Berriak
2026(e)ko ekainaren 25(a) 11:37
Bizkaiak umeen babesa indartu du familia-harrera espezializatuko modalitate berriaren bidez
Gizarte Ekintzako Saila
Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmena onetsi du abian jartzeko dedikazio bereziko familia-harrera espezializatuko programa, beharrizan konplexuak dituzten ume eta nerabeei zuzenduta
Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarriko du dedikazio bereziko familia-harrera espezializatuko programa; hala, ume nahiz nerabeak babesteko baliabideak areagotuko ditu eta egoera konplexuenei erantzuteko familia-eskaintza espezifikoa gehituko du. Horiek horrela, Foru Aldundiak berresten du zainketen sistema sendotzeko konpromiso irmoa doa duela eta haren xedea dela sistema hurbilagoa eta anitzagoa izatea, bai eta babesgabezia-egoeran dauden ume nahiz nerabeek dituzten beharrizanei behar bezala erantzutea ere.
Gaur goizean, aipatutako programa lurraldean garatu eta ezartzeko lankidetza-hitzarmenaren sinadura onetsi du Gobernu Kontseiluak. Orain arte Bizkaian abian jarri ez den modalitatea da eta horren bidez erantzun pertsonalizatuagoa, espezializatuagoa eta egokiagoa eman ahalko zaie beharrizan edo egoera bereziak dituzten ume eta nerabeei.
Programa horren helburua da gaur egun egoitza-harrerako baliabideetan bizi diren adingabeei familia-ingurunean arreta ematea, baldin eta ingurune hori beren beharrizanei erantzuteko gai baldin bada. Horretarako, harrera-familietan harreragile espezializatu bat egon beharko da gutxienez, zeinak harrera-prozedura osoan arreta berezia emateko behar diren funtzio teknikoen ardura hartzeko behar diren prestakuntza, trebakuntza eta esperientzia bereziki kualifikatua izango baititu.
Hitzarmen horren bitartez, Gizarte Ekintza Saileko Umeen Zerbitzuak beharrezkoa den aholkularitza teknikoa izango du hizpide dugun modalitatea abian jartzeko eta prozesuan alderdietako bakoitzak izango dituen funtzioak zehazteko. Hasieran, hitzarmenaren indarraldia bi urtekoa izango da (2026ko uztailaren 1etik 2028ko ekainaren 30era), eta foru-ekarpena 1.103.502 eurokoa izango da.
Harrera-sarea
Adierazitako ekimena familia-harrerako foru-politikaren barruan kokatzen da eta ume nahiz nerabeentzat bereziki onuragarria den babes-neurria da; izan ere, eskainiko zaien aukerak barne hartzen du familia-ingurune normalizatuan haztea, beren bizi-historia ulertzea eta etorkizun hobearen bila aurrera egitea. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, familia-harrera funtsezko esku-hartzea da babesgabezia-egoeran dauden ume eta nerabeak babesteko; horren ezaugarri nagusia da oinarritzat duela prozesuan parte hartzen duten alderdi guztien inplikazio partekatua, hau da, harrera-familiena, jatorrizko familiena, adingabeena eta prozesuan laguntzen duten langileena.
Harrera emateko foru-sistemak askotariko modalitateak ditu (premiazkoa, aldi batekoa, iraunkorra eta espezializatua), ume edo nerabe bakoitzak dituen beharrizanetara egokitu dadin erantzuna. Testuinguru horretan, dedikazio bereziko familia-harrera espezializatua eskainiz aurrerapausoa emango da haurrak babesteko baliabideak dibertsifikatu eta sendotzeko prozesuan; izan ere, egoera konplexuenei erantzuteko berariaz diseinatutako familia-eskaintza egongo da.
Eguneraketa horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotuko du umeak babesteko ereduarekin duen konpromisoa, non erdigunean jartzen baita ume eta nerabeen interesa eta, halaber, lehenesten baita zaintzeko inguruneak pertsonalizatuagoak nahiz hurbilagoak izatea eta bizi-egoera bakoitzera egokituta egotea. Hori guztia, kohesionatuagoa dagoen, zaintzaileagoa den eta bertako ume nahiz nerabeen ongizatearekin konprometituago dagoen Bizkaia lortzeko bidean aurrera egiteko.
Interesa duten pertsonek informazio gehiago lortu dezakete 94 447 07 37 telefono-zenbakira deituz, acogimientofamiliar@bizkaia.eus helbidera idatziz edo zerbitzuak duen webgunearen bidez.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp