2017(e)ko urtarrilakren 19(a) 11:29

Aldundiak antolatutako Kirola Biziz jardunaldian Kirolaren alorreko aukeren inguruan arituko dira hainbat profesional eta enpresa

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko kirolarentzat aukerak sortu eta aurkezten dituen jardunaldi honen lehenengo edizioa da. Hainbat hitzaldi eta ekintza egingo dira Kirola Biziz jardunaldian Bizkaian egiten den kirola bistaratzeko, eta horrek ekintzailetza eta enplegua sortzeko dituen aukerak agerian uzteko.

LOREA BILBAO KIROLA BIZIZ

Hogeita hamar kirol erakundek baino gehiagok parte hartuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 26an, ostegunean, antolatuko duen Kirola Biziz deituriko jardunaldian. 

Lorea Bilbaok, azaldu du "ekimen honek kirola, enplegua eta ekintzailetza batzen dauz, egun batez gutxienez, Bizkaiko kirol-sistemako orotariko eragileen arteko hartu-emonetarako espazioa, bilgunea, bideratuko dogu."

Ezagutzen al ditugu gaur egun Bizkaian kirolaren alorrean dauden aukera guztiak? Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa izango dira eszenatokiak, eta bertan, foroak eta hitzaldiak egoteaz gain, kirol arloko alderdi ezberdinetan lan egiten duten enpresak batuko dira.

Bertaratzen diren guztiek aukera izango dute sektore horretako enpresa eta profesionalekin zuzenean harremanetan jartzeko, eta horrela, Bizkaian kirolaren alorrean dauden baliabide eta aukerak ezagutu ahal izango dituzte.

Lorea Bilbaok, azaldu du "Kirola Biziz doako jardunaldia dela, eta bere helburua dela Bizkaian egiten den kirola bistaratzea, eta horrek ekintzailetza eta enplegua sortzeko dituen aukerak agerian uztea. Hogeita hamar enpresek baino gehiagok arlo honetan izan dabezan esperientziak partekatuko dabez, euren negozio-ereduak azalduko dabez eta, gainera, lanerako bekak eskainiko deutseez jardunaldian parte hartzen dabenei. Izan ere, euren curriculumak aurkeztu ahal izango dabez partaideek."

Jardunaldia ikasle gazteei zuzenduta dago, eta hala, kiroleko sektorearen aukerak ezagutu ahal izango dituzte jokalekutik kanpo. Baina ikasle gazteei ez ezik, kiroleko profesionalei eta kirolaren munduan lan egiten duten erakundeei ere zuzenduta egongo da ekitaldia.

Jardunaldia urtarrilaren 26an izango da, ostegunean, goizeko bederatzietatik aurrera. Hamazazpi stand eta hamar foro egongo dira, eta foro horietan, negozioko profesionalek beraien esperientzia kontatuko dute, horri buruz duten iritzia partekatuko dute eta kirol-munduaren ikuspegi ezberdin bat aurkeztuko dute. Kirola Biziz jardunaldiak Deustuko Unibertsitatean izango dira goizez eta Euskal Herriko Unibertsitateko, UPV/EHUko, Bizkaia Aretoan arratsaldez.

Jardunaldi hau berezia izango da hitzaldiak eztabaidak izango direlako, non mota guztietako publikoak parte hartzeko aukera izango duen, sare sozialen bitartez galderak eginez, eta dinamizatzaileak galdera horiek eztabaidan sartuko ditu.  Horretarako, bi traola egongo dira, #KirolaBiziz eta #BizkaiaGoazen. Ekitaldiko foroak streaming bidez jarraitu ahal izango dira, eta nahi duenak parte hartzeko aukera izango du.

Ekitaldira joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurretik www.kirolabiziz.eventbrite.es webgunean izena ematea.


Bideoak


Audioak