2026(e)ko martxoakren 27(a) 10:39

ELGAk Bizkaia aitortu du GovTech-en, datuen eta berrikuntzaren arloko eredu global gisa

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Argitaratu duen txosten batean nabarmendu ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren heldutasun digitala eta gobernu digital aurreratu bat finkatzeko duen gaitasuna. Txostenak sendotasunak identifikatu ditu gobernantzan, talentuan, zerbitzu publikoetan eta GovTech-en, eta estrategiak proposatu ditu arrakasta horiek lurralde osora zabaltzeko.

Bat Dorrea, gaur

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) Bizkaiko Foru Aldundiaren heldutasun digitala ebaluatu du, eta ondorioztatu du lurraldea posizio bikainean dagoela gobernu digital aurreratu bat finkatzeko. Nabarmendutako faktoreen artean, txostenak hauek azpimarratu ditu: Bizkaiko industriaren ekosistema berritzailea, haren gaitasun instituzionala, entitatearen autonomia fiskala eta transformazio teknologikoari emandako lehentasun politikoa.

Txostenak funtsezko lau arlo analizatu ditu: gobernantza eta talentua, datuak eta adimen artifiziala (AA), zerbitzu publikoen diseinua eta GovTecha. ELGAk aitortu du Bizkaiak badituela oinarri sendoak hala nola: koordinazio instituzional eraginkorra eta esperimentazio teknologikorako irekidura zabala, zeina barruko hornitzaile teknologikoak berak babesten baitu. Sendotasun horietatik abiatuta, ELGAk zenbait abagune adierazi ditu Bizkaiaren arrakastak administrazio eta lurralde osora zabaltzeko:

GovTech-en arloko lidergoa
Bizkaia aitzindari globala da startupekin eta ekintzaileekin GovTech Lab-en bidezko lankidetza egituratuan. Txostenak gomendatzen du GovTech-a aurrekontuen plangintzan integratzea eta kontratazio publikoko eredu berritzaileak zabaltzea, ETEentzako oztopoak murrizteko eta konponbide arrakastatsuetan gora egiteko.

Trantsizioa: pilotuetatik AAren erabilera orokortura.
Aldundia dagoeneko arrakastaz aplikatzen ari da adimen artifizialeko proba pilotuak, adibidez, zerbitzu sozialetan eta garraioaren analisian. ELGAk gomendatzen du aurrera egitea AArako komuna den gobernantza-eredu baterantz, arriskuko kontrol etikoekin eta gardentasuna eta herritarren konfiantza indartzen dituen sistemen inbentario publiko batekin.

Pertsonak ardatz dituzten zerbitzu publikoak
Bizkaia aurrera doa eredu omnikanal baterantz, zeinak kanal digitalak eta gizakien aurrez aurreko laguntza eta telefono bidezkoa konbinatzen baititu. ELGAk orobat gomendatzen du estrategia hori partekatutako zerbitzu estandarren bidez finkatzea eta erabiltzailea ardatz duten diseinu-gaitasunak hobetzea.

Datuen gobernantza eta talentu digitala
Besteak beste, Open Data Bizkaia, GeoBizkaia eta  Data Academy oinarri sendoak dira. Areago sendotzeko, txostenean zenbait iradokizun egiten dira: elkarreragingarritasun-ereduak berrikustea, datuen gobernantza finkatzea eta talentu digitaleko estrategia integral bat aplikatzea, plantilla publikoen zahartzeari erantzunez etengabeko jakintza sustatzeko.

Aldundiaren konpromisoa

Analisi hori ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du administrazio bizkor, garden eta herritarren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako batekin duen konpromisoa, teknologiaren erabilera etiko eta efizientearen bidez. Diagnostiko honek, dagoeneko dauzkagun sendotasunak finkatzea ahalbidetu ez ez ezik, aukera ematen du abagune estrategikoak identifikatzeko, zerbitzu publikoetan berrikuntza sustatzen jarraitzeko, adimen artifizialaren aplikazioa modu arduratsuan bultzatzeko eta datuen gobernantza eta talentu digitala sendotzeko.

Ekintza horien bidez, Bizkaia aurrera doa gobernu hurbilago, parte-hartzaileago eta inklusiboago baterantz, non eraldaketa digitala tresna bihurtzen baita lehiakortasuna, kohesio soziala eta lurraldearen jasangarritasuna sustatzeko, eta beti ere herritarrak erabaki eta politika publiko guztien erdian daudelarik.