2017(e)ko martxoakren 31(a) 11:48

Imanol Pradales: “Ezagutza eta talentua dira gure tresna nagusia hazkuntza eta leihakortasunerako”

Ekonomia Sustatzeko Saila

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak ireki du Enpresa Estrategiak antolatutako talentuari buruzko jardunaldia Bic Bizkaia Ezkerraldean. Imanol Pradalesek hainbat gairi buruz hausnartu du, besteak beste biztanleria aktiboa galtzean euskal ekonomiak aurre egin behar dion erronka demografikoaren inguruan eta hazten eta lehiakorra izaten jarraitzeko gaitasun handiko profesionalak hartzeko beharraren inguruan. Diputatuak lankidetza-sareak ehuntzeko eskatu du erronkari aurre egiteko, besteak beste Bizkaia Talent-en Be Basque Talent Network sarea aipatu duelarik: “8.500 profesional eta enpresek osatutako eta talentuz eta aukeraz betetako sarea, aurre egiten ari garen eta geroz eta hurbilago dagoen profesionalen defizitaren erronka partekatu nahi duena".

Imanol Pradales estrategia topagunean

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak, Imanol Pradalesek, epe ertainean laneko egoera orokorrak dituen ziurgabetasunei buruz eta demografikoki oso baldintzatuta dagoen euskal ekonomia aurre egiten ari den erronka espezifikoei buruz hausnartu du Enpresa Estrategiak Bic Bizkaia Ezkerraldean antolatutako talentuaren biltzeari, atxikitzeari eta uztartzeari buruzko jardunaldia irekitzean.

"Globalizazioari buruz ari naiz, Europan eta bereziki Euskadin jasaten ari garen populazioaren zahartzeari buruz, baita digitalizazioaren inpaktuaren inguruan eta gizarteko maila guztietan dauden teknologia berriei buruz ere. Horrez gain, ezagutza aurreratua lortzeko borroka eta nazioarteko talentua lortzeko borroka ere azpimarratu nahi ditut", laburtu du Pradalesek.

Era berean, foru diputatuak egungo langabezia tasen itxurazko kontraesanaren inguruan hitz egin du, krisi ekonomiko gogorraren ondorioz gertatu dena, baita jada Euskadin antzematen den goi-mailako kualifikaziodun profil faltari buruz ere. "Eztabaida piztuta dago, bai gaur egun dauden milaka lanposturen desagertzea dela-eta, bai gaur egun zailtasunez imajinatu ahal ditugun milaka enplegu berrien sorrera dela-eta, baita jokaera bi horiek batera gertatzea dela-eta ere. Horrez gain, gure populazioaren zahartze gogorrari buruzko ikuspegi demografikoak gure potentzial ekonomikoa murriztuko du, biztanleria aktiboaren eskaintza gutxituko delako. Aurreikuspenen arabera, hurrengo hamar urteetan Euskadin laneko adinean dauden dozenaka mila laguneko beherakada egongo da".

Bizkaia talent

Egoera horren aurrean, Pradalesek nabarmendu du talentua eta ezagutza direla lehiakorrak izaten jarraitzeko tresnarik onenak, eta gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatzala lanean talentua atxikitzen eta biltzen bizkaia talent ekimenaren bitartez. Estrategia osatu bat da, Global Talent Competitiviness Index-ek ziurtatua eta urtarrilean Davos-en aurkeztu zena: "Talentua biltzeari eta ezagutza globala sortzeari buruzko adierazleetan 5 onenen artean zegoen Bizkaia. Emaitza horiek aurkeztean, hiri eta eskualdeek duten eginkizuna azpimarratu zen, talentua garatu, erakarri eta atxikitzeko modu berrietako lidergoan garrantzia handia dutelako hain zuzen ere".

Imanol Pradalesek sektore publikoa eta pribatuari deia egin die erronka hau gainditzeko elkarlan estuan jarduteko: "Ezagutzak, talentuak eta bikaintasunak batuta lan egiten dute. Bizkaia talenten Be Basque Talent Network bezalako sareak aprobetxatzen ditugu: Goi-mailako 8.500 profesional baino gehiago 85 herrialde baino gehiagotan. Talentuz eta aukeraz betetako sarea profesional eta enpresentzat, aurre egiten ari garen erronka partekatu nahi duena, geroz eta hurbilago dagoen profesionalen defizita, alegia. Hori lortzeko eragile guztiek elkarlanean jardun behar dute eta inplikatuta egon behar dira, eta noski, gure enpresa-sarea eta sare zientifiko eta teknologikoa ere beharrezkoak dira".

Diputatuak baieztatu du Bizkaia bide onean doala, baina oraindik ere bide asko dagoela egiteko eta azkar ibili behar garela. Azken egunotan, Bizkaiko Foru Aldundia Massachusetts-en eta Europa iparraldeko herrialdeetan egon da talentua eta berrikuntzan egiten ari diren lana ezagutzen.


Bideoak


Audioak