailuen gaineko zergak (+% 4,6) eta interes eta komisioen marjinaren gaineko zergak (+% 33,3). Bitartean, behera egiten jarraitzen dute oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak (–% 10,3) eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergak (–% 20,1), Ekialde Hurbileko krisiari aurre egiteko hartutako neurriek eraginda.

Zeharkako zergapetzeari dagokionez, abuztura arte 2.361,5 milioi euro bildu dira, 2025ean baino 44,7 milioi gutxiago; hau da, zerga-bilketan % 1,9ko jaitsiera izan da. Horrela, jarraitu egiten du krisiaren aurkako neurrien eraginpean dauden zergen beherakadak: BEZa (–% 3,3), hidrokarburoen gaineko zerga (–% 14,2) eta elektrizitatearen gaineko zerga (–% 22).

Abuztuan, garagardoaren gaineko zergak (–% 3,1) eta ondare-eskualdaketen gaineko zergak (–% 2,8) ere behera egin dute.

Aitzitik, honako hauek zifra positiboak dituzte: alkoholaren gaineko zergak (+% 2,4), tabakoaren gaineko zergak (+% 2,7), finantza-transakzioen gaineko zergak (+% 28,3), zenbait garraiobideren gaineko zergak (+% 12,1), aseguru-primen gaineko zergak (+% 5,3) edo joko-jardueren gaineko zergak (+% 20,9).

Tasak eta beste diru-sarrera batzuk 52,1 milioi euro dira, hau da, 2025eko aldi berean baino 7,9 milioi euro gehiago. Joko-tasak % 0,8 jaitsi dira, baina hori konpentsatu egiten du premiamendu-errekarguen (+% 50,3) eta berandutze-interesen (+% 31,3) bilakaera positiboak.

Hilabete honetan ez da egin egokitzapenen ondoriozko fluxurik, ez Aldundien artean, ez Estatuarekin; beraz, uztailean adierazitako zenbatekoek beren horretan diraute. Horrek esan nahi du Kudeaketa Propioko Tributu Itunduen kopurua % 3,3 hazi dela abuztura arte, eta tributu itunduen kopurua, guztira, ohar honen hasieran aipatutako % 2,7 igo dela.