Berriak
2026(e)ko urriakren 21(a) 18:01
Gernika-Lumoko RK Solutions ETE teknologikoak lau urtean 3.500 bezero izatetik 60.000 izatera igarotzeko plana aurkeztu du
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ekonomia Sustatzeko Saila
Enpresa txiki eta ertainentzako eta langile autonomoentzako softwarean espezializatutako enpresak bere hedapen-planak aurkeztu ditu Bizkaiko ahaldun nagusi den Elixabete Etxanobek enpresaren 20. urteurrena dela-eta egindako bisitan. Izan ere, xedea enplegu kualifikatua sortzen eta talentua Busturialdea-Urdaibaira erakartzen jarraitzea izanik, lau urtean 4 profesional izatetik 80 izatera igaro da RK Solutions
Elixabete Etxanobe RK Solutions-en
Elixabete Etxanobe: "Eskualde guztietan aukerak egongo diren Bizkaia bat nahi dugu. Gazte batek bere etorkizun profesionala hazi den lekutik gertu imajinatu ahal izatea"
Egoitza nagusia Gernika-Lumon duen RK Solutions enpresa teknologikoak hedapen-plan handizalea aurkeztu du gaur. Horren bidez, egungo 3.500 bezerotik 60.000 bezerora igaro nahi du hurrengo lau urteetan, eta bere bezero-zorroa 17 aldiz baino gehiagoz biderkatuko da. RK Solutions enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako kudeaketa-eta fakturazio-softwarearen garapenean dago espezializatuta, eta tarteko helburu gisa ezarri du bi urtean 30.000 bezero izatea eta Estatu osoan % 2ko merkatu-kuota lortzea. Hala, adierazi du interesa duela Gernika-Lumotik hedatzen jarraitzeko. Horrela, enplegu kualifikatua sortuko dute, talentua erakarriko dute eta Busturialdea-Urdaibaiko ekonomia-garapenari lagunduko diote. Plan horiek Bizkaiko ahaldun nagusi den Elixabete Etxanobek enpresaren 20. urteurrena dela-eta instalazioetara egindako bisitan ezagutarazi dira.
Etxanobek RK Solutionsen ibilbidea nabarmendu du, enpresa txikiek lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzeko duten ahalmenaren adibide gisa. “RKren esperientziak erakusten digu txikia zaintzea ere Bizkaiaren etorkizuna eraikitzeko modu bat dela. Gure enpleguaren, jardueraren eta gure zerbitzu publikoei eustea ahalbidetzen duen aberastasunaren funtsezko zati bat enpresa txiki eta ertainetan sortzen da”, adierazi du. Era berean, Busturialdea-Urdaibaiko garapen ekonomikoa bultzatzearen garrantzia azpimarratu du eta pertsonei etorkizun profesionala bertan garatzen laguntzea. “Eskualde guztietan aukerak egongo diren Bizkaia bat nahi dugu. Gazte batek bere etorkizun profesionala hazi den lekutik gertu imajinatu ahal izatea”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, "garrantzitsua da dagoeneko hemen dauden enpresei laguntzea eta ekimen berriei lekua irekitzea. Aukerak dibertsifikatzea. Prestakuntza behar profesionalekin lotzea”. Eta nabarmendu du “RK-k adibide zehatz bat ematen duela: enpresa batek bere merkatua handitu dezake eta Gernikan bere proiektuaren erdigunea mantendu”.
John Pollock RK Solutionseko CEOak ere azpimarratu du enpresen hazkundeak eskualdean aukerak sortzearen garrantzia. «Hazten jarraitu nahi dugu. Eta hazkunde hori ere hemen geratzea nahi dugu. Gazteek beren familietatik gertu lan ona aurkitu ahal izatea. Egin dezatela beren etorkizuna hemen, beren lurrean. Merezi dute. Eta zor diogu», adierazi du. Era berean, Busturialdea-Urdaibaiko talentua eta garapen ekonomikoa bultzatzeko enpresen, erakundeen eta prestakuntza zentroen artean lan egiteko beharra nabarmendu du.
RK Solutions Busturialdea-Urdaibaitik bultzatutako enpresa-eraldaketaren eta hazkundearen adibide da. Enpresa duela hogei urte sortu zen Gernika-Lumoko informatika-denda txiki gisa, eta bere software-soluzioak garatu eta bere produktuak batez ere Espainiako merkatuan merkaturatzen dituen teknologia-enpresa bihurtu da. Haren hedapena bereziki bizkortu da azken lau urteetan, aldi horretan lau langile izatetik 80 profesional inguruko plantilla izatera igaro baita. Egoitza Madrilen ere badu, baina egoitza nagusia eta jarduera-zentro nagusia Gernika-Lumon ditu, eta hortik jarraitu nahi du lantaldea handitzen eta hazten.
La Manzana: Urdaibain milaka negoziotarako garatutako teknologia
RK Solutionsen hazkunde-eragile nagusia La Manzana da, bere kudeaketa- eta fakturazio-software propioa, zeina enpresa txiki eta ertainen eta profesional autonomoen eguneroko jarduera sinplifikatzeko garatu baita. Tresnak administrazio- eta fakturazio-prozesuak digitalizatu eta arintzen ditu, zerga-betebeharrak betetzea errazten du eta negozio bakoitzaren beharretara egokitutako soluzioak eskaintzen ditu.
Gaur egun, software horren bidez 100.000 faktura inguru egiten dira egunero, eta bezeroek sortutako fakturazioaren zenbateko osoa bi milioi eurokoa da egunean. Gernika-Lumon garatutako soluzio teknologikoak zerbitzua ematen die milaka negoziori, eta zifra horiek soluzioaren hedadura islatzen dute
Enpresak lanean jarraitzen du bere produktuen bilakaeran eta adimen artifizialean oinarritutako soluzio berrien garapenean, bere funtzionaltasunak handitzeko, bezeroen behar berriei erantzuteko eta merkatuan duen posizioa indartzeko. Berrikuntzaren aldeko apustu hori da bere hedapen-estrategiaren oinarrietako bat, eta, horrekin, RK Solutionsek fakturazioa nabarmen handitu nahi du.
Gernikatik haztea, Busturialdea-Urdaibain enplegua sortzeko
Busturialdea-Urdaibairekiko konpromisoa RK Solutionsen enpresa-proiektuaren funtsezko elementuetako bat da. Azkar hedatu arren eta estatuko merkatu osoan jardun arren, enpresak egoitza nagusia Gernika-Lumon mantendu du, eta bere hazkundeak enplegu-aukera berriak, jarduera ekonomikoa eta eskualdean aberastasuna sortzea ekarri nahi du.
Urdaibaira talentu teknologikoa erakartzeko gune gisa finkatu nahi du enpresak. Helburua da eskualdeko pertsonei aukera profesionalak eskaintzea beren ibilbidea garatu ahal izan dezaten beste lurralde batzuetara joan beharrik gabe, eta, aldi berean, Busturialdea-Urdaibain ezarri eta lan egin nahi duten kanpoko profesionalak erakartzea.
Horrela, RK Solutionsek enplegu kualifikatua sortzeko, tokiko talentua fidelizatzeko eta profil profesional berriak erakartzeko gai izango den enpresa-ingurunea sortzen lagundu nahi du. Horren hazkundeak erakusten du eskualdeak balio erantsi handiko jarduera teknologikoak hartzeko, ekoizpen-sarea dibertsifikatzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko duen ahalmena.
RK Solutionsen ibilbideak garrantzi berezia du, eremu horren garapen ekonomikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunetako bat baita. Foru-erakundeak enpresari lagundu dio ibilbidearen askotariko etapatan eta, Eusko Jaurlaritzarekin, udalekin eta toki-eragileekin lankidetzan, Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa sustatzen du, zeinaren xedea baita lurraldearen etorkizuneko aukerak indartzea, enplegua sortzea, eta enpresa-lehiakortasuna nahiz jarduera ekonomikoa sendotzea.
Talentuaren kudeaketan ere berrikuntza nagusi
Garapen teknologikoaren aldeko apustua egiteaz gain, RK Solutions enpresaren bereizgarri nagusietako bat da pertsonak kudeatzeko duen eredua. Izan ere, enpresa-kulturaren erdigunean jarri ditu langileen ongizatea, motibazioa, aniztasuna eta garapen profesionala, benetan sinesten baitu talentua erakarri eta fidelizatzea dela berritzen eta hazten jarraitzeko giltzarria.
Filosofia horren erakusgarri, zenbait ekimen antolatu dituzte langileen ongizate fisiko zein emozionala hobetze aldera. RK Solutionsek bere langileen gimnasioa finantzatzen du eta eskaintzen du ordutegiak moldatzeko aukera, entrenatzera joan daitezen. Horrez gain, langileek arreta psikologikoa behar dutenean, kostuaren erdia ordaintzen du enpresak, osasun mentalaren zaintzarekin duen konpromisoari eutsiz.
Halaber, langileen eta zuzendaritzaren arteko zuzeneko komunikazioa ere sustatzen du enpresak; zenbait ekimen antolatzen ditu horretarako, hala nola Kafea CEOarekin izenekoa, non edozein langilek galderak, zalantzak eta proposamenak helarazi diezazkieke zuzenean enpresako arduradunei.
Aipatutako kudeaketa-ereduak oinarritzat hartzen ditu pertsonen zaintza, konfiantza nahiz hurbiltasuna, eta, enpresaren ustez, hori oso lagungarria izan da langileek konpromiso- eta fidelizazio-maila handia erakusteko. RK Solutionsen langileen oso txandakatze txikia dago eta absentismo-indizea % 0,5ekoa da; enpresak argi dauka adierazle horiek lotura estua dutela bertako lantaldeen motibazioarekin eta ongizatearen alde egindako apustuarekin.
Aniztasuna da ETE teknologiko horren bereizgarrietako bat. Ia langileen erdia emakumeak dira, eta enpresan hamabost nazionalitatetako pertsonek egiten dute lan; hortaz, egunerokotasunean hamar hizkuntza desberdin erabiltzen dira. Errealitate horrek argi islatzen du enpresa-kulturak konpromiso irmoa duela aukera-berdintasunarekin eta plantillan profesional onenak izatearekin, haien generoa edo jatorria edozein dela ere.
Berrikuntza teknologikoaren eta talentuaren kudeaketaren alde egindako apustu bikoitzaren bidez, RK Solutionsek hedapen-etapa berri bati ekin dio, zeinetan Estatuko merkatuan hazten jarraitu nahi baitu, baina betiere Busturialdea-Urdaibai eskualdearekin duen loturari eutsiz; hala, lagundu nahi du lanpostu onak sortzen, jarduera ekonomikoa bultzatzen eta oro har eskualdea garatzeko aukera berriak sustatzen.