2026(e)ko otsailaren 26(a) 11:31

Bizkaiak bere konpromisoa indartzen du gaixotasun mentala eta autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen bizimodu independentearekiko

Gizarte Ekintzako Saila

Aldundiak lankidetza-hitzarmen bana sinatu du Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta Senideen Bizkaiko Elkartearekin eta APNABIrekin, elkarteok autonomia pertsonala eta inklusio komunitarioa sustatzeko foru-estrategiaren barruan baitaude

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du bi lankidetza-hitzarmen sinatzea, alde batetik, Gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien senideen Bizkaiko elkartearekin (AVIFES), eta, bestetik, Autismoaren eta espektro horren beste nahasmendurik duten pertsonen eta haien senideen Bizkaiko elkartearekin (APNABI). Hitzarmenon xedea da erakunde horien erabiltzaileen bizitza independenterako laguntzak indartzea. Akordio horiek autonomia pertsonala eta inklusio komunitarioa sustatzeko foru-estrategiaren barruan daude, eta agerian uzten dute Aldundiak Bizkaiko gizarte-erakundeekin duen borondatea nahiz konpromiso irmoa, eragile giltzarriak baitira pertsonalizazioan oinarritutako foru-zaintzaren eredua garatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak konpromiso irmoa du bizimodu independentea sustatzeko. Erakundeak apustu irmoa egiten du eredu horren alde, eta sustatzen du pertsonek, behar diren laguntzekin, beren bizi-proiektua beren ingurunean garatu ahal izatea eta komunitatean aktiboki parte hartu ahal izatea. Hitzarmen horiek sinatzea duela urte batzuetatik hona mantentzen den lankidetzaren emaitza da, eta denboran iraun duen apustu horren eta lurraldeko hirugarren sektore sozialarekin batera finkatutako lan-ildo baten adibide behinenak dira.

Lehenengo hitzarmena AVIFESekin sinatuko da, 1986an gaixotasun mentala duten pertsonen senideen ekimenez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakundea baita. Akordio horri esker, bizitza independenteari laguntzeko Etxebest zerbitzua eman ahal izango da. Zerbitzu horrek orientazio eta esku-hartze sozial espezializatua (prebentziozkoa, psikohezitzailea eta asistentziala) eskaintzen die gaixotasun mentala duten eta beren etxean bizi diren pertsonei, dela bakarrik, dela bikotekidearekin, dela desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten beste pertsona batzuekin batera. Helburua da pertsona horiek beren ingurunean bertan euren bizi-proiektua garatzen jarrai dezaten erraztea, beren autonomia, ongizatea eta parte-hartze soziala sendotzearren. Hitzarmenaren indarraldia bi urtekoa izango da, eta 500.400 euroko inbertsioa izango du.

Bigarren hitzarmena APNABIrekin sinatuko da. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 70eko hamarkadaren amaieran eratu zen autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen senideen ekimenez. Akordio horri esker, bizitza independenteari laguntzeko programa bat garatu ahal izango da, eta onuradunak 18 urtetik gorakoak izango dira, baldin eta desgaitasun intelektuala, garapena edo gaixotasun mentala dela-eta bizitza independenteko plana kudeatzeko gainbegiratzea eta gida behar badute. Programak pertsona horien garapen autonomoa eta komunitatean parte-hartze aktiboa izatea sendotzen du, modu independentean bizitzeko interesean laguntzearren. Akordio honen indarraldia ere bi urtekoa izango da, eta 373.800 euroko inbertsioa izango du.

Bi hitzarmen horiek onartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko hirugarren sektore sozialarekin duen konpromisoa berresten du, aliatu estrategiko gisa kalitatezko zerbitzuak diseinatzeko eta emateko. Akordio horiek lankidetza publiko-sozialeko eredu bat finkatzen dute, erantzukidetasunean, konfiantzan eta osagarritasunean oinarritzen baitira, eta eskubideak bermatzera, autonomia pertsonala sustatzera nahiz pertsonak komunitatean benetan gizarteratzen laguntzera bideratuta baitaude.

 

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp