2026(e)ko irailakren 23(a) 13:27

Bizkaiak 5,14 milioi euro zuzenduko ditu Urdaibaiko espezie inbaditzaileei aurre egiteko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Foru Aldundiak jarduketa-programa bat jarriko du abian 2029ra arte Oka ibaiaren estuarioan, paduretan eta duna-sistemetan. Programa horretan, landare inbaditzaileak lokalizatu eta desagerraraziko dira, kaltetutako eremuak berreskuratuko dira eta emaitzen jarraipena egingo da.
Jarduera hori Urdaibaiko ingurumena berroneratzeko eta garapen jasangarria sustatzeko egiten hasi diren jarduketa zehatz nagusietako bat izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera integral bat jarri du abian Urdaibaiko landare-espezie inbaditzaileen presentziari aurre egiteko

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera integral bat jarri du abian Urdaibaiko landare-espezie inbaditzaileen presentziari aurre egiteko, 5,14 milioi euroko inbertsioarekin 2029ra arte. Jarduera, beraz, Urdaibaiko ingurumena lehengoratzeko eta garapen jasangarrirako gauzatzen hasi diren jarduera garrantzitsuenetako bat da.

Lanok, bereziki, Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) egingo dira. Eremu horretan dago euskal kostaldeko paduretako ekosistemarik garrantzitsuena, hedadurari eta kontserbazio-mailari dagokienez. Gainera, paisaia-balio handia du eremuak, eta garrantzi berezia du hegazti urtarrentzat migrazio-garaietan.

Jarduera-eremuak 430 hektarea inguru hartzen ditu. Uztailean eta abuztuan egindako kartografiaren atariko datuen arabera, espezie exotiko inbaditzaileak 130 hektareatan daude gaur egun. Horietatik, Baccharis halimifoliak 93 hektarea inguru hartzen ditu, eta Cortaderia selloanak, Panpako luma-saltzailea izenekoak, 19 hektarea inguru.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Basalan foru elkartearen bitartez, Oka ibaiaren estuarioan, paduretan eta Urdaibaiko duna-sistemetan jarduteko lanak egingo ditu. Lehen lanak hasi dira jada Busturiako San Kristobal eta Forua sektoreetan. Landare inbaditzaileak desagerraraztea ez ezik, kaltetutako eremuak gerora berreskuratzea eta jarraipena egitea ere aurreikusten du programak, berriro zabal ez daitezen.

Helburua modu planifikatuan eta jarraituan jardutea da: espezie inbaditzaileak lokalizatzea, kasu bakoitzean egokiena den metodoa erabiliz desagerraraztea, landaredi naturala berreskuratzea eta, ondoren, izan daitezkeen berragertzeak kontrolatzea.

Baccharisa, panpa-lezka eta onagra

Lanek Urdaibaiko zona litoraletan eta paduretan gaur egun arazo handienak sortzen dituzten espezie inbaditzaileetan jarriko dute arreta berezia: Baccharis halimifolia, Cortaderia selloana, panpa-lezka izenez ezaguna, eta Oenothera glazioviana.

Beren izaera inbaditzaileagatik, Baccharis halimifolia eta Cortaderia selloana dira gaur egun espezie zabalduenak eta arazotsuenak. Biek dute beren habitata eraldatzeko gaitasuna, landaredi autoktonoa lekuz aldatuz eta espazio horien funtzionamendu naturala aldatuz.

Halaber, gaur egun inguruan hedapen txikiagoa duten beste espezie batzuetan ere jardungo da, hala nola Crocosmia × crocosmiiflora, Tamarix gallica, Robinia pseudoacacia, Ailanthus altissima eta Buddleja davidii espezieetan.

Esku hartu aurretik, kaltetutako eremuen plangintza zehatza egingo da. Basalan dagoeneko Desagerrarazteko eta Berreskuratzeko Plana prestatzen ari da. Plan horri esker, espezie bakoitza non dagoen zehaztu, inbasio-maila ezagutu eta hura desagerrarazteko teknikarik egokiena erabaki ahal izango da. Inbentarioak landa-lana eta tresna teknologikoak (hala nola dronak) uztartuko ditu; horiek jarduketa-eremuak mugatzen lagunduko dute.

Landare bakoitzera egokituko dira jarduketak

Espezie bakoitzaren, tamainaren eta garapen-mailaren arabera desagerraraziko dira landareak. Aleak eskuz atera, eskuz moztu edo makinaz moztu ahal izango dira. Helburua bertako landaredian eta gainerako ekosisteman ahalik eta gutxien eragitea izango da beti.

Gaur egun, lau pertsonako lantaldea ari da lanean, baina operatiboa pixkanaka indartuko da 20-25 langilera iritsi arte, urteko sasoiaren eta lan-kargaren arabera.

Aurreko guztiaren ondoren tratamendu fitosanitarioa erabili ahal izango da, soilik landarea berragertzea saihesteko teknikoki beharrezkoa denean. Kasu horietan, produktua eza da lursail osoan emango; leku zehatzetan emango da, izan motzondoan brotxa bidez emanez edo landarea desagerrarazi ostean moztu den azaleran emanez.

Sistema horri esker, zuzenean landare inbaditzailearen gainean jardun daiteke, beste espezieengan gutxiago eragiten da eta tratamenduak errepikatzeko beharra gutxitzen da.

Lanak, gainera, espezie bakoitzaren zikloaren arabera antolatuko dira. Posible den heinean, landareak loratu eta haziak barreiatu aurretik desagerraraziko dira, hedatzen jarraitzea saihesteko.

2029rako helburua espezie inbaditzaileen populazioak kontrolatzea da, haien dentsitatea eta ugaltzeko gaitasuna murriztuz.

Berragertzeko gaitasun handia duten espezieen kasuan —hala nola milazka, sasiakazia, ailantoa edo Baccharis motako zurezko aleen kasuan— ahal dela landarearen jarduera begetatibo handieneko garaian egingo dira tratamendu lokalizatuak, maiatza eta iraila bitartean, garai horretan eraginkorragoak baitira.

Tratatuko diren zonak berreskuratuko dira eta jarraipena egingo zaie

Jarduketa ez da amaituko landareak kentzean. Esku-hartzeak egin diren eremuetan habitatak berreskuratzeko lanak egingo dira; besteak beste, espezie autoktonoak landatuko dira eta ingurunearen kalitate ekologikoa hobetzeko beste neurri batzuk ere hartuko dira.

Gainera, aldizkako ikuskapenak ere egingo dira, izan daitezkeen kimu berriak edo lurzoruan geratutako hazietatik sortutako landare berriak aurkitu eta kentzeko. Hala, jarduketak epe ertain eta luzera ere eraginkorrak izatea bermatuko da.

Halaber, aireko irudien, urrutiko detekzioaren eta droneen bidezko berrikuspenak ere sartuko dira jarraipenean. Ingurumen-adierazleen bilakaera ere aztertuko da, hala nola lezkadi-azalera edo habitat horiei lotutako hegazti habiagileak egotea.

Jarduketa horrekin batera, herritarrak sentsibilizatzeko eta haien partaidetza bultzatzeko kanpaina egingo da, udalek eta herritarrek Urdaibain dauden espezie inbaditzaile nagusiak ezagutu eta identifikatu ahal izateko, baita horiek antzematen laguntzeko ere. Aldundiak deialdia egingo du, udalerriek eta biztanleek ekimenarekin bat egin dezaten eta hedapena saihesten lagun dezaten.

5,14 milioi euro 2029ra arte

Bizkaiko Foru Aldundiak 5.140.000 euro bideratuko ditu jarduketa honetara. Amaiera-data 2029ko abenduaren 31 izango da. Finantzaketa hori lau zatitan banatuko da: 860.000 euro 2026an, 1,71 milioi euro 2027an, 1,71 milioi euro 2028an eta 860.000 euro 2029an.

Hizpide dugun esku-hartzea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Zehazki, hitzarmen horrek Urdaibaiko garapen jasangarrirako jarduketen finantzaketa antolatzen du.

Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko programa da, beraz, funts horiekin lurraldean gauzatzen hasi diren jarduera nagusietako bat, birnaturalizaziora, ingurumena lehengoratzera eta biodibertsitatea kontserbatzera bideratutako ildoaren barruan.

Jarduketa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera eman dio Urdaibairako hitzemandako finantzaketa tokian bertan egindako esku-hartze zehatzetara eramateari, eta horien helburua da ingurumen-balio handiko espazioak berreskuratzea eta Bizkaiko ekosistema natural nagusi horren kontserbazioa indartzea.


Bideoak


Audioak