2025(e)ko martxoakren 06(a) 12:10

Carlos Alzagak Barakaldoren parean Arrontegiko zubiko zirkulazioko auto-ilarak desagerrarazteko lanak aurkeztu ditu

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak ekin die Bilborako eta Santanderrerako erreiak eta Barakaldoranzko irteera berrantolatzeko lanei, zubiaren ingurunean.

Carlos Alzaga

Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Carlos Alzagak iragarri du Barakaldoren parean Arrontegi zubiko zirkulazioko auto-ilarak desagerrarazteko lanak hasiko direla eta, horretarako, Bilbao-Santander bideko bi errei eta industria-udalerri horretako irteera berrantolatuko direla. Halaber, Carlos Alzagak eman du aditzera Galdakao (Erletxe) eta Larrabetzu arteko 3,4 km-ko bizikleta-pista ere hasi dela egiten, baita bigarren bat ere, auzo galdakoztarra eta Boroa lotuko dituena Amorebieta-Etxanon.

Arrontegiko zubiaren inguruak izaten ditu EAEko errepide-sareko trafiko-mailarik handienak: eguneko 175.000 ibilgailu baino gehiago, eta % 6,20 ibilgailu astunak dira. Eremu horretako jarduketaren helburua da edukiera handitzea eta trafiko-pilaketak arintzea puntako orduetan, zubiko irteeraren eta Bilbao-Santander noranzkoen bidebanatzearen arteko tartean (9+650 eta 8+920 KPak).  Horretarako, plataforma handituko da, eta gaur egungo bost erreiak mantenduko dira, Arrontegiko zubia igarota; hala ere, Barakaldoko irteera-adarra berregokituko da. Hau da, hasierako tartean, gaur egungo bi erreietatik bakar batera aldatuko da, eta gainerako lau erreiek jarraipena izango dute.

Gainera, euste-sistemak eguneratuko dira, eta errodadura-geruza erabat berrituko da, foru-bideko segurtasun-estandarrak hobetuta. Eta, azkenik, errepidearen eskuinaldean, pantaila akustikoak jarriko dira, ibilgailuen eragin akustikoa moteltzeko.

Proiektuaren garrantzia ikusita, eta kontuan hartuta azpiegiturak trafiko-bolumen handia duela, itsasadarraren bi ertzen arteko loturarik garrantzitsuena baita, lan horiek faseka egingo dira. Lan bakoitzerako dauden beharrizanen arabera aldatuko dira erreiak, eta gauez ere egingo da lan, errepideko zerbitzuan ahalik eta gorabehera gutxien izateko.

Lan horiek egiteko epea 21 hilabetekoa izango da, eta aurrekontua 12 milioi eurokoa, Europako funtsek eta foru-funtsek kofinantzatuta.


Bideoak