Berriak
2026(e)ko irailakren 02(a) 10:00
Begoñako basilikan indusketa arkeologikoa egin aurreko lanak hasi dira
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Jarduketa horiei esker, basilikari eta haren zorupeari buruzko informazio gehiagorekin hasi ahal izango da indusketa, eta, esku-hartzeak irauten duen bitartean, eraikinaren etengabeko jarraipena errazago egin ahal izango da
Begoñako basilika
Begoñako basilika prestatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 13an hasiko duen indusketa arkeologikorako. Jarduketa Begoña / Vecunia proiektuaren parte da, eta Bilboren eta Bizkaiaren erlijio-, gizarte- eta kultura-memoriari estu lotuta dagoen leku horren historia hobeto ezagutzeko aukera emango digu.
Egun hauetan, View arkitektura eta Ondare Babesako taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko teknikariekin batera, aldez aurreko hainbat lan egin ditu eraikina dokumentatzeko, zorupea aztertzeko eta esku-hartzean eraikinaren bilakaeraren jarraipena egitea ahalbidetuko duten sistemak prestatzeko.
Egiten ari diren jarduketen artean, basilikaren funtzionamenduan eraginik izan gabe, honako hauek daude: 3D eskaneatzea, erreferentzia-puntu finkoak jartzea, georradar bidezko azterketa eta sentsore-sistema bat instalatzea. Jarduketa horiei guztiei esker, informazio eta berme gehiagorekin hasi ahal izango da indusketa, eta, esku-hartzeak irauten duen bitartean, eraikinaren etengabeko jarraipena egin ahal izango da.
Basilikaren barrualdearen 3D eskaneatzea
Egin den jarduketetako bat basilikaren barrualdearen 3D eskaneatzea izan da. Sistema horri esker, eraikinaren 3D irudi oso zehatza marraztu ahal izan da, eta zoruak, hormak, pilareak, gangak, sabaiak eta beste elementu batzuk erregistratu ahal izan dira lan arkeologikoak hasi aurretik.
Irudi digital hori oinarritzat erabiliko da indusketan dokumentatzen diren aurkikuntzak jasotzeko, lan-eremuak hobeto antolatzeko eta behar diren babesak basilikaren benetako formara egokitzeko.
Erreferentzia-puntu finkoak
Erreferentzia-puntu finkoak ere jarri dira basilikaren barruan. Horiei esker, indusketaren fase desberdinetan, neurriak zehaztasunez hartu ahal izango dira, eta ager daitezkeen hondakinak edo egiturak behar bezala kokatu.
Georradar bidezko azterketa
Bestalde, georradar bidezko azterketa bat egin da tenpluaren barruko azalera erabilgarri osoan eta kanpoaldearen zati batean. Teknika horri esker, zorupea miatu daiteke zangarik ireki gabe eta zoladura altxatu gabe, eta lurzoruaren azpian aldaketak hauteman daitezke, zeinek adieraz baitezakete egiturak, baoak edo beste elementu batzuk daudela.
Georradarrak basilikaren azpian egon daitekeenaren lehen irudia eskaintzen du, hala nola hilobiak, hormak edo interes arkeologikoa duten bestelako egiturak. Informazio hori lagungarria izango da indusketa-eremuak definitzeko eta lanak berme handiagoz planifikatzeko.
Sentsore-sistema
Azkenik, sentsore-sistema bat jarri da basilikako hainbat puntutan, indusketa osoan kontrolatzeko eraikinaren elementu sentikorretan –hala nola hormetan eta gangetan– mugimendurik edo aldaketarik gertatzen den.
Sentsoreek etengabe hartuko dituzte datuak, eta egituraren bilakaera denbora errealean jarraitzeko aukera emango dute. Hala, talde teknikoak arreta behar duen edozein aldaketa hauteman ahal izango du, eta basilikak nola erantzuten duen egiaztatu ahal izango du lanek aurrera egin ahala.
Esku-hartze horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egingo du lurraldeko ondare historikoaren ikerketarekin, kontserbazioarekin eta zabalkundearekin duen konpromisoan. Begoña / Vecunia proiektuak, zeina Begoñako Basilikarekin egindako hitzarmenaren bidez garatu baita, aukera emango du iraganera begiratu eta Bilbo eta Bizkairako bereziki esanguratsua den enklabe baten historia hobeto ezagutzeko, eta ezagutza hori herritarrekin partekatzeko.