Berriak
12 DE azaroa DE 2026 11:50
Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 euro bideratuko ditu 2027an kirol-lehiaketa federatuei babesa emateko
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Deialdian 300.000 euro gordeko dira nazioarteko lehiaketetarako, eta 150 000 euro estatu-mailakoetarako. Proiektu bakoitzeko, 30.000 eurorainokoak izan ahalko dira laguntzak
Bizkaiko Foru Aldundiak 450 000 euro bideratuko ditu lurraldeko klubek eta kirol-entitateek babestutako kirol-lehiaketa federatuak antolatzen laguntzeko 2027an Bizkaian. Deialdiaren bidez, foru-erakundeak kalitatezko lehiaketak bultzatu nahi ditu, kirol-modalitate guztien lehia-maila igotzen laguntzeko eta kirol-modalitate horiek zaleen artean hedatzen eta interesa pizten laguntzeko.
Guztizko aurrekontutik 300 000 euro nazioarteko kirol-lehiaketa federatuetara bideratuko dira, eta 150 000 euro, berriz, estatu-mailako lehiaketetara. Bi kategorietako baterako aurreikusitako diru guztia ematen ez bada, gainerakoa beste kategoriarako erabili ahal izango da.
Nazioarteko lehiaketen kasuan, proiektuaren aurrekontu araztuaren % 40raino iritsi ahal izango dira dirulaguntzak, eta, gehienez, 30 000 euro emango dira. Estatu-mailako lehiaketetarako, aurrekontu araztuaren % 30eraino estali ahal izango dute laguntzek, eta, gehienez, 15 000 euro emango dira.
Estatu-mailako eta nazioarteko lehiaketak
Bizkaian egiten diren estatu-mailako edo nazioarteko kirol-lehiaketa federatuek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta kasuan kasuko federazioaren egutegian ofizial gisa ageri badira. Kanpoan geratzen dira, besteak beste, estatukoa baino eremu txikiagoko txapelketak eta federazio-lizentziarik gabeko kirolariei soilik zuzendutako lehiaketak.
Deialdiak berezitasun jakin batzuk ezartzen ditu modalitate hauetarako: arrauna, herri-kirolak eta euskal pilota. Arraunari dagokionez, estatu-mailako lehiaketatzat hartzen dira gizonen TKE, KAE1 eta KAE2 eta emakumeen TKE eta ETE; herri-kiroletan eta euskal pilotan, berriz, halakotzat jotzen dira euskal federazioaren egutegian jasotako probak.
Dirulaguntzak lehia-konkurrentzia bidez emango dira. Balorazioan, lehiaketa bakoitzaren kirol-maila hartuko da kontuan, bai eta beste irizpide batzuk ere, hala nola ibilbide historikoa, lehiaketak jardunaldi bat baino gehiago izatea, emakumeen parte-hartzea, kirol egokituko lehiaketak sartzea, bertoko kirola eta entitate antolatzaileak Euskaliten 3K Programako Kudeaketa Aurreratuaren Diploma indarrean edukitzea.
Entitate onuradunak eta eskabideen aurkezpena
Egoitza soziala Bizkaian duten klub eta kirol-entitateek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta badaude eta gutxienez Bizkaiko lurralde-mailako kirol-federazio bati adskribatuta badaude edo, halakorik ez badago, dagokion modalitateko euskal federazio bati.
Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, 2027ko otsailaren 1etik 26ra bitartean, biak barne. Entitate bakoitzak bi eskabide aurkeztu ahalko ditu gehienez ere, eta proiektuak 2027ko ekitaldian gauzatu beharko dira.
Deialdiaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak klubak eta kirol-entitateak babesten jarraitzen du, eta, gainera, lagundu egiten du kirol-maila igotzeko, kirol federatua bultzatzeko eta kalitatezko kirola jendeari hurbiltzeko bidea ematen duten lehiaketak lurraldean egiten.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp