2026(e)ko urriakren 11(a) 10:00

La Encartadak martxan jarriko du bere makineria historikoa, Berritu eta Azaroa: Erakustaldien Hila baliatuta

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Berritu 2026 bisita berezien eta Azaroa: Erakustaldien hilaren aurtengo edizioaren bidez, bisitariek aukera izango dute makineria historikoa martxan ikusteko, eta, hala, mendeetako ehungintza-prozesuak deskubritu ahal izango dituzte, bai eta Balmasedan dagoen lantegi historiko hau berreskuratzeko egiten diren lanak ere.

La Encartada - Oier Rey Delika

La Encartada Fabrika-Museoko makineria historikoa protagonista bihurtuko da berriro datozen hileetan, industria-ondarera oso modu berezian hurbiltzeko aukera ematen duten programa biri esker, fabrika zaharreko makina batzuk martxan daudela.

La Encartada Fabrika-Museoak urteak daramatza makina horiek mekanikoki zein funtzionalki berreskuratzeko programa bat bultzatzen, eta, horri esker, pixkanaka makina berriak sartu ahal izan dira erakustaldietan. Horrela, adin guztietako bisitariek zuzenean ulertu ahal izango dute nola garatzen ziren ehuna ekoizteko prozesuak, eta industria-ondarearen funtsezko dimentsio batera hurbildu ahal izango dira: izan ere, makinak kontserbatzeaz gain, gorde egiten da makinak berriz martxan jartzeko beharrezkoa den ezagutza.

Ildo horretan, Berritu 2026 programak ondarearen zabalkundea eta berreskuratzea uztartzen ditu, jendeari erakusteko nola funtzionatzen zuten La Encartadako makina esanguratsuenetako batzuek. Urtearen azken zatian, hau izango da bisita berezi horien gaia: trapuak txikitzeko makina zaharraren bidez material akastuna berreskuratzea (urriaren 17a); ehuna zabaltzeko makina eta txapeletarako bolak funtzionamenduan ikustea, kontuan izanda horiek direla artilea lantzeko prozesu zail eta nekosoenetako batzuen protagonistak (abenduaren 5a); eta txapelak trikotatzeko makinak ezagutzea, txapelak eta puntuzko beste produktu batzuk trikotatzeko erabiltzen zirenak (abenduaren 19a). Saio horiei esker, bertaratzen direnek ezagutu ahal izango dute bai makinak eurak zelakoak diren bai makina horiek berriro martxan jartzeko zer lan egin behar izan den, ezinbestekoa baita lan hori industria-ondare paregabe hau kontserbatzeko.

Urteko programazio horri, azaroan, ohiko legez, museoaren egutegian dagoeneko finkatuta dagoen hitzordu bat gehitzen zaio: Azaroa: Erakustaldien hila. Ekimen honek adituen erakustaldi praktikoak proposatzen ditu, hala nola zaharberritzaileenak, artisau-tekniketako espezialistenak eta fabrikako langile ohienak.

Aurtengo edizioa azaroaren 7an hasiko da, duela gutxi bildumara gehitutako mozorka bat konpontzeko erakustaldi batekin. Azaroaren 14an, 2024an berreskuratutako Ninet & Co ehungailu automatikoaren txanda izango da, eta, hilaren 21ean, La Encartadako langile ohiek zuzenean erakutsiko dituzte txapelak egitearekin lotutako hainbat teknika. Programazioa azaroaren 28an amaituko da, artisau-feltroari eta nuno-feltingari buruzko saio berezi batekin. Esan behar da teknika horiek aukera ematen dutela hobeto ulertzeko ehun-akaberako prozesu batzuk.

Bada, programa horiekin guztiekin, La Encartada Fabrika-Museoak Bizkaiko ondare diren jakintza teknikoak, keinuak eta lanak ere berreskuratzen ditu.