2026(e)ko uztailakren 27(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 13an ekingo dio Begoñako basilikako indusketa arkeologikoari

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Esku-hartzeak bidea emango du hobeto ezagutzeko Begoñako historia, kristau-kultuak Bizkaian izandako sorrera eta Bilboko lehenengo populatze-zantzuak. Tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango dio prozesuak iraun bitartean.

Begoñako basilika

Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urriaren 13an ekingo dio Begoñako Andra Mariaren basilikako indusketa arkeologikoari, Begoñako Amaren eguna ospatu ostean. Jarduketa Begoña/Vecunia proiektuaren parte da, eta Bilboren eta Bizkaiaren erlijio-, gizarte- eta kultura-memoriari estu lotuta dagoen leku horren historiaren ezagutzan aurrera egitea du helburu.

Proiektua Ondare Babesa SLk eta View Arkitektura eta Ikerketa kooperatiba-elkarte txikiak osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu zaio, eta urtebete inguru iraungo du. Oraingo aurretiko fasean, esku-hartzearen diseinua, administrazio-izapideak eta lanen antolaketa amaitzen ari dira, indusketa egitean ondarearen zein egunero basilikara joango diren pertsonen segurtasuna bermatze aldera.

Laster, lurpeari eta eraikinari buruzko aurretiazko azterketak egingo dira, georradar tekniken bidez. Teknika horiek, inbaditzaileak ez direnez, ez dute tenplua aldatzen, ezta kaltetzen ere, eta lurperatutako egiturak detektatzea ahalbidetzen dute, hala nola hormak edo hilobiak, indusketa konbentzionala erraztuko dutenak.

Esku-hartzeak progresiboki egingo du aurrera basilikako zenbait eremutan, une bakoitzean ezinbesteko espazioa soilik okupatzeko. Horrela, tenpluak bere ohiko jarduerari eutsi ahal izango dio prozesuak iraun bitartean.

Esku-hartze horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu egiten du lurraldeko ondare historikoaren ikerketarekin, kontserbazioarekin eta zabalkundearekin duen konpromisoa. Begoña/Vecunia proiektua, Begoñako Basilikarekin egindako hitzarmenaren bidez posible egin dena, aukera emango du Bizkaiko historiaren funtsezko epe bat hobeto ezagutzeko eta ezagutza hori herritarrei hurbiltzeko, eta, aldi berean, bermatuko du basilikak espazio bizia izaten jarraitzea, kultuari eta bisitei irekia.

Proiektua, herritarrentzat zabalik

Proiektuaren elementu nabarmenetako bat irekitasuna eta dibulgaziozko izaera da. Lanak ohiko itxituren ostean ezkutatu beharrean, zurezko egitura arin bat instalatuko da, informaziogune gisa ere erabiliko dena. Leihoen eta behaketa-puntuen bidez, basilikaren bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute nola egiten duen aurrera ikerketa arkeologikoak.

Sistema lanen bilakaerara egokituz joango da. Lehenengo fasean, indusketa-eremuen kanpoaldetik egingo da behaketa. Aurrerago, segurtasun-baldintzek ahalbidetuz gero, barneko ibilbideak jarriko dira, prozesua areago hurbiltzeko herritarrei. Helburua da indusketa esku-hartze itxia ez izatea, ezpada jakintza partekatzeko eta ondarearen balioa agerian jartzeko abagunea.

Esku-hartzea, tenpluaren ohiko jarduerarekin bateragarri

Jarduera oso konplexua da, erabiltzen den tenplu baten barruan egingo baita. Horregatik, lanak jarduera erlijiosoan ahalik eta gutxien eragiteko antolatuko dira. Zarata gehien eragin dezaketen lanak kultu-ordutegietatik kanpo programatuko dira, eta hondeaketa ospakizun bakoitzaren beharretara egokituko da, ospakizunetarako eta fededunen otoitz pribaturako beharrezkoa den isiltasuna uneoro bermatuz, etengabe santutegian sartzen baitira.

Neurri espezifikoak ere hartuko dira tenpluko elementurik kalteberenak babesteko. Languneak isolatuta egongo dira eremu babestuetan hautsik sar ez dadin, eta organoak babes berezia izango du esku-hartzeak iraun bitartean. Erretaula nagusia ikusgai egongo da une oro, haren kontserbazio-egoera babesteko aurreikusitako neurriei esker.


Bideoak


Audioak