2026(e)ko irailakren 24(a) 12:36

Bizkaian etorkizun handiko kirolariak detektatu eta sostengatzeko 2027ko programan izena emateko epea ireki du Aldundiak

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Gobernu Kontseiluak gaur egindako deialdiaren barruan, 2026ko urriaren 2tik 26ra bitartean, biak barne, aurkeztu ahal izango dira 2027ko programan sartzeko eskabideak. Ekimenaren helburua da lehiatzeko aukerak dituzten Bizkaiko kirolariak identifikatzea eta, bidelaguntzaren bidez, haien aurrerabidea indartzea.

Gobernu Kontseilua

Bizkaiko Foru Aldundiak gaurko Gobernu Kontseiluan onetsi du Bizkaian etorkizun handiko kirolariak detektatu eta sostengatzeko 2027ko programarako deialdia. Ekimen horretan parte hartzeko, urriaren 2tik aurrera eman ahal izango da izena. Lurralde historikoan ibilbide nabarmena eta proiekziorako ahalmena duten kirolari gazteei ezagutza eta bidelaguntza egitera bideratuta dago ekimena. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko urriaren 2tik urriaren 26ra arte egongo da irekita, bi egunak barne.

Interesdunek dagokion eredu ofizialaren bidez formalizatu beharko dute eskabidea eta aurkeztu beharko dituzte eskatutako egiaztagiriak, 2026ko edo 2026/2027 denboraldiko federazio-lizentzia barne, eta alegatutako kirol-merezimenduak. 2027an Etorkizun Handiko Kirolari edo Etorkizun Handiko Kirolari Hautagai aitortza lortzeko aukera izateko, beharrezkoa izango da 2003 eta 2011 artean jaiotakoa izatea (data biak barne) eta 2025eko urriaren 1etik erroldatuta egotea, etenik gabe, Bizkaiko lurralde historikoan.

2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean lortutako kirol-merezimenduak hartuko dira kontuan balorazioa egiteko. Ebaluazio horretatik abiatuta, foru-erakundeak kirolarien zerrenda bat egingo du eta bi kategoriatan sailkatuko ditu: Etorkizun Handiko Kirolaria eta Etorkizun Handiko Kirolari Hautagaia. Hautapen-irizpideen artean, honako hauek daude: nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartu izana, Espainiako txapelketetan emaitza nabarmenak lortu izana, Espainiako selekzioarekin kontzentrazioetan edo teknifikazioetan egon izana eta emaitza jakin batzuk lortu izana zenbait modalitatetan, hala nola tostako arraunketan, surfean, hipikan edo euskal pilotan.

Programan sartutako pertsonek sostengu-baliabide batzuk izango dituzte eskura, 2027ko abenduaren 31ra arte, beren kirol-garapenari laguntzera bideratuta. Baliabide horien artean daude, besteak beste: entrenamendu fisikoetan errendimendua hobetzeko aholkularitza, orientazioa eta jarraipena, laguntza nutrizional ergogenikoa, kirol-teknikariekiko lankidetza, entrenamenduen eta lehiaketen jarraipen indibidualizatua, orientazio akademikoa eta profesionala, eta kirol-zerbitzu medikoak planifikatu eta kudeatzeko aholkularitza.

Hamarkada bat baino gehiago Bizkaiko kirol-talentua sustatzen

Bizkaiko Foru Aldundiak 2013/2014 denboralditik gauzatu du programa hori. Harrezkero, eta 2026ra arte, EAEn aitortutako 30 kirol-modalitatetako 1.233 kirolarik parte hartu dute; haietatik 138 talentudun kirolaritzat aitortuak izan dira.


Bideoak


Audioak