2026(e)ko azaroaren 04(a) 11:00

«Bizkaia Repara»k 6.000 deskontu-bonuren trukeari ekingo dio Bizkaiko 90 saltokitan

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako kanpainaren hirugarren edizioan bigarren eskuko artikuluak erosteko deskontuak ere sartu dira. Herritarrek 10 eurora arteko bonuak erabili ahal izango dituzte 2027ko otsailaren 5era arte.

Bizkaia Repara

Bizkaiko Foru Aldundiak bihar (azaroak 5) ekingo dio kontsumo-produktuen konponketa eta berrerabilpena sustatzeko eta hondakinen sorrera murrizteko «Bizkaia Repara» kanpainaren hirugarren edizioko bonuak trukatzeari. Deialdi honetan Bizkaiko 90 establezimenduk parte hartuko dute, eta haietan, hiritarrek deskontuak izango dituzte egunero erabiltzen diren objektuak konpontzeko nahiz, aurten lehen aldiz, bigarren eskuko artikulu jakin batzuk erosteko.

Kanpainak 60.000 euroko aurrekontua du aurten, eta 10 euroko 6.000 deskontu-bonu jarriko ditu herritarren eskura, 2027ko otsailaren 5era arte erabili ahal izateko. Bonu bakoitzarekin 10 euroko deskontua lortu ahal izango da kanpainak barne hartzen dituen konponketetan edo erosketetan egindako 20 euroko gastuaren gainean. Bakoitzak gehienez ere bost bonu metagarri erabili ahal izango ditu, kanpainari atxikitako establezimendu bakar batean zein saltoki batean baino gehiagotan.

Parte hartzen duten 90 establezimendu nagusien artean, besteak beste, ehungintzako produktuak eta osagarriak, oinetakoak, aparatu elektronikoak eta etxeko gauzak konpontzen dituzten saltokiak daude. Saltoki horiei, aurten, ekimen honetan lehen aldiz, erabilitako produktuen salmentan espezializatutako establezimenduak gehitu zaizkie, besteak beste, altzariak, jantziak eta bestelako etxeko gauzak saltzen dituztenak.

Kanpaina honetan, hainbat eratako produktuak konpon daitezke: jantziak, oinetakoak eta osagarriak, baita etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, komunikazio-ekipoak, altzariak, erlojuak eta bitxiak. Bigarren eskuko saltokiak sartzeari esker, «Bizkaia Repara»k produktuen bizitza baliagarria luzatzeko aukerak handitzen ditu, hondakin bihur ez daitezen.

Interesdunek parte hartzeko baldintzak eta kanpainari atxikitako establezimenduen zerrenda osoa kontsulta ditzakete www.bizkaia.eus/bizkaiarepara web-orrian.

Trukatutako 5.200 bonu baino gehiago bigarren edizioan

«Bizkaia Repara» 2024aren amaieran jarri zen abian, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Harrezkeroztik, ekimenaren bi edizio egin dira eta bertan 4.000 pertsona inguruk parte hartu dute, 4.000 bat konponketa egin dira eta 9.865 bonu trukatu dira.

Zehazki, bigarren edizioan, 2025eko azarotik 2026ko otsailera bitartean egindakoan, 2.089 pertsonak parte hartu zuten, zeinek 5.215 bonu trukatu, eta 2.102 konponketa egin baitzituzten lurraldeko establezimenduetan. Jarduketa horiei esker, kalkulatzen da 17 tona hondakin sortzea saihestu zela.

Oro har, «Bizkaia Repara»ren bi edizioek gutxi gorabehera 31 tona produktu hondakin bihur ez daitezen lagundu dute.

Kanpaina hau Bizkaiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planean aurreikusitako jarduketen barruan dago, plan horretan konponketa, berrerabilpena eta hondakinen murrizketa sustatzeko neurriak jasotzen baitira.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp