2026(e)ko irailakren 10(a) 12:36

Bizkaiak berriro deklaratu du salbuespenezko egoera inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak bere sarean hartzeko

Gizarte Ekintzako Saila

Neurri horri esker, 131/2008 Dekretuan aurreikusitakoez bestelako egoitza-baliabideak gaitu ahal izango dira aldi baterako, egun sareak daukan gehiegizko okupazioaren aurrean

Leixuri Arrizabalaga, Aldundiko bozeramailea, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Leixuri Arrizabalaga: "Bizkaian kudeatzen ari gara, ez inprobisatzen; horixe eskatzen diegu gainerako erakundeei: erantzukizuna, kudeaketa eta konpromisoa"

Bizkaiko Foru Aldundiak, inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak sarean hartzeko salbuespenezko egoera berriro deklaratzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, babes hartuta gizarte-babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian.

Neurri horrekin, Gizarte Ekintza Sailak dekretu horretan araututakoez bestelako egoitza-harrerako baliabideak gaitu ahal izango ditu, salbuespenez, aldi baterako eta modu iragankorrean, babes-sistemak erantzuteko duen gaitasuna indartzeko eta lurraldera iristen diren adingabeei arreta emango zaiela bermatzeko.

Akordio horri esker, bada, larrialdiko laguntza-baliabide iragankor bat aktibatu ahal izango da, inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen harrera-sarea arintzeko.

Erabaki hori gaur egun sareak duen okupazioari erantzuteko hartu da. Irailaren 8an, Bizkaian dauden 17 harrera-baliabideek inoren kargura ez dauden 594 adingabe migratzaileri ematen diete arreta, sarearen 406 plaza arrunten aldean. Egoera hori egoitza-baliabideen gehiegizko okupazio orokorra eragiten ari da berriro ere.

Sarearen bilakaerari lotutako neurri bat

Aurretik ere, 2024ko azaroan, salbuespenezko egoera deklaratzea onartu zen, eta horrek aukera eman zuen egoerak iraun bitartean harrera-ahalmena premien bilakaerara egokitu ahal izateko.

Aldi horretan, egoitza-sarea indartzeko eta berrantolatzeko hainbat jarduketa egin ziren; hala, besteak beste, baliabideak egokitu ziren inoren kargura ez dauden emakumezko adingabe migratzaileei arreta emateko eta egoitza-plaza egonkorren kopurua handitu zen. Neurri horiei esker, gehiegizko okupazioa apurka-apurka murriztu, eta okupazio-mailak aurreikusitako ahalmenera hurbildu ahal izan ziren, eta hartara, Bizkaian ez zen kalean geratu inoren kargura ez dagoen neska-mutiko migratzailerik.

Larrialdiko laguntza-baliabidearen jarduera ekainaren 30ean amaitu zen, ezohikoa baitzen eta aldi baterakoa. Hala ere, ekainean, jada, Bizkaira iritsitako adingabeen kopuruak gora egin zuela egiaztatu zen. Horrez gain, udako hilabeteetan, bilakaera horrek tentsio nabarmena ezarri du berriro egoitza-sarean. Ildo horretan, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean 224 sarrera berri erregistratu dira, eta horrek esan nahi du, aldi horretan, eguneko, batez beste, 2,5 sarrera egon direla.

Bilakaera horrek, berriro ere, baliabideek gehiegizko okupazioa izatea eragin du, eta horrek zaildu egiten du adingabeei arreta indibidualizatua ematea, eta haien premiei egokitua.

Arreta eta babesa bermatzea

Inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak hartzeko sarean salbuespenezko egoera deklaratzearen helburua da babes-sistemak duen erantzuteko gaitasuna indartzea eta okupazio-mailaren ondorioz babesik gabe dauden adingabeei arreta egokia eman ahal izatea arriskuan ez jartzea.

Ezohiko baliabideak gaitzeak aukera emango du asistentzia-presioko egoeretan erantzuteko tresna bat izateko; neurri horrek ezohikoa eta aldi baterakoa izaten jarraituko du.

Bizkaiko Foru Aldundiak lanean jarraituko du harrera-sarea dauden premietara egokitzeko eta babesik gabe dauden adingabeei arreta eta babesa ematea ahalbidetuko duen erantzun bat bermatzeko. 


Bideoak


Audioak