2023(e)ko irailakren 01(a) 11:00

Bizkaiko Foruak zin egiteko erabili ohi ziren tokiak eta monumentuak bisitatzeko aukera irailean

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2023ko “Ibilbide historikoak” programak proposamen kultural, historiko eta turistikoko ibilbideak antolatu ditu lurraldearen historian barrena, udaldiko hiletan, eta Zin-bidearen eskutik amaituko ditu irailean bisitaldi gidatuak. Ibilbideen gaineko argibideak eskuragarri daude www.bizkaikoa.bizkaia.eus web-orrian, 688 856 689 telefonoan edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan.

Zin-Bidea

2023ko "Ibilbide historikoak" bisitaldien programa, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu ohi duena, irailean amaituko da Bizkaiko Zin-bidea ezagutzeko aukera ederraren eskutik. Gure lurralde historikoaren bihotzetik ibiltzeko eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko era jakingarria izango da, Bizkaiko Jaunek Foruak zin egiteko erabiltzen zituzten tokien bitartez. Ondarea, historia, mendi-ibiltaritza eta paisaiak uztartuta.

Ibilbidea hiru etapatan egin daiteke: oinez, hiru egunetan, ala autobusez, goiz bakar batean.

Zin-bideak Bilbo zuen hasiera, Gernika-Lumo erdigune eta Bermeo helmuga. Ibilbidean zehar, jakingo da Bizkaiko Foruak zein tokitan eta monumentutan zin egiten ziren. Gure historia eta Bizkaiko Foruen muina dira esperientzia horren ildo nagusia; halaber, itxita ohi dauden eta bisitaldirako zabalduko diren interes historikoa, artistikoa eta erlijiosoa dituzten toki eta inguruetan sartzeko aukera eskaintzen du ibilbideak. Aukera polita bertaratzeko eta gutxi ezagutzen den ondare historikoa eta Bizkaiko barrualdeko eta kostaldeko paisaia joriak eta askotarikoak ezagutzeko. 

Bisitaldien egunak: irailaren 8an, 9an, 10ean, 15ean, 16an eta 17an.

Ibilbideen gaineko argibideak eskuragarri daude www.bizkaikoa.bizkaia.eus web-orrian, 688 856 689 telefonoan edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan.

Interes historikoa duten Bizkaiko tokiak ezagutzeko bisitaldi gidatuak maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan egin dira, eta irailean amaituko.

Guztira, 8 plan, Bizkaia ezezaguna eta itxita ohi dauden toki apartak eta bereziak ezagutzeko.

Hamahirugarren edizioan, jarduera gozagarri ugari egon da: ibilbideak tren turistiko batean; pasealdi patxadatsuak naturaz, paisaiaz, ondareaz eta historiaz gozatzeko; mendi-ibiliak eta aribideko indusketen eta ikerketen gaineko berri interesgarriak.

"Ibilbide historikoak" programaren eskutik, udaldiko hiletan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta bertoko natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta txundigarria ezagutzeko aukera ematen die bisitariei Bizkaiko Foru Aldundiak. Bisitaldi gidatuek Euskal Herria Museoa, El Pobaleko Burdinola eta Arkeologi Museoa foru-museoen aholkua jasotzen dute, baita Bizkaiko historiaren monumentu aparta horien indusketetan, ikerketan eta kontserbazioan esku hartu duten profesionalena ere.