2025(e)ko azaroaren 10(a) 18:00

Euskara, Kultura eta Kirol Sailak % 4,2ko igoera izango du 2026ko aurrekontuan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Aurrekontuak.

gaur egun 2025eko aurrekontuaren % 89,09 dago gauzatuta

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 2026rako aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurrekontuak % 4,2ko igoera izango du aurreko urtearen aldean, eta jarduera-ildo argiak izango ditu: lurraldean euskara suspertzea, kirolaren presentzia ahalbidetzea bizitzaren etapa guztietan, eta kultura-adierazpen guztiak sustatzea, tokiko talentuaren proiekzioa indartuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak 70.378.553 euroko aurrekontu orokorra esleitu dio sail honi datorren ekitaldirako. Zenbateko hori honela banatuko da: 8.823.000 euro euskararen normalizaziorako, 46.119.553 euro kulturarako eta ondarerako, 11.182.500 euro egunerokoan kirola sustatzeko eta, azkenik, 4.253.500 euro saileko zerbitzu orokorrentzat.

Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez: «Nabarmen gehitu da zerbitzu orokorrentzako aurrekontua; izan ere, beren gain hartu dituzte zuzendaritzen kontratu zentralizatuak (hornidurak, energia, e.a.). Kontratu horietako gehienak kirol-arloan egon dira kokatuta, eta horregatik jaitsi da nabarmen arlo horretako aurrekontua.»

Arrizabalagak gaineratu duenez,«gaur egun 2025eko aurrekontuaren % 89,09 dago gauzatuta, iazko garai berean izan zenaren antzeko ehunekoa; zifra horrekin % 100era iritsi zen ekitaldiaren amaieran iaz.»

Aurrekontu hori baliatuta, alde batetik, euskararen presentzia bultzatzen jarraitu nahi da hainbat eremutan, hala nola aisialdian, eremu sozioekonomikoan, transmisioan eta teknologia berrietan, besteak beste. Beste batetik, kultura sustatu nahi da, eta herritarrei kulturaz gozatzeko espazio berriak eskaini, ondarea babesteaz gainera. Eta, azkenik, kirola ezinbesteko elementu bihurtu nahi da pertsonen bizitzan, eta gure kirolariei laguntza eta babesa eman. Hori guztia genero-ikuspegiarekin egin nahi da, aurrekontuaren % 73,77ri zeharka aplikatuko baitzaio ikuspegi hori.

Euskara suspertzea

Euskarak 8.823.000 euroko partida izango du datorren urtean. Partida horren bidez, gure hizkuntza propioaren erabilera bultzatu nahi da suspertze-fase berri batean, non arreta berezia jarriko baita ingurune sozialean eta afektiboan. 49.000 euro bideratuko dira kirol-eremuan euskararen presentzia bermatzeko, 2.010.000 euro aisialdian euskararen erabilera sustatzeko eta 70.000 euro gazteen artean erabilera naturala sustatzeko. Bestalde, eremu sozioekonomikoan duen presentzia indartzeko, 415.000 euro erabiliko dira, eta 1.000.000 euro, berriz, ingurune digitalean erabilera-azturak bultzatzeko.

Gainera, euskara sustatzen duten komunikabideek, zerbitzuek eta produktuek 1.910.000 euro jasoko dituzte, gizartera zuzenean eta arin irits daitezen eta kalitateko informazioa eta edukia euskaraz helaraz dezaten.

Eta gure egileen lana saritzeko, Euskara Sailak aurten ere Lauaxeta sariak banatuko dizkie euskaraz idazten duten poetei eta memoria historikoari buruzko dokumentalak egiten dituztenei.

Erreferentzia-urtea Bizkaiko museoentzat

Kultura Sailak 46.119.553 euro jasoko ditu lurraldean kulturaren presentzia bultzatzen jarraitzeko eta tokiko talentua proiektatzen laguntzeko. Museoen sarearen kasuan, garrantzi handikoa izango da 2026. urtea, berriro irekiko baitira berriturik Arte Ederretako Museoa eta Euskal Museoa. Gainera, Bizkaiak hartuko ditu Europako museo garrantzitsuenak biltzeko kongresua eta gala, Euskararen Etxeak anfitrioi jardungo duelarik. Hori guztia kontuan hartuta, 24.247.000 eurokoa izango da museoen sarerako eta haien jardunaren informazio-hedapenerako partida.

Tokiko talentuaren proiekzioak eta sorkuntzaren babesak lehentasuna izango dute 2026. urtean ere, honako partida hauekin: bikaintasunerako laguntzak (600.000 euro) eta jarduera artistikoak sustatzeko laguntzak (260.000 euro).  Orobat, 3.330.000 euro baliatuko dira industria-, arte-, arkeologia- edo etnografia-ondarearen arlorako eta foru-artxiborako.

Bizkaia Kirolur, Kirolaren Europako Eskualdea

2026an Bizkaia Kirolaren Europako Eskualde izendatua izan denez, horrek markatuko ditu arloko jarduerak eta haren itzalpean geratuko dira lurraldeko kirol-jarduera guztiak. Jarduerak lankidetzan egingo dira lurraldeko kirola sustatzen duten eragileekin; alegia, udal, federazio, klub, ikastetxe eta enpresekin. Horren guztiaren helburua da Bizkaian dagoeneko egiten den kirola herritar guztientzat ikusgai izatea, ikuspegi ireki eta inklusibo batetik.

Arreta berezia eskainiko zaio kirol-sisteman emakumeen presentzia aktiboa sustatzeari, eta, horretarako, finantzaketa-lerroak 700.000 eurora arte gehituko dira. Kirol-eremuan euskararen presentziak lehentasunak izango du 2026. urtean ere, 35.000 euroko partida batekin. Teknikarien prestakuntza helburu gisa mantenduko da, eta sektorea profesionalizatzen lagunduko da.

Era berean, eskola-kirolean egingo da ahalegin ekonomiko handiena, 2.952.000 eurorekin, Eskola Kirola programa sustatzen jarraitzeko, plaza eta kirol-modalitate gehiago izango baititu. Aurrekontu honen barruan, nabarmentzekoa da KirolaOn sendotzeko egingo den apustua, kirolean adingabeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna gisa. Eta horri gehitu behar zaizkio adingabeekin lan egiten duten teknikari guztiek kirol-prestakuntza egokia izateko laguntzak.

Administrazio-kudeaketa erraztuz

Saileko Zerbitzu Orokorrak arduratzen dira administrazio-izapideak herritarrengana hurreratzeaz. Organo laguntzaile eta koordinatzailea da, eta bere baitan hartzen ditu izapidetze arruntean erabiltzen diren aplikazio informatikoen kontrol juridikoa eta ekonomikoa, langileen kudeaketa eta kontratazioa eta kudeaketa, Foru Informatika Planaren bidez. Zerbitzu horietarako aurrekontuko partida 4.553.500 eurokoa da.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp