2026(e)ko azaroaren 12(a) 12:29

Bizkaiko Foru Aldundiak barne-ekintzailetzako gida praktiko bat argitaratu du, enpresei negozio berriak garatzen laguntzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

‘Barne-ekintzailetza eta negozio-eredu berriak: Nola ekintzailetza jorratu zure erakundetik’ gida Beaz enpresa-lehiakortasuna bultzatzeko foru-sozietateak egin du. Gida horretan, metodologia bat eskaintzen da enpresek aukera berriak identifikatu, barne-talentua aprobetxatu eta negozio-eredu berrietarantz aurrera egin dezaten.

Leixuri Arrizabalaga Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan

Bizkaiko Foru Aldundiak, Beaz sozietate publikoaren bidez, barne-ekintzailetza eta enpresa-dibertsifikazioa sustatzeko gida praktiko berria egin du: Barne-ekintzailetza eta negozio-eredu berriak: Nola ekintzailetza jorratu zure erakundetik. Argitalpenak metodologia bat eskaintzen die enpresei, hazteko aukera berriak identifikatzeko eta aukera horiek produktu, zerbitzu edo negozio-ildo berriak bihurtzeko.

Barne-ekintzailetza enpresa-ekimen berriak garatzean datza, erakunde baten barruan dauden ezagutza, gaitasunak eta talentua erabiliz. Berrikuntza sustatzeko, jarduera berriak aztertzeko eta enpresen lehiakortasuna indartzeko balio du, eraldaketa teknologikoa eta merkatuen etengabeko bilakaera nagusi diren ingurune batean.

Gidak premisa hau du abiapuntu: berritzea ez da bakarrik ideia berriak sortzea, baizik eta ideia horiek negozio-aukera bideragarri eta jasangarriak bihurtzeko gai izatea. Horretarako, metodo egituratu bat eskaintzen du, hausnarketa estrategikoa eta irtenbide zehatzak abian jartzea lotzen dituena.

Dokumentua barne-ekintzailetzako prozesu bat hastea planteatzen duten enpresentzat ez ezik, dibertsifikazio-aukerak identifikatu ondoren garatzeko tresnak behar dituztenentzat ere pentsatuta dago. Era berean, erakundea horrelako ekimenei ekiteko une egokian dagoen zehazten laguntzen du.

Enpresa aztertzetik negozio berriak sortzera

Gidak proposatzen duen metodologia ondoz ondoko hiru fasetan oinarritzen da: ulertzea, sortzea eta eraikitzea. Fikziozko bi kasu praktiko ere jasotzen ditu, metodologiaren erabilera azaltzeko: bata industria-eremukoa, eta bestea zerbitzu aurreratuetakoa. Lan-txantiloiak, gomendioak, autodiagnostikoko galderak eta kontzeptuen glosario bat ere daude gidan.

Haren diseinuari esker, eskuliburu oso gisa erabil daiteke, prozesuaren etapa guztiei jarraituz; bestela, kontsulta-tresna gisa ere erabil daiteke, beharrizan zehatzak daudenean, esaterako, lehiakideak aztertzeko, aukera berriak identifikatzeko edo negozio-proposamen bat ebaluatzeko.

Gida esteka honetan kontsultatu eta deskargatu daiteke: Barne-ekintzailetza eta negozio-eredu berriak: Nola ekintzailetza jorratu zure erakundetik


Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp