Berriak
2026(e)ko irailakren 11(a) 11:00
Bizkaiak turismo irisgarriaren nazioarteko erreferente nagusiak bilduko ditu udazken honetan TUR4all Turismo Irisgarriaren V. Nazioarteko Kongresuan
Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila
Bizkaiko Foru Aldundiak eta IMPULSA IGUALDAD erakundeak elkarrekin antolatutako hitzorduak Bilbo Europako turismo inklusiboaren etorkizunari buruzko eztabaidaren gune nagusi bihurtuko du, 300 profesional baino gehiago elkartuta
Sonia Pérez Ezquerra: "TUR4all Turismo Irisgarriaren V. Nazioarteko Kongresua hartzea askoz gehiago da nazioarteko ekitaldi handi bat antolatzea baino. Bizkaiak urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza da; irisgarritasuna ez dela osagarri hutsa, baizik eta kalitate handiagoko, lehiakorragoa eta pertsona guztientzat pentsatutako turismoa eraikitzeko funtsezko elementua dela erakutsi duen lanaren aitortza"
Bizkaia berriz ere turismo inklusiboaren abangoardian kokatuko da udazken honetan, TUR4all Turismo Irisgarriaren V. Nazioarteko Kongresua hartuko baitu. Azaroaren 16an eta 17an egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bizkaiko Foru Aldundiak eta IMPULSA IGUALDAD erakundeak elkarrekin antolatuta, kongresuak 300 profesional baino gehiago bilduko ditu, baita erakunde publikoetako ordezkariak, enpresak, helmuga turistikoak, unibertsitateak eta gizarte-erakundeak ere. Horrela, turismo irisgarriaren arloko estatuko erreferentziazko foro nagusia izateaz gain, Europako garrantzitsuenetako bat ere izango da.
Bosgarren edizio honen egoitza Bizkaia izatea Foru Aldundiak azken urteotan egindako lanaren aitortza da. Izan ere, irisgarritasuna bere turismo-ereduaren ardatz estrategikoetako bat bihurtu du, eta lurraldea turismo inklusiboaren erreferente gisa sendotzea lortu du.
"TUR4all Turismo Irisgarriaren V. Nazioarteko Kongresua hartzea askoz gehiago da nazioarteko ekitaldi handi bat antolatzea baino. Bizkaiak urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza da; irisgarritasuna ez dela osagarri hutsa, baizik eta kalitate handiagoko, lehiakorragoa eta pertsona guztientzat pentsatutako turismoa eraikitzeko funtsezko elementua dela erakutsi duen lanaren aitortza", adierazi du Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak.
Kongresuari esker, Bizkaia bi egunez turismoaren etorkizunari buruzko nazioarteko eztabaidaren erdigune izango da. Bertan, besteak beste, gai estrategiko hauek jorratuko dira: helmuga turistiko adimendunetako irisgarritasuna, mugikortasuna, berrikuntza teknologikoa, adimen artifiziala, diseinu unibertsala, esperientzia irisgarrien merkaturatzea eta turismoaren eraldaketa, aukera-berdintasunaren ikuspegitik.
Nazioarteko erreferente gisa sendotutako kongresua
TUR4all Turismo Irisgarriaren Nazioarteko Kongresua Europako turismo irisgarriaren arloan ezagutza, esperientziak eta berrikuntza partekatzeko foro nagusietako bat bihurtu da. Edizio bakoitzean administrazio publikoak, nazioarteko erakundeak, turismo-sektoreko enpresa liderrak, hotel-kateak, aholkularitza-enpresak, helmuga turistikoak eta erakunde espezializatuak biltzen ditu, jardunbide egokiak partekatzeko eta etorkizuneko turismoaren erronkak aztertzeko.
Aurreko edizioen arrakastaren ondoren, antolakuntzak aurreikusten du Bilbon azken edizioan izandako 300 parte-hartzaileak gainditzea, eta topaketaren nazioarteko izaera are gehiago sendotzea.
Bizkaiak munduari erakutsiko dio bere turismo irisgarriaren eredua
Programa azaroaren 16an hasiko da, Turespañarekin elkarlanean antolatutako nazioarteko B2B workshop batekin. Bertan, bidaia-agentziek, nazioarteko tour-operadoreek eta turismo-enpresek Bizkaiaren eskaintza bertatik bertara ezagutuko dute, helmuga irisgarri gisa.
Hasierako ekitaldi instituzionalaren ondoren, kongresuak lurraldearen turismo irisgarriaren estrategia aztertuko du, eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak izango ditu, hala nola ONU Turismo eta European Network for Accessible Tourism (ENAT), baita erreferentziazko helmugen arduradun eta adituak ere —Kolonbia, Finlandia eta Alemania, besteak beste—. Horiek guztiek beren esperientziak eta arrakasta-kasuak partekatuko dituzte.
Programazioaren barruan, halaber, SEGITTUR erakundearen parte-hartzearekin helmuga turistiko adimendunei eta datuen kudeaketari buruzko lan-mahaiak egingo dira; Bizkaiko enpresa eta erakundeei eskainitako guneak ere izango dira, baita turismo-esperientzia irisgarriak diseinatzeko eta kultura-ekitaldi inklusiboak antolatzeko tailer praktikoak ere.
Bigarren jardunaldian, Turespañaren eskutik, estatuak nazioartean helmuga irisgarri gisa duen kokapena aztertuko da. Horrez gain, nazioarteko hotel-kateetako ordezkariak, teknologia-enpresak, bidaia-agentziak eta tour-operadore espezializatuak bilduko dira, irisgarritasuna turismo-sektorearen lehiakortasuna eta bereizgarritasuna indartzeko funtsezko faktore bihurtu dela aztertzeko.
Programak, era berean, adimen artifizialak eta teknologia berriek bidaiarien esperientzia hobetzeko duten eragina aztertuko du, baita turismo-enpresetan irisgarritasun-estrategiek duten inpaktua nola neurtu ere, erreferentziazko enpresen parte-hartzearekin.
Bizkaia lurralde aurreratuenen artean kokatzen duen estrategia
TUR4all Nazioarteko Kongresua Bizkaiko Turismo Irisgarriaren 2025-2030 Estrategia garatzen ari den une berean egingo da. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako bide-orri aitzindari horren helburua turismo-eredu inklusiboa, berritzailea eta oztoporik gabea sendotzea da.
Estrategiaren helburua irisgarritasuna bidaiaren esperientzia osoan modu zeharkakoan txertatzea da: informaziotik eta plangintzatik hasi, garraioa, ostatuak, ostalaritza, kultura-eskaintza eta turismo-esperientziak barne hartuta. Horretarako, gizarte-erakundeekin eta turismo-sektorearekin elkarlanean dihardu, BBAG Inclusivo taldearen bitartez.
Konpromiso horrek aitortza garrantzitsua jaso zuen FITUR4all 2026 sarietan. Bertan, Bizkaia turismoaren irisgarritasunaren eta inklusioaren alde egindako apustuagatik nabarmendutako estatuko helmugen artean aitortu zuten, eta, horrela, lurraldeak arlo honetan lortutako posizionamendua indartu zen.