2025(e)ko urtarrilakren 23(a) 11:45

Bizkaiko Foru Aldundiak 12 urtetik beherakoentzako Bizkaibuseko doako txartela onartu du

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila

Doakotasuna gauzatzeko, txartel pertsonalizatua eskuratu beharko da Bezeroaren Arretarako Bulegoetan (OAC), eta tutore arduradunak egin ahal izango du izapide hori.

Erabiltzaileak Bizkaibus batean sartuta

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Bizkaibuseko 12 urte arteko adingabeentzako bidaien doakotasuna onartu du gaur.

Neurri horretaz baliatu ahal izateko, txartel pertsonalizatu bat eduki beharko da, eta txartel hori Bizkaiko garraio publikoaren Bezeroarentzako Arreta Bulego integraletan eskuratu ahal izango da. Txartela tutore arduradunak eskatu eta eskuratu ahal izango du, betiere doakotasun horren onuradun izango denaren argazkia eta NAN edota familia-liburua aurkezten baditu.

Zehazki, Barik txartel pertsonalizatua da, eta CTBren Bizkaiko garraio publikoaren bezeroari arreta emateko hamaika bulegotan eskatu ahal izango da: Metro Bilbao, Bizkaibus, EuskoTren, Renfe edo Bilbobus. Doakotasuna aste gutxi barru hasiko da eraginkorra izaten.

Ekimen hori Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak eraman zuen Gobernu Kontseilura, eta foru erakundeak mugikortasun jasangarriaren alde eskubide sozial gisa duen konpromiso argia adierazten du. Mugikortasun jasangarria, irisgarria eta inklusiboa, lurraldea egituratzen, klima-ingurumen trantsizioari ekiten eta desberdintasunak murrizten laguntzen duena.

2024ko abenduaren 23an egindako ezohiko bileran, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkura 12 urte bete arte Euskadin adingabeen doakotasuna ezartzearen alde agertu zen, Eusko Legebiltzarrak 2022ko urriaren 6an onartutako ebazpenean (61/2022 legez besteko proposamena) eskatutako ildo beretik. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak aho batez berretsitako irizpidea, 2025eko urtarrilaren 7an.