2025(e)ko urriakren 16(a) 12:00

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBVAk bultzada eman diote bankari aplikatutako teknologia kuantikoaren aurrerapenari

Ekonomia Sustatzeko Saila

Aste honetan, Banks in Quantum Days delakoaren bigarren edizioa izan da Bizkaian. Finantza-sektoreari aplikatutako teknologia kuantikoen inguruko foroa da, nazioartean aitzindaria. BBVAk eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lantik teknologia- eta berrikuntza-sozietatearen bidez antolatu dute ekitaldia, eta beraren bigarren edizioa izan da. Mundu osoko 50 finantza-entitatetako 100 ordezkari inguru bildu ditu, bankaren etorkizunerako teknologiek planteatzen dituzten aurrerapen, erronka eta aukerak partekatzeko.

Bizkaia BBVA Banks in Quantum Dayseko 2. edizioa

Lau jardunalditan, urriaren 13tik 16ra bitartean, Banks in Quantum Days foroak hainbat ikuspegitatik jorratu ditu teknologia berri horiek garatzeak finantza-sektoreari ekarriko dizkion erronka teknologikoak. Lehenengo hiru saioak ateak itxita egin dira, eta «mehatxu kuantikoa» deritzona jorratzeko izan dira. Oinarri kuantikoko ordenagailu berriek egungo algoritmo kriptografikoak hackeatzeko gaitasuna izango dute, eta horrek behartu egiten ditu erakunde guztiak, finantza-entitateak barne, algoritmo horien ordez beste batzuk erabiltzera. Azken horiek seguruak izango dira are ordenagailu kuantikoen aurrean ere, zeinen teknologia kriptografia postkuantikoko algoritmo berrietan oinarritzen baita.

Zehazki, lehenengo jardunaldian, BBVA kide duen Quantum Safe Financial Forum (QSFF) delakoak bultzatutako white paper bat aurkeztu da, xedetzat harturik finantza-entitateei jarraibide zehatzak ematea algoritmo berriak erabiltzen hasteko migrazioari ekin diezaioten. Bankuek algoritmo horiek erabiltzeko trantsizioa planifikatzen hasteko gida izan nahi du agiri horrek.

Bigarren eguna QSFFren ingurukoa izan da, eta Financial Services Information Sharing and Analysis Centerrek (FS-ISAC) parte hartu du. Erakunde horrek ariketa praktiko bat antolatu du, batetik, gaur egungo kriptografiaren gainean dagoen mehatxuaz kontzientziatzeko eta, bestetik, arrisku horiek modu koordinatuan detektatu, arindu eta haiei erantzuteko gaitasun kolektiboa indartzeko.

Asteazkeneko saioetan, abantaila kuantiko deritzona aztertu da, hau da, ordenagailuek problema matematikoak (kasu honetan, finantzarioak) gaur egungo sistemek baino hobeto ebazteko duten gaitasuna, bai eta finantza-esparruan duten aplikazio erreala ere; esaterako, zorroak optimizatzea edo iruzurrak detektatzea. Ostegunean, jendearentzako egun irekian, Bizkaia Quantum Advanced Industries (Biqain) deritzon Bizkaiko ekosistema kuantikoko startup ugarik parte hartu du, eta arlo horretako talentua garatzera bideratutako saioak egin dira, gai hauei buruzkoak: taldeak nola eratu, zer profil eta gaitasun behar diren eta zer egin dezaketen entitateek datorkigun iraultza teknologikorako prestatzeko.

Bizkaia, nazioartean erreferentzia den lurralde kuantikoa

Hala, Bizkaia-BBVA Banks in Quantum Days nazioarteko erreferentziazko foro gisa sendotu da, zeinean finantza-entitateek, zibersegurtasunean adituek eta enpresa teknologikoek ezagutzak eta estrategiak partekatzen baitituzte etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Topaketa honek agerian jartzen du nola Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBVAk berrikuntzaren, lankidetzaren eta aurrerapen teknologikoaren alde egin duten, finantza-sektorea eraldatzeko palankak diren aldetik.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok adierazi duenez, «edizio honen leloak ("Next Gen Talent") zuzeneko deia egiten digu; izan ere, STEM talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea lehentasun estrategikoa baita Bizkaiarentzat». Esan du, gainera, Bizkaiak aurrera jarraitzen duela industria kuantikoen polo bat garatzeko lanean. «Dagoeneko 14 enpresatan erabiltzen dira Bizkaiko Foru Aldundiaren bultzadarekin garatzen ari garen teknologia kuantikoak. Lanean jarraituko dugu lurraldea erreferentziako nazioarteko nodo bat izan dadin hainbat sektore estrategikotan teknologia kuantikoen aplikazio industriala egiteko orduan», nabarmendu du.

Bestalde, Escolástico Sánchez BBVAko Quantum diziplinako liderrak hau azpimarratu du: «Foro honek erakusten du lankidetzak balio handia duela hain konplexua eta eraldatzailea den diziplina honetan; konputazio kuantikoan, alegia. Ezagutza beste finantza-entitate batzuekin partekatzeak aukera ematen digu elkarrekin aurrera egiteko eta soluzio seguruak eta negozioari aplikatzekoak arinago garatzeko». Gainera, azpimarratu duenez, «BBVAren helburua da bankak etorkizunerako prest egotea, arriskuei aurrea hartuz eta teknologia honek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz».

Bestalde, BBVAren Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaritzako zuzendari Marta Alonsok nabarmendu du «BBVAk Bizkaiarekin eta lurraldetik berrikuntza bultzatzearekin duen konpromisoa. Lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da Euskadik Europan sendotzen jarrai dezan ezagutzaren eta teknologia aurreratuaren arloko polo gisa, eta foro hau horren adibide argia da».

Konputazio kuantikoaren babesa

BBVAk konputazio kuantikoan espezializatutako arlo bat du 2019tik, erabilera-kasu errealak garatzen eta teknologia hori finantza-prozesuetan integratzen lan egiten duen aditu-talde batek osatua. Bankuak lankidetza aktiboa du akademiarekin, startup-ekin eta enpresa teknologikoekin, banku-sektorean gaitasun kuantikoen aprobetxamendua bizkortzeko.