2023(e)ko abenduaren 11(a) 13:48

Bizkaibusen autobus pertsonalizatu batek Gabonetako magia hurreratuko du Bizkaiko hainbat herritara

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila

“Gabonak Bizkaibus Tour 2023-2024” bira, gaur hasi, eta urtarrilaren 4an amaituko da. Datak eta udalerriak hemen kontsulta daitezke: www.bizkaibustournavidad.com

Sonia Pérezek irteera eman dio Gabonetako autobusari gaur Portugaleten

Esperientzia gogoangarria eta jai-girokoa sortzeko, Bizkaibusen autobus pertsonalizatu bat ibiliko da gaurtik urtarrilaren 4ra arte Bizkaiko hainbat udalerritan, herritarrei, oro har, eta haurrei, bereziki, Gabonetako pertsonaia gogokoenak hurreratzeko: Olentzero eta Mari Domingi, abenduaren 23ra arte, eta, ondoren, Errege Magoak.

«Gabonak Bizkaibus Tour 2023-2024» bira da Bizkaibusen aurtengo Gabonetako kanpainaren elementu nagusia. Ekimen horren bidez, Bizkaibus marka indartu nahi da, mugikortasun jasangarria sustatzeko erreferente gisa, eta, gainera, tokiko kultura eta turismoa bultzatu nahi dira.

Gaur Portugaletetik abiatu da autobus pertsonalizatua, eta datozen egunetan bere ibilbidea jarraituko du Balmasedan, Muskizen, Zallan, Trapagaranen, Mungian, Galdakaon, Erandion, Ermuan, Gernikan, Barakaldon, Durangon, Basaurin, Santurtzin, Sopelan, Sestaon, Leioan, Bermeon eta Getxon.

Datak eta udalerriak hemen kontsulta daitezke: bizkaibustournavidad.com. Ordutegia: 17:30etik 20:30era.

Autobusa helmugara iristen denean, alboetan agertoki dekoratu bat zabalduko da, non aktore batzuek Gabonetako pertsonaia tradizionalak antzeztuko dituzten. Hori guztia gabon-kanten musikarekin eta koloretako argiekin batera, Gabonetako giro magikoa sortzeko eta txikienen arreta erakartzeko.

Haurrak autobusean sartu ahal izango dira, Olentzerorentzako eta Errege Magoentzako gutuna eskura emateko. Bi sarbide izango dira: bata eskailera, eta bestea arrapala, mugikortasun urriko pertsonentzat.

Gozokiez gain, oparitxo bana ere jasoko dute.

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak partaidetzazko komunikazio-ekintza bat planteatu nahi izan du, Bizkaibus protagonista izango den Gabonetako ospakizunei lotuta, azaldu du Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu Sonia Pérezek.

Ekimen honen bidez, zenbait helburu lortu nahi ditugu: Bizkaibusen irudia indartu, Gabonetan Bizkaian zehar ibiltzeko bazkide fidagarri gisa; poztasun- eta komunitate-sentimendua sortu Bizkaiko herritarren artean; haurren eta beren familien parte-hartzea sustatu; eta Gabonetan autobus-zerbitzuaren ezagutza eta erabilera areagotu.

«Gabonak Bizkaibus Tour 2023-2024» bira indartzeko, kartelak jarriko dira Bizkaibusen markesinetan, eta irrati-iragarkiak eta online laguntza emango dira.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp