2023(e)ko urriaren 05(a) 13:50

Bizkaiko hondartzek 7,97ko nota jaso dute meteorologiak herritarren bertaratzea % 28,66 murriztu duen udaldi honetan

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak erabiltzaileen iritzia ezagutzeko urtero egiten duen inkestan jasotzen denez, segurtasuna da berriz ere baloraziorik onena jaso duen alderdia, 10etik 9,08 punturekin, eta horri dagokionez aztertutako aldagaien artean Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak lortutako kalifikazioa nabarmentzen da, 9,88koa. Hondartzen garbiketa 8,40koa da eta hareatzetako ekipamenduena 8,09koa. Aurten behera egin du nabarmen hondartzetara autoz joaten diren pertsonen ehunekoak (% 57,1etik % 48,4ra), eta gora egin du oinez edo autobusez joaten direnen ehunekoak. Ekainaren 1etik irailaren 30era 1.892.574 pertsona joan dira hondartzetara (2022an baino 760.537 gutxiago). Sorosle-taldeak 2.234 pertsona artatu ditu, gehienak zauriengatik (824) eta marmoka-ziztadengatik (384, horietatik 72 karabela portugaldarraren ziztadak), eta 72 erreskate egin dituzte. Denboraldi osoan zehar 719.090 kilo hondakin bildu dira hondartzetan.

Erabiltzaileek 10etik 7,97ko kalifikazioa eman diete Bizkaiko hondartzei. Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko hareatzak bisitatzen dituztenen iritzia jakiteko urtero egiten duen inkestan, azken bost urteetan lortutako bigarren kalifikaziorik altuena da -iazkoaren atzetik soilik, orduan lortu baitzen inoizko altuena, 8,64-. Hareatzetara hurreratutako herritarren kopurua % 28,66 murriztu da, batez ere eguraldiaren ondorioz.

Foru-erakundeak hareatzen kudeaketari aplikatzen dion etengabeko hobekuntza-prozesuaren parte den urteko azterlanetik ondorioztatzen denez, ondoen baloratutako hondartzak honako hauek dira: Ogella -bertara joaten diren pertsonek 9,41eko puntuazioa eman diote-, Bakio -9,07koa-, Plentzia -9,03koa- eta Gorliz- 8,90koa-. Gainera, kalifikazio orokorrean hondartzak ez dira 6,32 puntutik behera jaisten.

Segurtasuna da, berriz ere, Foru Aldundiak egiten duen kudeaketaren alderdirik baloratuena, 9,08 punturekin, eta Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua da, aurten ere, notarik altuena jasotzen duena, 9,88 punturekin. Bainurako segurtasuna 9,72koa da eta sorosleen eraginkortasuna 8,83koa. Hauek dira seguruen ikusten diren hondartzak: Ogella (9,82 puntu 10etik), Arrigorri (9,72) eta Bakio (9,39). Eta gainerakoetan, kalifikazioa ez da 8,73 puntutik jaisten.

Aipagarria da, halaber, hondartzen garbitasunak erdietsitako nota (8,40); horren barruan, nabarmentzekoa da 7,8tik jaisten den hareatzarik ez dagoela. Orobat, hondartzetako zerbitzuek eta ekipamenduek ere nota altua jaso dute (8,09). Bikainetik hurbil, haurrentzako eskumuturrekoen zerbitzua dago, hondartzetako adingabeen segurtasuna hobetu nahi duena -8,56 jaso ditu-, eta bederatzitik gora dago -9,09- La Arenan, Ereagan, Laidatxun, Plentzian, Isuntzan, Arrigorrin, Gorlizen eta Bakion ematen den bainu lagunduaren zerbitzua

Autoaren erabilera murriztu da hondartzetara iristeko

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten duen azterketak hondartzak bisitatzen dituzten pertsonen ohiturei lotutako gaiak ere aztertzen ditu. Aurten bildutako datuen arabera, erabiltzaile gehienak -% 40,2- noizean behin joaten dira hareatzetara, eta Plentzia, Gorliz eta Arrigorri dira egunero joaten diren erabiltzaileen ehuneko handiena dutenak -% 53,7, % 45,2 eta % 35,1, hurrenez hurren-.

Hondartzetara hurbiltzen direnen ohiturak aztertzean, alderdirik esanguratsuenetako bat da autoa gutxiago erabiltzen dela hondartzetara joateko: aurten inkestatutako pertsonen % 48,4k erabili du autoa, eta iaz, berriz, % 57,1ek. Ildo horretan, gora egin du oinez -aurten % 22,8- eta autobusez -% 9,1- joaten direnen ehunekoak. Hareatza aukeratzeko arrazoi nagusia gertutasuna da oraindik ere -% 38,1-, eta % 10,1ek soilik adierazi du hondartza jakin batera jotzen duela, gustatzen zaiolako.

Bestalde, Foru Aldundiak eskatutako azterlanaren arabera, Bizkaiko hondartzetako erabiltzaileen % 71,1 haurrik gabe joaten da haietara, eta 10etik bederatzi itsasoan bainatzen da.

Hondartzako batez besteko egonaldia murriztu egin da aurten aurrekoarekin alderatuta: 2022an 4,39 ordukoa zen eta irailaren 30ean 4,19 ordukoa.

Hondartzetara jende gutxiago

Azken denboraldi honetan, 1.892.574 pertsona hurbildu dira hondartzetara, hau da, % 28,66ko beherakada izan da 2022ko kopuruarekin alderatuta, eta aurten, bereziki, baldintza meteorologikoen ondorioa izan da. Ekainetik eta irailera bitartean, erabiltzaileen kopuruak behera egin du hilabete guztietan, ekainean izan ezik, orduan 34.682 pertsona gehiago erakarri baitzituen beroak hareatzetara. Beherakada handiena uztailean izan zen (aurreko urtean baino 580.084 pertsona gutxiago), eguraldiak nabarmen egin baitzuen okerrera. Abuztuan 137.146 pertsona gutxiago joan ziren hondartzetara, eta irailean, 77.989 gutxiago.

Hareatza bisitatuenak La Arena (279.074 pertsona), Ereaga (224.339), Arriatera-Atxabiribil (210.431), Gorliz (150.935) eta Laga (133.704) izan dira. Eta hondartza guztietara jenderik gehien hurbildu den hilabetea abuztua izan da.

2.234 pertsona artatu dituzte sorosle-taldeek

Naturgune horietara bertaratu diren pertsonen kopuruaren murrizketak isla izan du Gurutze Gorriak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat ematen duen Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko langileek egindako asistentzia-kopuruan. Horrela, zerbitzu honetako langileek 2.234 asistentzia egin dituzte guztira denboraldi honetan; iaz, ordea, 4.185 izan ziren.

Artapen horien eta erabiltzaile kopuruaren arteko korrelazioa agerikoa da, betiere kontuan hartuta sorosleek asistentziarik gehien eman duten hilabetea hondartzetan okupazio handiena izan duena ere izan dela: abuztua (903 osasun-asistentzia).

Ohikoa den bezala, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko taldeak artatutako kasu gehienak zauriekin lotuta egon dira (824), baina aurten marmoka-ziztadek gora egin dute (384 erregistratu dira, eta horietatik 72 karabela portugaldarrenak izan dira), eta hirugarren postura lekualdatu da, tradizioz bigarren laguntza-kausa ugariena izan dena, hau da, xabiroi-ziztadak, aurten 260 izan baitira. Gainera, sorosleek 72 erreskate egin dituzte itsasoan: bost nekeagatik eta 67 ur-korronteengatik.

Aurreko denboraldietako joerari jarraituz, sorospen-postuan artatu dituzten pertsonen proportzioa askoz ere handiagoa da osasun-zentro batera eraman behar izan dituztenena baino (78 kasutan baino ez da egin behar izan).

Bestalde, hondartzainen taldeak 518 intzidentzia erregistratu ditu (iaz baino 235 gutxiago) eta 54 erreklamazio jaso ditu (2022an baino 6 gutxiago).

3.585 pertsonak erabili dute lagundutako bainu-zerbitzua

Lagundutako bainu-zerbitzuari dagokionez, aurtengo denboraldian 3.595 pertsonak erabili dute; horietatik 1.820 banaka joan dira, eta beste 1.775 egoitzetako eta elkarteetako 353 taldetan. Pertsona gehienak (% 57,49) aurretiko hitzordua adostuta joan ziren. Aurretiko hitzordua duten pertsonen kolektibo hori BizkaiUP aplikazioaren bidez egin da gehienbat (% 75).

Zerbitzu hori gehien erabili duten hondartzak Ereaga (1.319 erabiltzaile), Gorliz (757), Plentzia (321) eta La Arena (711) izan dira.

719.090 kilo hondakin bildu dira

Hondartzak garbitzeko zerbitzuak 79.090 kilo hondakin bildu ditu; horietatik, maiatzean, mareek itsasertzean utzitako materialei dagozkie (525.600 kilo). Beste 146.300 kilo, berriz, erabiltzaileek zakarrontzi berdeetan uzten dituztenak eta errefusak izan dira. Gainerako 47.190 kiloak ontziak izan dira.


Bideoak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp