2026(e)ko azaroaren 12(a) 10:30

Elixabete Etxanobek Bizkaiko Forua herritarren eguneroko bizitzan presente jarraitzen duen «sistema bizia» dela aldarrikatzen du

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Foru Berriaren V. Mendeurrena dela-eta antolatutako zikloaren bigarren jardunaldian parte hartu du. Zuzenbide pribatuari buruzko jardunaldi horretan, arlo juridikoko zenbait espezialistak foru-zuzenbide zibilaren indarra eta erronkak aztertu dituzte gai hauei dagokienez, besteak beste: norbanakoa, familia, tronkalitatea eta oinordetzak.

Elixabete Etxanobek Bizkaiko Forua «sistema bizi» gisa aldarrikatu du

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak Bizkaiko Foru Berriaren V. Mendeurrena dela-eta antolatutako sinposio-zikloaren bigarren jardunaldia egin dute gaur. Zuzenbide pribatuari buruzko topaketa hori Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan egin da, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek parte hartu du.

Bere hitzaldian, Etxanobek Foru Zuzenbide Zibila indarrean dagoela eta Bizkaiko herritarren eguneroko bizitzan duen presentzia aldarrikatu du. «Forua ez da museoko pieza bat bakarrik, nahiz eta hala izan, sistema bizi bat baizik», adierazi du. Gaineratu duenez, «Foru legatu osotik, jakin gabe jende gehien jotzen duena da». Era berean, Foru Zuzenbide Zibilaren eta Bizkaiko autogobernuaren arteko lotura defendatu du: «Zuzenbide zibil propioa eta Ogasun propioa enbor beraren bi adar dira, eta elkar indartzen dute».

Jardunaldian zenbait gai jorratu dira, norbanakoarekin, familiarekin, tronkalitatearekin eta foru-oinordetzekin lotuak. Gai horiek zuzenean uztartzen dira 1526ko Foruaren printzipio eta edukiekin, eta bidea ematen dute foru-zuzenbide zibilak egungo gizartean nolako indarra duen aztertzeko. Programak legelariak eta zuzenbidearen arloko irakasle eta profesionalak bildu ditu; honako hauek, besteak beste: Igone Aretxaga, Borja Iriarte, Gema Tomás, Inmaculada Guantes, María Paz García, Jesús Fernández, Javier Oñate, Diego Granados, María López, Mario Martínez, Óscar Monje, Francisco Javier Osa eta José Javier García Ross.

Bigarren saio horrek jarraipena eman dio zikloaren lehenengo jardunaldiari. Aurreko jardunaldi hori azaroaren 4an egin zen, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, eta zuzenbide publikoari buruzkoa izan zen. Topaketa hartan 1526ko Foruaren edukiak aztertu ziren, egungo gobernantza demokratikoaren ikuspegitik, bai eta autogobernuaren, fiskalitatearen eta udal-erakundeen erronkak ere.

Zikloaren hirugarren eta azken jardunaldia datorren ostegunean izango da, hilak 19, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta gai hau jorratuko da: zer-nolako bizikidetza izan duten azken bost mendeetan Bizkaiko foru-zuzenbideak eta euskarak. Topaketan, zenbait adituk parte hartuko dute gai hauek aztertzeko: hizkuntza-eskubideak, historia, euskal ondare literarioa eta Foruak euskal letretan utzitako aztarna. Azken saio horrek amaiera emango dio Bizkaiko foraltasunaren dimentsio publikoan, pribatuan eta linguistikoan zehar egindako ibilbideari.

Ospakizun-jardunaldi horiek direla-eta hainbat argitalpen espezializatu aurkezten ari dira, besteak beste: Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako 13. zenbakia, Fuero Nuevo de Vizcaya (1526) izenekoa, gaztelaniaz; bilduma bereko 14. zenbakia, Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskaraz izenekoa, eta MINOR bildumako 15. zenbakia, euskaraz. Gainera, bertaratzen direnek aukera izango dute Euskal zuzenbide zibila eta Hitzak lege erakusketak bisitatzeko.

Ziklo horiek Bizkaiko Foru Berriaren V. Mendeurrena ospatzeko urte osoan zehar egiten ari diren askotariko ekitaldietako batzuk dira. Izan ere, mendeurreneko programazioak ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak eskaintzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako jarduera horien helburua da herritarrei ezagutaraztea 1526. urtean onetsitako Foru Berrituak historikoki izan duen eta gaur egun ere duen garrantzia.


Bideoak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp