Berriak
2024(e)ko ekainakren 11(a) 15:30
Bizkaiko Foru Aldundiak bateria elektrikoetako suteei buruzko jardunaldi tekniko bat egin du Estatu osoko adituekin
Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila
Jardunaldiaren gai nagusia hau izan da: gailu eta ibilgailu elektrikoen erabilera gero eta handiagoarekin lotuta sortzen ari diren arriskuak. Ildo horretatik, mota horretako suteak prebenitzeko, kontrolatzeko eta jarduteko metodorik eraginkorrenak jorratu dira, larrialdi-zerbitzuak eta arlo horretako enpresak erronka horiei erantzuteko hobeto prestatuta daudela bermatzeko. 200 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte jardunaldian, besteak beste, EAEko eta Estatuko hainbat lekutako larrialdi-zerbitzuetako kideak, suhiltzaileak, administrazio publikoak, bateriak fabrikatu eta biltegiratzen dituzten enpresak, ingeniaritza-enpresak eta arloko beste erakunde batzuk.
Jardunaldiko lehen hizlariekin solasaldia.
Gure gizartean gero eta bateria elektriko gehiago daudela eta, nolabaiteko alarma sortu da, teknologia horiekin lotutako gorabeherak ugaritu direlako. Gaur egun gailu horiek nahiko berriak dira eta funtzionamendua egokia izaten da; hala ere, larrialdi-zerbitzuek, administrazioek eta enpresek aurrea hartu behar diete bizitza baliagarria amaitzean sortuko diren erronkei. Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak, Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiarekin lankidetzan, bateria elektrikoetako suteei buruzko jardunaldi tekniko bat antolatu du, arlo horretan lan egiten duten eragileen ezagutza partekatzeko eta ezagutarazteko. Jardunaldia asteartean egin zen, Bilboko Ondare aretoan.
Topaketaren garrantzia agerikoa da, kontuan hartuta sute horiek segurtasunean eragina izan dezaketela eta erantzun koordinatua eta eraginkorra eman behar dela. Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko foru-diputatuak inaugurazioan nabarmendu duenez, jardunaldiaren helburua ezagutza garrantzitsua transmititzea da, bateria elektrikoen arrisku berriei buruz eta erronka berri eta espezifiko horiei aurre egiteko jardunbide egokienei buruz. Bizkaian horrelako sute gutxi izan ditugu, baina batzuk larriak izan dira. Jakina denez, arriskua kaltearen maiztasunaren eta balio ekonomikoaren araberakoa da, eta zenbat eta bateria gehiago egon funtzionamenduan, gero eta maizago gertatuko dira horrelako suteak. Horregatik, funtsezkoa da aurrea hartzea, eta, horretarako, ikasitakoa aplikatu behar dugu, arrisku horiek ahalik eta gehien murrizteko. Gaur hemen azalduko dena oinarria izan daiteke arrisku horren kudeaketari erantzun egokia emateko, edo, behintzat, inflexio-puntua izan daiteke
.
Estatu osoko 200 parte-hartzaile baino gehiago
200 pertsona baino gehiago bildu dira jardunaldian, besteak beste, EAEko eta Estatuko hainbat lekutako larrialdi-zerbitzuetako kideak, suhiltzaileak, administrazio publikoetako ordezkariak, bateriak fabrikatu eta biltegiratzen dituzten enpresak, ingeniaritza-enpresak eta arloko beste erakunde batzuk.
Parte-hartzaileak hainbat lekutatik etorri dira: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Asturias, Burgos, Valladolid, Madril, Almeria, Valentzia, Katalunia eta Portugal. Pertsona horiek erakunde hauetako ordezkari gisa hartu dute parte, besteak beste: larrialdi-zerbitzuak; larrialdiei aurre egiteko teknikariak; laneko arrisku eta prebentzioko teknikariak; Bizkaiko, EAEko eta Estatuko PSSZko suhiltzaileak; Aenako suhiltzaileak; Eusko Jaurlaritza; udalak; Babes Zibila; Ertzaintza eta Udaltzaingoa; Osalan; Itsas Salbamendua eta EHU. Horretaz gain, hauek ere bertaratu dira jardunaldira: ingeniaritza eta arkitektura arloko enpresak; energia-enpresak; bateriak fabrikatu eta biltegiratzen dituzten enpresak; aseguru-etxeak; ikerketa-erakundeak eta suteen aurkako babes arloko erakundeak, hala hola Tecnalia, Kume Safety S.L., Mercedes Benz, Iberdrola, Galp Energía, GS Hydro SAU, Tesicnor, Zettler, Pegamo Navarra SA, Battery Tek SL, Dbus Donostiako Tranbia Konpainia,Reydesa Recycling S.L., Extinorte, ABP Investigación de Siniestros eta PESI Plataforma Tecnológica estatal de Seguridad Industrial.
Diziplina anitzeko hamar bat hizlari
Jardunaldian parte hartu duten profesional adituek sute horien prebentzioko, babeseko eta esku-hartze seguruko prozedurei buruz jardun dute, ikuspegi desberdinetatik: Roberto Paciosen hitzaldia (CIC energy Gune) litio-ioizko bateria kargagarrietako suteen jatorriari eta kausei (materialak eta prozesuak) buruzkoa izan da. David Fernándezek (Gasteizko suhiltzaileen zerbitzua) eta Carlos Marín de la Barcenak (Madrilgo Udaleko suhiltzaileen zerbitzua) esku-hartzeetan izandako esperientziak azaldu dituzte. Jaime Bleyek (Centro Jovellanos) ibilgailu elektrikoetako suteen saiakuntza errealei buruz hitz egin du, eta Garikoitz Areitio Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile-zerbitzuko kabuak ibilgailu elektrikoetako suteetan esku hartzeko prozedura azaldu du.
Ondoren, Fernando Vigara JVVA Fire & Risk enpresako industria-ingeniariak baterietan suteak gertatzeko arriskuen inguruko sarrera egin du. Francisco Javier Martínek (Ondoan) suteen kontrako babes-instalazioen instalatzaileen ikuspegia eman du. Rafael Sevilla (TASC) bateriak biltegiratzeko eta kargatzeko gorabeheren prebentzio-sistemari buruz aritu da. Alfredo Álvarezek (EuroSprinkler) litio-ioizko bateriak fabrikatu eta biltegiratzean izan litezkeen suteen aurkako babesa azaldu du, eta, jardunaldia amaitzeko, Justo Adámezek (Ashes Fire Consulting) ibilgailu elektrikoak dauden aparkalekuak suteetatik nola babestu azaldu du.