2026(e)ko urriaren 29(a) 11:30

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazten du nahitaezkoa dela parke naturaletan txakurrak lotuta eramatea, aziendari eta fauna basatiari kalterik ez eragiteko

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

2022tik 47 salaketa erregistratu dira naturagune horietan txakurra solte eramateagatik; horietako hamabi 2026an, urriaren 20ra arte. Aldundiko Ingurumen Zaintzak eta Ertzaintzak kontrolak egiten dituzte asteburuetan, eta aurten Arabako Foru Aldundiak ere hartu du parte lan horretan.

Urkiolako parke naturala.

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi nahi du oso garrantzitsua dela txakurrak lotuta eramatea Gorbeia eta Urkiolako parke naturalak bisitatzen direnean, bereziki aziendak larratzen duen eremuetan. Neurri horren helburua da fauna basatiari eta aziendari kalterik ez eragitea, bai eta animalien artean arrisku-egoerak prebenitzea ere.

Txakur solteek azienda jarraitu edo beldurtu dezakete, bai eta hari eraso egin ere; hortaz, abeltzaintza-ustiategiei lesioak eta beste kalte batzuk eragin diezazkiokete. Naturagune babestu horietan bizi diren espezie basatien portaera ere aldatu dezakete.

Horrez gain, abere-taldeak babesten aritzen diren mastinak ere egon daitezke larratze-sailetan. Konpainia egiteko txakurrak solte ibiltzeak animalien arteko liskarrak eragin ditzake; hortaz, gogorarazi behar da oso garrantzitsua dela lotuta eramatea eta abeltzaintza-jarduera gauzatzen den eremuak errespetatzea.

47 salaketa 2022tik

2022tik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zaintza eta Ertzaintza lankidetzan dabiltza kontrolak egiteko, Gorbeia eta Urkiolako parke naturaletan araudia betetzen dela zaintze aldera.

Aldi horretan 47 salaketa erregistratu dira guztira txakurrak solte eramateagatik. Zehazki, 2022an, salaketa bat jaso zen; 2023an, bi; 2024an, hamar; eta 2025ean, berriz, 22. 2026an, oraingoz —urriaren 20ra arte, alegia—, beste hamabi salaketa erregistratu dira.

Bereziki asteburuetan egiten dira kontrolak, orduantxe joaten baitira pertsona gehienak aipatutako naturaguneetara, euren aisialdiaz gozatzera.

Horrez gain, 2026an zenbait jarduketa egin dituzte batera Ertzaintzak eta Bizkaiko nahiz Arabako foru-aldundietako Ingurumen Zaintzako Zerbitzuek. Koordinazio horren bitartez, kontrolak egin dituzte Gorbeiako Parke Naturalaren sarbideetan, bi lurraldeetan.

Parke naturalak erabiltzeko araudiak mugatzen du txakurrak solte ibiltzeko aukera, bereziki atsedenlekuetan eta azienda dagoen larratze-sailetan. Halaber, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko Legeak arau-haustetzat jotzen du hauxe: «Natura-ondareko gune babestu baten barruan txakurrekin baimenik gabe zirkulatzea, uhalez lotuta eraman gabe, berariaz baimendutako une edo lekuetatik kanpo». Arau-haustea egiteak zehapen ekonomikoak eragin ditzake, eta isunak 200 eta 3.000 euro bitartekoak izan daitezke.

Bizkaiko Foru Aldundiak naturagune horietara doazenei gogorarazi nahi die arauak bete behar dituztela eta txakurrak lotuta eraman, aziendari eta fauna basatiari eragozpenik eta kalterik ez eragiteko; hala, askotariko bisitariek Bizkaiko naturaguneaz gozatu ahalko dute, betiere era atseginean eta natura errespetatzen.

 

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp