2024(e)ko uztailaren 18(a) 13:00

Bizkaiak Begoñako basilikan hasitako zundaketa geoteknikoak funtsezkoak dira esku-hartze arkeologikoa planifikatzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 12 zundaketa geotekniko hasi ditu Begoñako Andra Mariren basilikako hiru habearteetan, presbiterioan eta elizpean. Helburua da zorupearen mapa bat sortzea, arroka amaren eta giza okupazioko geruzen sakonera determinatzeko. Jarduketa funtsezkoa da esku-hartze arkeologikoa planifikatzeko eta Begoñako Andra Mariren basilikari balio berria emateko. Proiektu honek sakondu nahi du Bizkaiko kristau-kultuaren jatorriaren eta Bilboko lehen kokalekuaren ezagutzan, lurraldearen ondare historikoa eta kulturala aberaste aldera.

Begoñako basilikan hasitako zundaketa geoteknikoak

Bizkaiko Foru Aldundiak zundaketa geoteknikoak hasi ditu Begoñako Andra Mariren basilikan; zundaketa horien haritik, esku-hartze arkeologikoa egingo da eta balio berria emango tenpluari. 12 zundaketok elizaren zenbait eremutan egingo dira: hiru habearteak, presbiterioa eta elizpea.

Zundaketen helburu nagusia da zorupearen mapa sinplifikatu bat sortzea, indusketa-proiektua zehaztu eta profilatu ahal izateko. Prozesu horrek berekin dakar zorupean zunda bat txertatzea, zutabe estratigrafiko bat erauzteko. Hala, arroka amaren sakonera determinatu ahalko da, bai eta mendeetan metatutako giza okupazioko tarteko geruzen potentzia ere. Ezagutza hori funtsezkoa da potentzial arkeologikoa duten sedimentuen bolumena estimatzeko eta ondorengo esku-hartzea planifikatzeko.

Zundaketaren xehetasun teknikoak

Zundaketak egiteko, 3,1 tonako Fraste zulamakina bat erabiliko da, 9,6 cm-ko diametroko burua duena. 8,6 cm-ko diametroa duten laginak atera ditzake, eta hainbat metroko sakonerara iritsi. Zulaketa lehorrean egingo da, hauts-emisioa kontrolatuta eta errekuntza-gasak erauzita. Lortutako laginak sakonera-erregistroa duten artxibategietan gordeko dira, sedimentuaren osaeran eta izaeran gertatutako aldaketak analizatu ahal izateko.

Proiektuaren aurkezpena

Joan den maiatzean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Joseba Segura Bilboko gotzainak eta Ignacio Fernández Begoñako parrokoak asmo handiko proiektu hau aurkeztu zuten. Bizkaiko kristau-kultuaren jatorriari eta Bilboko lehen kokalekuari buruzko ezagutzan sakontzea da helburua, lurraldearen ondare historikoa eta kulturala aberaste aldera.

Arkeologiako adituek diotenez, Begoñako Andra Mariren basilikaren egungo kokalekuan, Erdi Aroan elkarren gainean eraikitako elizen azpian, baliteke «VECVNIA» izeneko hiri indigena baten aurriak egotea, zeina kolonizatu baitzuten erromatarren garaian. Hiri horren existentzia egiaztatu ez bada ere, bertako biztanleak egungo bilbotarren arbasoak izan litezkeelako hipotesia proposatu da. Ikerketa horri «Begoña/VECVNIA proiektua» deritzo.

Funtzio espirituala mantentzea

Basilikaren funtzio espiritualak eta debozionalak mantentzea da proiektuaren funtsezko premisetako bat. Kultuaren jarraitutasuna bermatzeko, beraz, foru-erakundeak ezarriko dituen lan-erritmoek posible egingo dute elizaren % 60, gutxienez, irisgarria izatea indusketa-faseetan.

Mugarri bat ondarearen kontserbazioan

Proiektu hau mugarria da Bizkaiko ondare historiko eta kulturalaren kontserbazioan, ikerketa zientifikoa sustatzen baitu, eta lurraldeko historiarik zaharrenari buruzko ezagutza aberasten.


Bideoak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp