Berriak
2026(e)ko irailakren 23(a) 12:04
Herriak mila urte lurrean erakusketa Bizkaiko Arkeologia Museora iritsi da Erdi Aroko herrixkak nola sortu ziren erakusteko
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Bizkaiko Arkeologia Museoan ikusgai dago erakusketa, BIBAT Arabako Arkeologia Museoak ekoitzia, eta Bizkaian egindako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak gehitu dizkiote, Erdi Aroko landa-komunitateek VIII. eta XV. mendeen artean izan zuten bilakaera azaltzeko. Erakusketa urtarrilaren erdialdera arte ikusi ahal izango da.
Herriak
Bizkaiko Arkeologia Museoak Herriak mila urte lurrean / Aldeas, mil años en la tierra erakusketa aurkeztu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren zati handi baten paisaia eta lurralde-antolamendua eratu zuten Erdi Aroko herrixkak nola sortu ziren, nola eboluzionatu zuten eta nola transformatu ziren arkeologiaren bidez ezagutzera gonbidatzen duen proposamena.
Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputatuak, Etor Telleria Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendariak eta Iñaki Garcia Camino erakusketaren komisarioetako batek.
Erakusketa BIBAT Arabako Arkeologia Museoak ekoitzi du, Iñaki García Camino, Juan José Larrea Conde, David Larreina García eta Erneso Pastor Díaz de Garayoren komisariotzapean, eta Bizkaiko Arkeologia Museoan ikusi ahal izango da urtarrilaren erdialdera arte. Bizkaiko aurkezpenerako, jatorrizko erakusketaren planteamendu zientifiko eta museografikoari eutsi zaio, eta diskurtsoa handitu da Bizkaiko arkeologia-aztarnategietako materialekin, zeinek Erdi Aroko landa-komunitateei buruzko ikuspegi orokorra aberasten duten.
Leixuri Arrizabalagak nabarmendu duenez, “Erakusketa honek galdera errazak, baina oso garrantzitsuak egitera gonbidatzen gaitu: nondik gatozen, nola bizi ziren gure aurretik egon zirenak, eta zer jaso dugun haiengandik. Komunitate haiek, haien bizimoduak eta antolatzeko moduak ezagutzeak gure historiaren orri funtsezkoak osatzen laguntzen digu, eta gaur garen Bizkaia hobeto ulertzeko aukera ematen digu.”
Ikusgai dauden aztarnategi eta materialekin, Herriak mila ute lurrean / Aldeas, mil años en la tierra erakusketak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Erdi Aroko herrixka-komunitateen aniztasunaren ikuspegi zabala eskaintzen du, eta, era berean, haien sorreran eta bilakaeran egondako prozesu komunak identifikatzeko aukera ematen du.
Erakusketak egungo biztanlegune askoren jatorriari buruz eta komunitate horiek gaur egun ezagutzen dugun lurraldearen eraikuntzan izan zuten egitekoari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Erdi Aroko herrixken sorrerari buruzko erakusketa
Erakusketaren erdigunean, herrixkak sortu eta finkatu zireneko mendeak daude, bereziki, VIII. eta XV. mendeen artekoak, nahiz eta erakusketan ordezkatzen diren aztarnategietako batzuetan komunitate horiek Erdi Aroaren zati handi batean izan zuten bilakaeraren jarraipena egin daitekeen, gaur egunera arte, esaterako, Gasteizen edo Gorlizen.
Aztarna arkeologikoen, berreraikuntzen eta hainbat lekutatik datozen materialen bitartez, jendeak aukera izango du jakiteko nola antolatzen ziren komunitate horiek, nola antolatzen zituzten bizi- eta lan-eremuak, zer jarduera ekonomiko egiten zituzten eta nola eraldatu zuten lurraldea.
Apenas aztarnarik utzi zuten komunitateak ikusaraztea
Erakusketaren helburu nagusietako bat ikerketa arkeologikoak azken hamarkadetan izan duen aurrerapenari balioa ematea da. Goi Erdi Aroko herrixketako askok ez zuten ia monumentu-egiturarik eta eraikuntzak, nagusiki egurrez, lurrez eta bestelako material galkorrez eginak, zailak ziren identifikatzeko.
Indusketarako eta azterketa estratigrafikorako metodoak hobetzeari esker, gaur egun posible da aztarnak antzematea, hala nola, zutoin-zuloak, zimendu-zangak, sutegiak, siloak edo hobiak, eta aztarna horiek aukera ematen dute nekazaritza-komunitate horietako eguneroko bizitza berreraiki, eta haien antolaketa sozial eta ekonomikoa hobeto ulertzeko.
Etxe-multzo bat baino gehiago
Erakusketak erakusten du Erdi Aroko herrixkak etxebizitza-multzoak baino askoz gehiago zirela. Komunitate konplexuak ziren, nekazaritzaren bidez, abeltzaintzaren bidez, baso-baliabideen aprobetxamenduaren bidez, eskuzko eta metalurgiako ekoizpenaren bidez edo merkataritza-trukeen bidez ustiatzen eta eraldatzen zuten lurralde batean finkatuak.
Erakusketaren ibilbidean ikus daiteke giza-kokagune batzuk herrixka egonkor bilakatu zirela, beste batzuk beren espazioak eliza eta hilerrien inguruan berrantolatu zituztela, eta zenbait biztanlegune lekuz aldatu zirela, edo desagertu, haien lurrak erabiltzen jarraitu baziren ere.
Era berean, parrokiak eta jaurerri-egiturak finkatzearekin agertu ziren botere-harremanei eta gizarte-desberdintasunei heltzen die erakusketak, eta herrixkek Erdi Aroko lurralde-antolamenduan izan zuten funtsezko egitekoa islatzen du.
Aztarnategiak eta piezak
Erakusketaren kontakizunaren oinarria hainbat lurraldetako aztarnategietan dago, besteak beste, Aistra, Bagoeta, Gasteiz, Zaballa eta Zornoztegin (Araban); Argiñeta eta Gorlizen (Bizkaian); Zarauzko Santa Marían (Gipuzkoan), eta Aparduésen (Nafarroan).
Aukeratutako piezak herrixketako bizimoduaren alderdi guztietara hurbiltzeko aukera ematen dute. Nekazaritzako tresnek —besteak beste, golde-muturrek eta igitaiek—, zintzarriek, animalien hondakinek, zepa metalurgikoek, errotek, zeramikako ontziek, giltzek, orratzek edo ardatz-eraztunek erakusten dute komunitate horiek nola lan egiten zuten, nola ekoizten zuten, elikagaiak nola biltzen zituzten eta etxeko jarduerak nola garatzen zituzten.
Erakusketa osatzen dute elizetatik eta herrixkaren zati ziren hilerrietatik datozen hilarriek, elementu arkitektonikoek eta materialek, espazio horiek sinbolikoak eta irudikapenekoak baitziren, eta Erdi Aroko gizartean erlijioak eta heriotzak zer dimentsio zuten ulertzen laguntzen baitute.
Bizkaiaren ekarpena kontakizun arkeologikoari
Erakusketa Bizkaiko Arkeologia Museora iristeak aukera ematen du lurraldeko dokumentazio arkeologikoari leku nabarmen bat emateko. Adibiderik garrantzitsuenetako bat Argiñetako aztarnategia da, Elorrion dagoena, non museoak egindako indusketek aukera eman baitute Goi Erdi Aroko hilarri eta hilobi ezagunak leku horretan bizi izan zen komunitatearekin lotzeko eta VIII. mendetik izan zuen bilakaeraren zati bat berregiteko.
Argiñetan egindako ikerketetan etxebizitzak, eraikuntza osagarriak, biltegiratze- eta lan-espazioak, ehungintzako ebidentziak eta antzina jendea bizi izan zen eremuetan pixkanaka handitzen joan zen hilerri bat dokumentatu dira. Erdi Aroko herrixkek belaunaldietan zehar beren espazioak eraldatzen zituztela erakusten duen adibidea da, baita erlijioarekin eta heriotzarekin lotutako eremuek komunitate-bizitzaren antolaketan gero eta garrantzi handiagoa izan zutela erakusten duena ere.
Erakusketan egongo dira, baita ere, lurraldeko zenbait pieza nabarmen, hala nola Soscañoko Santa Maríako leiho prerromanikoa, Bizkaian banatutako beste 20 leihoren antzekoa, eta Berrizko San Pedroko hilobi-estalkia, Oiz mendiaren magaletan zehar sakabanatuta zeuden herrixketako nekropolietan hain berezkoa zena.