Berriak
2026(e)ko azaroaren 12(a) 11:40
Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 eurorekin bultzatuko du ikus-entzunezkoen sektorea, aurreprodukziorako, produkziorako eta proiektuen sustapenerako laguntzen bidez
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Laguntzen esparruan, dokumentalak, film laburrak eta film luzeak sartzen dira, eta, aurreprodukzioaren alorrean, baita telesailak eta dokuserieak ere
Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko, dirulaguntza-deialdi baten bidez, ikus-entzunezko proiektuen aurreprodukzio-, produkzio- eta sustapen-gastuen parte bat finantzatzeari begira. Zuzkidura ekonomikoa 275.000 eurokoa da aurreprodukziorako, 200.000 eurokoa produkziorako eta 25.000 eurokoa sustapenerako.
Ekitaldi honetako bigarren laguntza-deialdia da hau, aurrekoa ez baitzen nahikoa izan zeuden proiektu guztiei erantzuteko. Harekin, foru-erakundeak orain arte bezala lagunduko du Bizkaiko ikus-entzunezkoen sektorea garatzen eta lurraldean ikus-entzunezkoen sorkuntza eta ekoizpena indartzen duten proiektuak abian jartzen.
Aurreprodukzioa, ekoizpena eta sustapena
Aurreprodukzio-modalitatean, hauek jaso ahal izango dituzte laguntzak: fikziozkoak ez diren dokumentalek, iraupena edozein dela ere; 60 minutu baino gutxiagoko fikziozko film laburrek; 60 minutu edo gehiagoko fikziozko film luzeek, eta telesailak eta dokuserieak.
Ekoizpen-laguntzak, berriz, honako hauetarako dira: fikziozkoak ez diren dokumentalak, fikziozko film laburrak eta 60 minutu edo gehiagoko fikziozko film luzeak, guztira 300.000 eurotik beherako aurrekontua badute.
Azkenik, sustapen-modalitateari esker, finantzatu ahal izango dira ekoizpenen zabalkunde eta merkaturatzearekin lotutako jarduerak, hala nola sustapen-materialak, publizitate-kanpainak, marketin- eta zabalkunde-planak, merkatu eta foro profesionaletako partaidetza eta sustapen-ekitaldien antolaketa.
Dirulaguntzak proiektuaren aurrekontu araztuaren % 50eraino irits ahal izango dira. Aurreprodukzio- eta ekoizpen-modalitateetan, 40.000 euroko laguntza emango da gehienez, eta 50.000 euroraino iritsi ahal izango da proiektua osorik euskaraz egiten bada. Sustapenean, gehieneko zenbatekoak 20.000 euro eta 25.000 euro izango dira, hurrenez hurren.
Bizkaiko ikus-entzunezko sareari sostengua emanez
Honako hauek izan ahalko dira dirulaguntzen onuradun: sozietate anonimoak, erantzukizun mugatuko sozietateak, sozietate kooperatiboak, sozietate zibilak eta interes ekonomikoko elkarteak, bai eta enpresa-jarduerak gauzatzen dituzten eta ekoizle gisa diharduten pertsona fisikoak ere, betiere deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Ezarritako baldintzen artean, honako hauek daude: egoitza soziala eta/edo fiskala Bizkaiko Lurralde Historikoan izatea, ikus-entzunezko produkzioa helburu sozial gisa izatea eta dagokion epigrafean alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.
Proiektuak baloratzeko orduan, besteak beste alderdi hauek hartuko dira kontuan: kalitatea eta balio artistikoa, esperientzia eta ibilbide profesionala, emakumeen parte-hartzea, finantzaketa-maila, euskararen erabilera eta Bizkaiko Lurralde Historikoarekiko lotura.
Eskabideak aurkeztea
Eskabideak elektronikoki izapidetu beharko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Eskatzaile bakoitzak gehienez eskabide bat aurkeztu ahal izango du modalitate bakoitzeko, eta eskabide bakoitzak proiektu bakarra jaso beharko du.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp