Berriak
2016(e)ko maiatzaren 24(a) 13:00
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK 14 MILA URTE BAINO GEHIAGOKO GRABATU ETA PINTURAK AURKITU DITU BERRIATUKO ATXURRA KOBAN
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Beste hainbat altxorren artean, Europa mailan lantzaz eginiko marka gehien dituen bisontea gordetzen du Atxurra kobak. Aurkikuntza gaur aurkeztu da Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan; ekitaldian azaldu da koba ez dela jendearentzat irekiko grabatuak kontserbatu nahi direlako eta bertara iristeak arriskuak sortzen dituelako. Dena dela, jendeak aberastasun hori ezagutzeko eta ikusteko aukera izango du burutzen ari diren 3D kopien lanei esker. Erlaitz batzuk analizatu gabe egon arren uste da Euskadin paleolitikoko horma-arteko grabaturik gehien dituen aztarnategia dela. Pinturak 300 metroko sakoneran daude eta horrek zaildu egiten du azterketa. Dena dela, Diego Garatek zuzentzen duen arkeologoen taldeak animalien irudikapen batzuk identifikatu ahal izan ditu, batez ere zaldiak eta bisonteak.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, Elena Unzuetak eta, berarekin batera, Euskara eta Kulturako diputatuak, Lorea Bilbaok eta Diego Garate arkeologoak, gaur goizean egin den Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan ezagutzera eman dute 14 mila urte inguruko antzinatasuneko (gutxi gorabehera Santimamiñeko pinturen aro berekoak) 70 grabatu eta pintura aurkitu direla Bizkaiko Berriatuko udalerrian kokatuta dagoen Atxurra koban.
Lorea Bilbaok azpimarratu du pintura honeek aurkitzea klabea dela, erabakigarria Paleolitoko arte parietala ezagutzeko, Atxurraren barruan panel eta figura dekoratu ugari topau dalako eta material arkeologikoa gordetzen daben ikutubako zenbait lur be badagozalako bertan. Gure inguruan Altxerri, Ekain edo Erberuakoakaz bakarrik konparau leike aurkikuntza hau. Gaur egun, Euskadin grabatu gehien gordetzen dauan koba izan leike, 14 panel dekoratutan animalien 70 figuratik gora dago-ta
.
Aldi berean Diego Garate arkeologoak adierazi du beste hainbat altxorren artean, Europa mailan lantzaz eginiko marka gehien dituen bisontea gordetzen du Atxurra kobak
.
Atxurra kobako paleolitikoko horma-arteko grabatu hauen aurkikuntza Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuak, Garate jaunak zuzentzen dituen arkeologokoekin eta espeleologoekin, 2004. urtean hasita sustatu duen ikerkuntza linearen barruan kokatu behar da; programa horren barruan kobak berrikusten dira paleolitiko pintatua eta/edo grabatuaren bila. Horri esker hamarkada baten Bizkaian paleolitiko aroko hiru koba apaindu ezagutzetik (Venta de La Perra, Santimamiñe eta Arenaza) guztira 15era pasatu gara (hasierako hiru horiei batu zaizkie El Rincón, El Polvorín, Antoliña, Askondo, Bolinkoba, Lumentxa, Morgota, Ondaro, Abittaga, Goikolau eta Atxurra; eta, hain ziurra izan ez arren, zerrenda horretan sar daiteke Atxuri I.a).
Kobari buruzko xehetasunak
Atxurra kobazuloko aztarnategi arkeologikoa 1929an aurkitu zuen J.M. Barandiaranek eta 1934tik 1935era bitartean induskatu zuen. 2014. urtean berriz ekin zitzaion aztarnategiaren potentziala baloratzeko proiektuari, kasu honetan lanak Diego Garatek zuzenduta.
Momentuz identifikatu diren paleolitiko aroko horma-arteko ebidentziak heltzeko leku oso zailak diren erlaitzetan kokatuta daude, 300 metroko sakonera baino urrunago; horren ondorioz azterketa lanak oso neketsuak dira, derrigorrezkoa delako aldamioak eta segurtasun sistemak instalatzea.
Artean kobaren atal batzuk berrikusi eta aztertu gabe egon arren ikusten da animalien irudiak direla gehienbat, zaldienak eta bisonteenak bereziki, ahuntzak, oreinak eta uroak ere ageri diren arren. Grabatuaren teknika erabiltzen da ia kasu guztietan, aldaera desberdinekin. Batzuetan margo beltzarekin konbinatzen da baina ez da batere ondo kontserbatu.
Aurkikuntzak balio oso handia du eta hori eta, aldi berean, duen kontserbazio egoera delikatua dela kontuan hartuta, alde batetik ondare arkeologikoa kontserbatzeko duen konpromisoa betez eta, bestetik, bertara iristea arriskutsua izateagatik pertsonen integritatea zaintzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak adituen gomendioak betez koba jendearentzat ez zabaltzea erabaki du. Hori gorabehera, nahi duten guztiek Lurraldearen aberastasuna ezagutzeko aukera izan dezaten koba 3Dtan digitalizatzeko lanak egiten ari da interesdunen artean ahalik eta zabalkuntza gehien izan dezan.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp