2015(e)ko otsailakren 09(a) 12:41

FORU ALDUNDIAK EUSKADIREKIN LOTURA DUTEN TALENTUEN SAREA SORTU DU; BERTAN, 65 HERRIALDETAKO 5.500 PROFESIONALEK PARTE HARTZEN DUTE

Ekonomia Sustatzeko Saila

Be Basque Talent Network Euskadirekin lotura duten edo izan nahi duten profesionalek osatzen duten munduko sarerik handiena da. Gaur aurkeztu da, ofizialki, Bizkaia:talent-en hamargarren urteurren ekitaldian. Sare horren bidez, enpresak munduan zehar talentuarekin harremanetan jarri ahalko dira, profesionalak ere elkarren artean harremanetan jarri ahalko dira, bai eta profesional horiek euskal enpresekin ere. Ikusizko mapa bat du, Basque Talent Map; bertan, lan kokapena ikus dezakegu, sareko kideen herrialde eta hiriaren arabera edo lan sektorearen arabera, eta aukera ematen du bilaketak alorka egiteko, harik eta bilatzen ari garen profesional edo enpresa mota aurkitu arte. Talentua sustatzea, horri eustea eta erakartzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia ekonomikoaren oinarrietako bat; azken hamarkadan ia 7 milioi euro inbertitu ditu goi mailako prestakuntza duten 145 profesional eta ikertzaile prestatzen eta horiek Bizkaiko 60 erakundetara lotzen.

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du talentu sarea, Be Basque Talent Network; horrek Euskadin eta munduko beste 65 herrialdetan goi mailako prestakuntza duten 5.500 profesional eta ikertzaile inguru batzen ditu. Horietatik, 2.400 inguru Euskadin bizi dira eta beste 3.000, gutxi gorabehera, kanpoan. Gainera, sareko kideetatik 3.000 inguru Euskadin jaioak dira.

Be Basque Talent Network, beraz, Euskadirekin lotura izan nahi duten edo duten profesionalen sarerik handiena da munduan eta aukera paregabea, enpresak munduan zehar talentuarekin harremanetan jarri ahal izateko eta profesionalek beren artean harremanetan egon ahal izateko, bai eta euskal enpresekin ere. Sare hori ofizialki aurkeztu da Bizkaia:talent-en hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian; bertan, Lehendakaritzako diputatua, Unai Rementeria, eta Ekonomi Sustapeneko diputatua, Imanol Pradales, izan dira buru.

Bizkaiak eta bertako ekoizpen-sareak talentuak ematen duen balio erantsiaren aldeko apustua egiten dute, hori baita merkatu globalean leku bat egiteko modu bakarra. Eta leku hori ez dugu lortuko prezioak edo soldatak jaitsiz eta jaitsiz. Eta, are gutxiago, kalitatetik urrunduz. Baina, lor dezakegu, bai, balio erantsiaren aldeko apustua eginez. Hau da, gure produktu eta enpresek beste inon eskaintzen ez diren balioak eskainiz. Eta balio erantsia eskaintzeko, ezinbestekoak dira prestakuntza eta talentua. Ehunka pertsonak astelehen goizetan Loiun egiten dutena egin behar du Bizkaiak: maleta hartu eta mundura irten. Gure produktuak saltzera irten eta aukerak ekarri. It's the time for Biscay, esan du Rementeriak, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eginiko adierazpenetan. Eta hau gaineratu du: Bi dira Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunak: enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea. Eta buru belarri gabiltza bi erroka horietan. Baina hauek ez dira hitz hutsak, egitateak baizik. Joan den astean, hemen adierazi genuen Aldundiak 21 milioi bideratuko dituela enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzeko. Beraz, norabide onean emandako urrats bat. Gaur, beste urrats bat emango dugu, eta Be Basque Talent Network aurkeztuko dugu: Euskadirekin lotura duten edo izan nahi duten profesionalez osatutako munduko sarerik handiena. Sarean lan egiteak berebiziko garrantzia du. Bizkaiko ekonomiak, Bizkaia osoak, sarean egon behar du. Eta benetan erraza da guretzat. Horretarako giza kapitala baitugu. Ondo prestatu eta gaitutako giza kapitala dugu, eta, gainera, bere lurraren eta etorkizunarekin konpromisoa duena. Leku imajinaezinetan ere aurki dezakegu giza kapital hori. Eta horrek neu behintzat harrotasunez betetzen nau. Izan ere, Nazio Batuen Erakundean, Munduko Bankuan, multinazional liderretan aurki dezakegu giza kapital hori. Eta hori aukera paregabea da Bizkaiko ekoizpen sarearentzat zein gizarte osoarentzat. Horregatik esan nahi nizueke zuen eskuetan duzuela gure ilusioen zati handi bat.

Sarean integratzeko, erabiltzaile gisa erregistratu behar dugu, eta horrek aukera ematen digu profil partikularra izateko, lan eskaintzak eta hainbat informazio eskura izateko eta sare honen zerbitzu nagusietara jotzeko: ekonomiarekin, kulturarekin eta lan kontuekin lotuta dauden gaiei buruzko informazioa elkarrekin trukatzeko foroa eta <Basque Talent Map

tresna. Tresna honek ikusizko mapa eskaintzen digu; bertan, sareko kideen lan kokapena ikus dezakegu, herrialde eta hiriaren arabera, eta aukera ematen digu bilaketak zenbait irizpideren arabera egiteko, besteak beste, lan sektorearen edo jatorriaren eta egoitzaren arabera, harik eta bilatzen ari garen profesional edo enpresa mota aurkitu arte.

Gainera, Be Basque Talent Network-ek Euskadiko teknologia, zientzia eta enpresa ahalmenari, kulturari eta ohiturei eta bizi kalitateari buruzko informazioa eskaintzen du. Informazio hori oraindik Euskadin lan egiteko edo bizitzeko aukerarik izan ez duten profesionalei dago zuzenduta.

Bizkaia:talent-en X. urteurrena

Talentu sare hau martxan jarri da Bizkaia:talent-en bidez; erakunde hori Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du, talentua sustatzeko, erakartzeko eta hari eusteko. 10 urte bete ditu Bizkaia:talent-ek.

Azken hamarkada honetan, foru erakundeak 6.992.414,50 milioi euro inbertitu ditu goi mailako prestakuntza duten 145 profesional eta ikertzaile sustatzeko eta gure lurraldean lan zentroak dituzten 60 erakunderekin lotzeko. Bizkaia:talent laguntza horiek kudeatzen dituen erakundea da; gaur egun Europako Batzordeak ere laguntzen du, Cofund programaren bidez.

Laguntzen programa ez da Bizkaia:talent hamar urteotan garatzen ari den bakarra. Erakunde honek, bestalde, talentuak hartzeko zerbitzua ere badu; horren bidez, Bizkaiko eta EAEko inguruneko administrazio eta integrazio (etxebizitza, osasuna, hezkuntza…) alderdiei buruzko aholkuak eta informazioa ematen dizkiegu. Zerbitzu hau 500 profesionalek baino gehiagok eta profesional horien familiartekoek erabili dituzte. Gainera, EAE osoko 45 erakundek zerbitzu hori eskatu dute, eta 1.600 eskaera baino gehiago kudeatu ditu, 2007tik.

Bizkaia:talent-ek, gainera, networking jardunaldiak ere antolatzen ditu profesionalen artean, batez Euskadin intereseko eremu geografikoetan bizi diren eta Bizkairako eta Euskadirako sektore estrategikoetan diharduten goi mailako prestakuntza duten profesionalak bilatzeko, identifikatzeko, aurkitzeko, horiekin harremanetan jartzeko eta mobilizatzeko. Gaur egun arte, zortzi jardunaldi antolatu ditu, eta, horietan, 337 profesionalek eta 37 euskal erakundek parte hartu dute; Munich, Bartzelona, Stuttgart, Hannover, Toulousse, Amsterdam, Dublin eta Londresen egin dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen erakunde hau Talentia programaren arduraduna ere bada; ekimen horren helburua da hiru euskal unibertsitateetako (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) ikasleen bikaintasun prestakuntza sustatzea eta unibertsitate mundua enpresa mundura hurbiltzea. 733 ikaslek parte hartu dute, dagoeneko, programa honetan: 353k Deustuko Unibertsitatean ikasi dute; 288k EHUn eta gainerako 92ek Mondragon Unibertsitatean.

Bizkaia:talent jarduerak, bestalde, beste alderdi batzuk ere baditu: Talentia eta sektore sortzaileen arteko lankidetza hitzarmenen ezarpena (hitzarmen horiek baliatu dira industria horien enpresetan 8 pertsona prestatzeko), enplegu eskaintzen kudeaketa bitartekaritza zerbitzuaren bidez (gaur egun arte, 350 eskaintza kudeatu dira), munduan prestigiorik handiena duten enplegu azoketako parte hartzea eta talentuaren lurraldeko kudeaketa adimendunerako nazioarteko sareen parte hartzea eta sorrera, besteak beste sortu berri den EuRegTalent (European Regional Talent Mobility Network); Bizkaia:talent azken horren sortzaileetako bat da eta presidentzia du.


Bideoak


Audioak