Berriak
2025(e)ko maiatzaren 02(a) 08:00
Bizkaiak bere ekosistema ekintzailea sendotu du, azken hamar urteetan 431 startup sortuta
Ekonomia Sustatzeko Saila
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz sortutako 431 startup-etatik, 332k merkatuan mantentzea lortu dute, eta gainera 3.033 enplegu sortu dituzte, 754,54 milioi euroko baterako fakturazioaz, 2014 eta 2023 artean
Bizkaian 431 startup sortu dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren laguntzaz, 2014 eta 2023 arteko hamar urteetan. Datu horrek erakusten du lurraldean, urtero, oinarri teknologikoko 43 enpresa berri sortu izan direla, batez beste, eta Bizkaia gune erakargarri bihurtu dela ekintzailetzarako eta berrikuntzarako.
Enpresa horien biziraupen-indizea % 77koa izan da azken hamar urteetan, eta zifra hori % 87,31ra igo da 2019-2023 bosturtekoan. Datu hori ez dator bat Espainiako enpresen bost urtera begirako biziraupen-tasarekin ( % 45,4), Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) datuen arabera. Guztira, 332 startup-ek lortu dute merkatuan jarraitzea azken hamarkadan, eta 3.033 lanpostu sortu dituzte, 754,54 milioi euroko baterako fakturazioa eskuratzeaz batera, hau da, batez beste 2,27 milioi euro enpresa bakoitzeko.
Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak startup-ei emandako milioi euro bakoitzeko 131 enplegu sortu dira, eta 32 milioi euroko zuzeneko fakturazioa egin da, kontuan hartuta 2014 eta 2023 arteko hamar urteetan 23 milioi euro eman direla horrelako enpresei dirulaguntzak esleitzeko.
Erakunde horien batez besteko plantilla 9,14 pertsonakoa da, Bizkaikoa baino handiagoa, bertan, enpresa bakoitzeko 5 langilekoa baita, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) arabera. Sortutako startup-en % 39,76k 5 langile baino gehiago dituzte, eta % 25ek, are, 10 langile baino gehiagoko plantillak.
Sektore estrategikoak eta lurralde-dinamismoa
Enpresak sortzeko sektorerik dinamikoenak negozio digitalekin, telekomunikazioekin, IKTekin, zerbitzuekin eta kontsumo-ondasunekin lotutakoak dira, nahiz eta batez bestekoa baino biziraupen-tasa txikiagoa duten. Industria osagarria, industria-ekipamendua, fabrikazioa eta muntaketa bezalako sektoreak, aldiz, enplegu- eta biziraupen-indize altuak izateagatik nabarmentzen dira.
Lurralde-banaketari dagokionez, Mungialdea, Txorierri, Uribe Kosta eta Eskuinaldea eskualdeak dira fakturazioaren buru; Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea, berriz, enplegu- eta biziraupen-tasarik onenak dituzte. Bilbo, bestalde, dinamismo handieneko eta batez besteko kapital sozial handieneko eremu behinena da.
Barne-ekintzailetzaren eta enpresen erakarpenaren inpaktua
Barne-ekintzailetza, hau da, lehendik dauden enpresen barruan ekimen berriak sortzea, enpresa-hazkunderako estrategia sendo suertatu da. Enpresa-proiektu horiek 10 lanpostu sortzen dituzte, batez beste, eta 3,38 milioi euroko batez besteko fakturazioa dute ekimeneko, sortutako startup-en batez bestekoa baino % 118 handiagoa, eta 428.045 euroko batez besteko kapital soziala dute, % 180 handiagoa.
Bestalde, Bizkaian 2018. eta 2023. urteen artean sortu ziren 243 enpresetatik, 50 dira, guztira, proiektuak erakartzeko prozesuen bidez sortutakoak. Startup horiek % 88ko biziraupen-tasa dute.
Startup-ak sortzeko zifrek indartu egiten dute Bizkaiak lurralde berritzaile gisa duen posizionamendua, enpresa-aukera berriak garatzeko ekosistema ekintzaile dinamiko eta erakargarri baten jabe baita. Bizkaiko Foru Aldundian ekintzailetza-eredu aurreratu baten alde egiten dugu, gure enpresa-sarea berritzeko aukera ematen baitu, kalitatezko enplegua sortzen eta erakartzen duten ekimen berritzaileen bidez. Gure startup-en biziraupen-tasak eta kalitatezko enplegua sortzeko duten gaitasunak posizio sendoan kokatzen gaituzte
, adierazi du Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp