2026(e)ko uztailaren 02(a) 12:35

Bizkaiak 120.000 euro bideratuko ditu gazteen aisialdi hezitzailearen eta denbora librearen koordinazio-egiturak indartzera

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen deialdia onartu du, 2026an gazteen aisialdi hezitzailearen eta denbora librearen arloan koordinazioa, sare-lana eta aholkularitza sustatzen dituzten proiektuei laguntzeko. Bizkaiko irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzek gehienez 18.000 euroko zenbatekoa izango dute proiektu bakoitzeko, eta diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 50era arte estali ahal izango dute. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, foru dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Leixuri Arrizabalaga eta Ainara Basurko.

Leixuri Arrizabalaga: "Gure helburua Bizkaiko gazteekin lan egiten duten erakundeen koordinazioa, sare-lana eta aholkuaritza indartzea da"

Bizkaiko Foru Aldundiak 2026an Bizkaiko Lurralde Historikoan aisialdiaren eta denbora librearen koordinazio-egiturak mantentzeko foru dirulaguntzen deialdia onartu du. Dirulaguntza-lerroak 120.000 euroko zuzkidura du, eta gazteen aisialdi hezitzailea bultzatzen duten erakundeen sare-lana indartzea du helburu.

Deialdiak gizarte- eta hezkuntza-arloko koordinazio- eta bidelaguntza-proiektuak babestuko ditu, bai eta Bizkaian gazteen aisialdia sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako aholkularitza-lanak ere. Ekimen horren bidez, Foru Erakundeak lankidetza-sareak sendotu nahi ditu, gazteen parte-hartzea, garapen komunitarioa eta haur, nerabe eta gazteentzako hezkuntza-ingurune egokiak sortzen laguntzeko.

Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Bizkaian duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren dagokion erregistroan inskribatuta badaude eta proiektuari esleitutako langile kontratatuak badituzte. Erakunde bakoitzak gehienez 18.000 euro jaso ahal izango ditu, eta zenbatekoak ezingo du diruz lagundu daitekeen aurrekontu osoaren % 50 gainditu.

Balorazio-irizpideen artean, honako hauek hartuko dira kontuan: koordinatutako erakundeen kopurua, proiektura bideratutako giza baliabideak, proposamenaren kalitatea, ezagutza partekatua sortzeko gaitasuna, euskararen erabilera eta berdintasunaren sustapena.

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, 15 egun naturaleko epean, foru dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.


Bideoak


Audioak

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp