Berriak
2026(e)ko urriakren 08(a) 12:14
Bizkaiko Foru Aldundia Enkarterriko Lurralde Plan Partziala berrikusten hasi da, eskualdearen plangintza oraingo eta geroko erronketara egokitzeko
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila
Gobernu Kontseiluak beste fase bati ekin dio erakundeek eta herritarrek parte har dezaten 2011n onetsitako dokumentua berrikusten
Leixuri Arrizabalaga
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onetsi du Enkarterriko Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedura hastea. Plan hori eskualde horretako lurralde-antolamenduaren gidalerroak definitzen dituen tresna da, eta hauek hartzen ditu barnean: Artzentales, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordexola, Gueñes, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.
Hartutako erabakian, prozesua garatzeko funtsezko urrats batzuk markatu dira. Lehenik eta behin, hasiera formala eman zaio 2011tik hona indarrean dagoen LPParen berrikuspenari. Era berean, eranskin gisa sartu da Herritarrek Parte Hartzeko Programaren laburpena; izan ere, haren bidez, oinarriak ezarri dira bermatzearren herritarrak, gizarte- eta ekonomia-eragileak, toki-administrazioak eta lurraldeari lotutako eragile guztiak inplikatuta egon daitezela plan berria egin bitartean.
Herritarrek LPPa berrikusten parte hartzeko prozesuaren xedea parte-hartze zabala, orotarikoa eta eraginkorra lortzea da, herritarren, elkarte-ehunaren, sektore ekonomikoaren, profesionalen eta administrazio publikoen eskutik. Helburuen artean, besteak beste, hauek daude: herritarrei Enkarterriko lurralde-erronka nagusiei buruzko informazioa ematea, etorkizuneko lurralde-eredua definitzeko ekarpenak jasotzea, eta eskualdearen garapen jasangarrirako estrategia partekatu baten inguruko adostasuna eraikitzea. Gainera, prozesuan, genero-inpaktuari buruzko memoria bat ere egingo da, lurralde-plangintza berriak barruan izan dezan generoaren ikuspegia bai aztertze-bidean bai proposamenetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako sailei, Estatuko administrazio orokorrari eta arlo funtzionala osatzen duten udalei eskatuko die dokumentu berria idazteko behar den informazio guztia, arlo horretako aurreikuspenak, programak eta jarduketak ere kontuan hartuta.
LPPa Enkarterrirako erreferentziazko lurralde-eredua ezartzen duen dokumentua da, eta hiri-asentamenduekin, jarduera ekonomikoarekin, mugikortasunarekin, azpiegiturekin, naturaguneekin eta lurralde-kohesioarekin zerikusia duten alderdi estrategikoetarako orientabidea da. Berrikusteak aukera emango du plangintza-esparrua eguneratzeko eta, horrela, oraingo eta geroko beharrizanei erantzuteko, Bizkaian berezko nortasuna duen eta garapen orekaturako ezinbestekoa den eskualde horretan.