2026(e)ko urriaren 27(a) 10:30

Artxandako tuneletako Salbe-Txorierri tartean bost hilabetez moztuko da trafikoa, azaroaren 2ko, astelehena, 20:00etatik aurrera

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Mozketa erabatekoa izango da azpiegituraren 1.220 metroak birgaitzeko lanek irauten duten bitartean

Artxandako tunelak

Artxandako tuneletako Salbe-Txorierri tartean trafikoa erabat moztuko da datorren astelehenean, azaroak 2, 20:00etatik aurrera. Etenaldia bost hilabetez luzatuko da, 2027ko apirilaren 2ra arte, hura osorik birgaitze aldera. Jarduketak tunelaren 1.220 metroko luzera hartuko du. Tunel horretatik 13.500 ibilgailu arin eta 420 ibilgailu astun baino gehiago zirkulatzen dute egunero, eta 20,6 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du.

Lanen neurria eta ezaugarriak direla-eta, ezinezkoa da tuneletik segurtasun-baldintza egokietan igarotzea, eta, beraz, itxita eduki beharko da obrek irauten duten bitartean. Etenaldiak aukera emango du etengabe eta beharrezkoak diren segurtasun-baldintza horietan lan egiteko. Hala, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandak egongo dira, birgaitzean 24 orduetan aurrera egiteko eta egikaritze-denborak eta erabiltzaileekiko afekzioa laburtzeko.

Obrek aukera emango dute tunelaren arazo nagusien gainean modu integralean jarduteko. Izan ere, egindako azterlan teknikoek egiaztatu dute ikuskatutako azaleraren % 54k patologiak dituela, eta patologia horien artean, pitzadurak, material-galerak, narriadura lokalizatuak eta uraren presentzia jarraituaren ondoriozko afekzioak daudela. Esku-hartzearen ardatza egiturazko kalte horiek konpontzea, ur-iragazketak zuzentzea eta hondatutako elementuak indartzea izango da, baita azpiegituraren zenbait osagai berritzea ere, haien segurtasuna bermatzeko eta balio-bizitza luzatzeko.

Artxandako tunelak 2002tik daude zerbitzuan, eta Bilbo eta Txorierriren, Bilboko Aireportuaren eta Bizkaiko Parke Teknologikoaren arteko lotura nagusietako bat dira. Azpiegitura osoan 30.000 ibilgailu inguru ibiltzen dira egunero.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp