Berriak
2026(e)ko irailakren 29(a) 13:40
Europako sektore bioteknologikoan duen potentzia aurkeztu du Euskadik BioSpain Bioteknologiaren Nazioarteko Topaketan
Ekonomia Sustatzeko Saila
Irailaren 29tik urriaren 1era izango da ekitaldia Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Bioenpresen Espainiako Elkartearekin (AseBio) izandako lankidetzari eta Basque Health Clusterren laguntzari esker.
Biospain 2026 gaur inauguratu da
Ainara Basurko: "Bizkaian, sektore horrek 135 enpresa baino gehiago biltzen ditu, 27.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu eta 5.200 milioi eurotik gorako diru-sarrerak ditu"
Europako sektore bioteknologikoan duen potentzia aurkeztu du Euskadik Biospain 2026 Bioteknologiaren Nazioarteko Topaketan. Irailaren 29tik urriaren 1era izango da azoka Bilbao Exhibition Centren (BEC), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Bioenpresen Espainiako Elkartearekin (AseBio) egindako lankidetzari eta Basque Health Clusterren babesari esker.
BioSpainek sektore bioteknologikoko enpresak eta erakundeak, agentzia erregulatzaileak eta estatuko eta nazioarteko inbertitzaile nagusiak biltzen ditu, biotech industriak lehiakortasunerako sektore estrategiko gisa duen rola indartzeko eta hainbat arlo gakotan soluzioak eskaintzeko duen gaitasunaren garrantzia nabarmentzeko, hala nola osasunean, elikaduran, bioekonomian eta industria-trantsizio berdean.
Gaur inauguratu dute azoka Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak; Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta Cristina Nadal AseBioko presidenteak. Juan Cruz Cigudosa Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Estatu idazkaria ere izan da ekitaldian.
Euskadin egin zen lehenengo ediziotik hamar urtera, bizitzaren eta osasunaren arloko zientzien ekosistemarik finkatuenetako batera eta Europan gero eta proiekzio handiagoa duenera itzuli da BIOESPAIN. Gaur egun, 300 enpresa, 20 ikerketa- eta teknologia-zentro, lau unibertsitate eta erreferentziazko ospitaleak ditu Euskadik, eta bere ekosistema biosanitarioak 9.400 milioi euro baino gehiago eta 62.000 enplegu zuzen sortzen ditu.
Euskadiko administrazio publikoek urteetan zehar egindako apustu irmoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren zein erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da errealitate hori. Euskadiko Industria Plana 2030 eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana, Euskadi 2030 -ZTBP 2030- plan orokorrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ere hainbat estrategia ezarri dituzte tresna espezifikoen eta zerga-gaitasunaren bitartez biozientziei eta deeptechari laguntzeko, baita zientzian eta teknologian oinarritutako sektore estrategikoen garapena bizkortzeko ere.
Ekosistema horren barruan, rol bereziki garrantzitsua du Bizkaiak, Euskadiko enpresen % 45, enpleguaren % 44 eta sektoreko diru-sarreren % 56 kontzentratzen baititu, eta gaitasun adierazgarriak baititu biomanufakturaren eta terapia aurreratuaren arloetan. Biospain Bilbon egiteak Euskadiko hiru lurraldetako bioteknologiaren posizioa indartzeko eta lurraldeko gaitasun zientifikoak eta enpresarialak enpresekin, inbertitzaileekin eta erakundeekin konektatzeko aukera ematen du.
Erresuma Batua da Biospain 2026ko herrialde gonbidatua, eta horrek topaketaren dimentsio internazionala eta Europako ekosistema bioteknologikorik dinamikoenetariko biren arteko konexioa indartuko du. Herrialde horren parte-hartzearekin, erakunde britainiarren eta espainiarren arteko aliantza berriak sustatuko dira ikerketaren, berrikuntzaren enpresen garapenaren eta inbertsioaren arloetan, beste arlo hauetako gaitasun osagarriak aprobetxatuz: terapia aurreratuak, terapia genomikoa, adimen artifiziala, bioteknologia industriala eta nekazaritzako elikagaiak.
Inaugurazioko hitzartzeak
Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, hau azpimarratu du: «BIOSPAIN egun Bizkaian egoteak zerikusi handia du urteetan eraiki dugun ekosistemarekin. Bizkaian, sektore horrek 135 enpresa baino gehiago biltzen ditu, 27.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu eta 5.200 milioi eurotik gorako diru-sarrerak ditu. Herrialde osoaren apustu estrategikoa partekatzen dugu. Eta badugu gaitasun nahikoa zientziatik merkatura eta ezagutzatik enpresara daraman ibilbide horretan laguntzeko».
«Proiektu horien atzean ekosistema indartsu eta konektatu bat dago: teknologia- eta ikerketa-zentroak, unibertsitateak, enpresak, osasun-sistema eta erakunde publikoak, denak era koordinatuan lanean. Proiektu horiek jaio, hazi eta lehiatzeko baldintzak sortzen laguntzen dugu Bizkaiko Foru Aldundian. Horretarako, laguntzak, zerbitzu espezializatuak, bidelaguntza, finantzaketa eta proiektu estrategikoak eskaintzen ditugu», gaineratu du.
Bestalde, Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuak Euskadiko industria biosanitarioaren indarra eta Euskadiko Industria Plana 2030en dituen lehentasunezko posizioa, posizioa estrategikoa eta trakzio-gaitasuna nabarmendu ditu. Horri dagokionez, adierazi du Proiektu Eraldatzaileak direla Industria Plan horren tresnetako batzuk: “gure politikaren tresna berri bat da, eta etorkizuneko industria indartzea du xede lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta. Gaitasun teknologiko eta berritzaile handia baliatuta, balio-kate osoan eta, ondorioz industrian, inpaktu handia izateko asmoa du”.
Orain arte, arlo hauetan onartu dira proiektu eraldatzaileak; industria aeronautikoan; fabrikazio aurreratuan eta robotika adimendunean; erregai berritzaileetan; sare elektrikoetan; sektore nautikoetan; eta altzairuaren industria zirkularrean. “Eta jakina, industria biosanitarioan, I+Med-ek zuzendutako proiektuan 11 enpresak, horietako 5 ETEak, osasunaren klusterrak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 9 eragilek hartu dute parte. Guztira, 72 milioi euroko hasierako inbertsioa egingo da hurrengo hiru urteetan, horietako 28 I+Grako eta garapen teknologikorako, eta 600 enplegu berri sortuko dira, horietako 232 enplegu zuzenak”.
Cristina Nadalen hitzetan, “bioteknologia une erabakigarrian dago Espainian eta Europan. Gure bikaintasun zientifiko eta berritzailetik gaitasun industrial, inbertsio eta lehiakortasun handiagoa lortzeko aukera dugu, hemen sortzen dugun berrikuntza Europan ere hazi, eskalatu eta sortu dadin. Biospain 2026 azoka erronka horiek jorratzeko eta, batez ere, aurerrapausoak emateko aliantzak sortzeko espazioa izango da”.
“Gure ekosistemak aurrera egin ahal izateko elementu guztiak biltzen ditu Biospainek: ezagutza, berrikuntza, inbertsioa, lankidetza, negozioa eta talentua. Euskadira itzuli izanak -Europako erreferenteetako bat da bizitzaren zientzietan- eta urteroko topaketa bihurtu izanak erakusten dute biotekonologiak garrantzi estrategiko gero eta handiagoa duela, eta sektorearen etorkizuna eraikitzen ari diren eragile guztiak konektatzeko espazioak behar direla”, gehitu du Nadalek.
Juan Cruz Cigudosa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako estatu-idazkariak nabarmendu duenez, “bioteknologia egungo teknologia estrategikoa da. Eta gero eta gehiago, lehiakortasun ekonomikoari, autonomia estrategikoari eta herrialdeen gaitasun industrialari lotutako teknologia ere bada”. “Espainia inoiz baino hobeto prestatuta dago nazioarteko lidergo rola betetzeko. Sortzen ari den ekosistema batetik gero eta sendoagoa den ekosistema batera igaro gara, talentua, ezagutza, azpiegiturak, finantzaketa eta nazioarteko anbizioa konbinatzeko gai dena. Eta bilakaera hori bat dator Europarentzat erabakigarria den une batekin, zeinak bere agenda estrategikoan aitortzen baitu bizitzaren zientziak eta bioteknologia izango direla datozen hamarkadetako lehiakortasunaren, jasangarritasunaren eta autonomia estrategikoaren eragileetako bat ”, adierazi du Cigudosak.
Ceri Morganek, Erresuma Batuko Gobernuak Europako Merkataritza Gaietarako duen goi-komisarioak, hau adierazi du: «Erresuma Batuko sektore biofarmazeutikoa munduko aurreratuenetako eta berritzaileenetako bat da. Sektore horrek gure bizitza-zientzien arloko enpresen % 41 biltzen du, baina fakturazio osoaren % 65 sortzen du, eta horrek garbiro erakusten du gure enpresa biofarmazeutikoek duten balio eskerga eta berrikuntza-gaitasuna. BIOSPAIN 2026 programak aukera bikaina eskaintzen digu, herrialde gonbidatu gisa, indar hori erakusteko. Munduko unibertsitate eta ikerketa-zentro onenetako batzuk eta punta-puntako soluzioak garatzen dituzten enpresak ditugu hainbat arlotan, hala nola farmakoen aurkikuntzan, bioteknologian eta fabrikazio farmazeutiko jasangarrian. Erresuma Batuko eta Espainiako ekosistemak estu lotuta daude elkarrekin, eta BIOSPAIN plataforma ezin hobea da gure bazkide espainiarrekin batera berrikuntza eraldatzaileak bultzatzeko».
Erresuma Batuak pabilioi bat izango du, eta sektoreko hainbat enpresa eta erakunde egongo dira bertan; gainera, networkingeko jarduerak egingo dira eta Horizon Europe programaren bitartez Espainiaren eta Erresuma Batuaren arteko lankidetza-aukerak aztertzeko mahai bat egongo da. Biospaineko programa orokorrean ere hartuko du parte, aditu britainiarrak egongo baitira kongresuko hainbat saiotan.
Bioteknologiaren erronka handiei heltzeko programa
Biospain 2026ko programa lau track handitan dago egituratuta —Policy, Health, Bioeconomy eta Finance & Investment— eta bioteknologiaren etorkizuna definitzen ari diren aurrerapenen, erronken eta aukeren zeharkako ikuspegia eskainiko dute. Gainera, kongresuan estatuko eta nazioarteko keynote speakerrak izango dira, tartean Juan Bueren, terapia genikoan eta terapia aurreratuetan nazioarteko erreferentea bihurtu den ikerlari eta klinikoa. Gaixotasun arraroentzako terapia berrien aurrerapenak eta erronkak aztertuko ditu.
Europako bioteknologiaren lehiakortasunak eta autonomia estrategikoa indartzeak leku garrantzitsua izango dute. Araudia teknologia berrietara egokitzea, Europak txertoak ekoizteko duen gaitasuna, diagnostikoak eta terapiak, etorkizuneko osasun-krisietarako prestakuntza edo berrikuntza babestea izango dira programak jorratuko dituen gaietako batzuk. Biotech Actek protagonismo berezia izango du, bi saiorekin. Alde batetik, berrikuntza nola sustatu, gaitasunak nola indartu eta finantzaziorako sarbidea nola hobetu aztertuko da. Bestetik, Europako balio-kate lehiakorren eskalatzea, biofrabikazioa eta eraikuntza nola bizkortu landuko da.
Estatuko eta Europako erakundeetako ordezkaritza nabarmen batek hartuko du parte eztabaida horietan; Javier Padilla Osasuneko Estatu idazkariak; Raquel Yotti Abangoardiako Osasunerako PERTEren ordezkariak; Thomas Van Cangh DG SANTEko Deputy Head of Unit eta Head of Biotech Taskforceak; Miguel Gómez-Pavón López Industria eta Turismoaren Ministerioko Industriaren eta Enpresa Txiki eta Ertainaren Estrategiaren zuzendari nagusiak; eta Kristin Schreiber Europako Batzordeko zuzendariak, besteak beste.
BIOSPAIN, aliantzak eta negozio-aukerak sortzeko espazioa
Saioetako programaz gain, BIOSPAINen balio nagusietako bat enpresak, inbertitzaileak, ikerketa-zentroak eta erakundeak konektatzeko eta topaketa horiek lankidetzarako eta negoziorako aukera erreal bihurtzeko duen gaitasuna du. Partneringeko plataformaren bitartez, balizko bazkideak identifikatu ditzakete parte-hartzaileek eta aldebiko bilerak hitzartu kongresuan zehar, etorkizuneko berrikuntzen oinarria izan daitezkeen akordioak eta proiektuak egiteko.
Bartzelonan egin zen Biospainen azken edizioan argi islatu zen espazio horren garrantzia, aldebiko 4.500 bilera egin baitziren. 2026an, topaketaren ardatzetako bat izango da berriro ere partneringa, lankidetza berriak, inbertsioa, ezagutzaren transferentzia eta estatuko eta nazioarteko aliantzak sustatzeko.
Talent Day: talentua industria bioteknologikoarekin konektatzea
Biospain 2026ren azken egunean egingo da Talent Day, eta ikasleak, ikerlariak eta profesionalak sektore bioteknologikoko enpresekin eta erakundeekin konektatzeko espazioa izango da. Hartara, industriak eskaintzen dituen aukera profesionalak ezagutzeko eta enpresek behar dituzten profil espezializatuak lortzeko aukera eskainiko du.
Jardunaldiak talentuaren garapen profesionalari, erakarmenari eta atxikipenari buruzko saioak, eta enpresen eta hautagaien arteko elkarrizketak eta topalekuak konbinatuko ditu. Besteak beste, eduki hauek landuko dira: ikerketa akademikotik harago dauden irteera profesionalak, unibertsitateen eta industriaren arteko trantsizioa eta bizitzaren zientzietan espezializatutako talentua erakartzeko eta fidelizatzeko erronkak.