Berriak
2026(e)ko ekainakren 16(a) 14:12
Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioak 20 taldetik gora batuko ditu Lemoan, urriaren 17an
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Erromeriaren kontzeptu guztiak batzeko asmoz Bizkaiko Erromeria Eguna antolatuko dute aurten bigarren aldiz. Urriaren 17an Lemoan izango da, egun osoko egitarau zabalarekin eta gune desberdinetatik, herri osoa euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren bueltako bestelako edukiez jantziko duena
Bizkaiko Erromeria Eguna.
Leixuri Arrizabalaga: "Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna"
Gaur, ekainak 16, aurkeztu dute Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak, bigarren edizio honetarako Lemoako Udalarekin lankidetzan. Urriaren 17an, larunbata, Lemoan izango da. Lemoan bertan izan da aurkezpen-prentsaurrekoa, Kotxepin Kultur Etxean, eta bertan Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak, Lemoako alkate Esther Iturriozek eta Danok Pro kooperatibako Jon Gomez Garai bozeramaileak hartu dute parte.
Prentsaurrekoan ere izan dira Aldundiko eta Udaleko zenbait ordezkari eta Bizkaiko Erromeria Eguneko bigarren edizioan parte hartuko duten hainbat artista.
Leixuri Arrizabalagak hasi du Bizkaiko Erromeria Egunaren aurkezpena, «erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte» direla esanez, eta halaxe zehaztu du foru-diputatuak berak: «Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da». Arrizabalagak esan du transmisioan jarri dutela fokua: «Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna».
Diputatuak berak lehenengo edizioan azpimarratu zuen Bizkaiko Erromeria Eguna urtero eskualdez eskualde egiteko jaio zela, eta «horregatik Durangaldetik Arratiara egin dugu jauzi».Eta Arratiaren ordezkari Lemoa aukeratu da, «lurralde mailako jai handiak herri txikietara ere eramateko apustu sendoan». Zentzu horretan, gainera, «Lemoa ondo kokatuta eta konektatuta» dagoela adierazi du Aldundiaren ordezkariak.
Esther Iturriozek, bere aldetik, nabarmendu du «Lemoa euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro» bihurtuko dela urriaren 17an, eta «pozez eta ilusioz» hartu zutela Aldundiaren erronka, Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa Lemoan antolatu ahal izateko.
Horretarako, esfortzu handia egiten ari dira Udaletik, «baliabiderik onenak bideratu ahal izateko erromeriazaleen egun handi hau herrian ahalik eta ondoen antolatzeko». Baina esfortzuak «merezi duela» onartu du alkateak, besteak beste, «herriko eta eskualdeko elkarteen parte-hartzea ere izango duelako Bizkaiko Erromeria Egunak: Mendieta herri kirol elkartea, Durundi Barri dantza taldea, eskualdeko musikariz osatutako Eingo eta Merhezi taldeak, Arratiako Musika Eskola… ere izango dira protagonista».
Bizkaiko Erromeria Egunak «herri osoa erromeria giroz bustiko badu ere, bereziki Arlonagusia futbol zelaiko aparkalekua, Kotxepin Kultur Etxearen aurrean dagoen aparkalekua eta parkea, eta Kotxepin bera izango dira hiru gune nagusiak», azaldu du Iturriozek.
Lemoako eta Arratiako artistez gain —alkateak kontatutakoak— Bizkaiko Erromeria Egunaren artistak nortzuk izango diren ere deskubritu du Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibako kideak: Korrontzi, Lorratz, Larrain Dantza herrikoia, Harribitxiko txistulariak, Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania trikitilariak, Ene Kantak, Kittu, Itsaso Arrietaren kantu ikastaroa, Igorrek Arantzarte dantza taldeko Jone Intsaustiren Arratiako jota ikastaroa, Matraka elektrotxaranga… eta 20:30etik aurrera gazte sentitzen direnentzako formatu elektroniko eta handiagoetako erromeriak: Lehian, Argitu, Zirkinik Bez eta Trikizio — azken hau bere sortzaile izan zen Xabi Arakama trikitilariaren bueltarekin gainera—.
Kalez kale eta tabernaz tabernako eskaintzak ere indar handia izango du urriaren 17an Lemoan: Bizkaiko gaiteroak, Ondalango erraldoi eta buruhandiak, Urrutia anaiak trikitilariak, Izenbarekuak txaranga, Bizkaiko albokariak…
Eta proposamen artistikoez gain, urriaren 17an herri bazkaria, bertsolariak, herri kirol tailer eta erakustaldiak, haurrentzako puzgarriak… ere izango dira Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarrez edizioan.
Amaitzeko, jaialdi honi buruzko informazio guztia, gunez guneko egitarau zehatza barne, Bizkaiko Erromeria Egunaren Instagram eta Facebook kontuetan argitaratzen joango direla azaldu dute, baita webgune ofizialean ere: erromeriaeguna.eus
Une inprobisatu eta polita ikusi da prentsaurrekoaren hasieran eta amaieran, aurkezpenera gerturatu diren musikari parte-hartzaile batzuek instrumentuak atera eta Kotxepin Kultur Etxeko atzeko landan doinuz bete dutenean.