2026(e)ko irailakren 24(a) 11:30

Bizkaia hautagai da Europako bi aitortza jasotzeko, bere iraupen luzeko zainketen eraldaketa-ereduari eta bizi-luzetasunaren politikei esker

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren eredua finalista da Bikaintasuna Zahartzearen eta Iraupen Luzeko Zainketen arloan deritzon kategorian, eta, gainera, hautagai da Epaimahaiaren Saria Gizarte Inklusioari izenekoa jasotzeko

European Social Services Awards

Bizkaiko Foru Aldundiak iraupen luzeko zainketen eraldaketaren eta bizi-luzetasunaren arloan bultzatzen duen eredua finalista da European Social Network (ESN) sareak antolatutako Gizarte Zerbitzuen 2026ko Europako Sarietan. Sare horrek administrazio publikoak eta gizarte-zerbitzuekin lotutako erakundeak biltzen ditu, eta eremu horretan ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzea sustatzen du.

Sariek, zeinek zortzigarren edizioa egingo baitute aurten, aitortza egiten diote Europako gizarte-zerbitzu publikoak hobetzeko bikaintasunari, berrikuntzari eta helburu hori lortzeko egindako lanari. Edizio honetan, ia 200 ekimenek parte hartu dute.

Bizkaia hautagai finalista da Bikaintasuna Zahartzearen eta Iraupen Luzeko Zainketen arloan deritzon kategorian, zeinak aitortza egiten baitie adinekoen premiei erantzuteko eta pertsonak ardatz dituzten zaintza integratuko ereduetarantz aurrera egiteko ekimen berritzaileei. Europako beste zazpi ekimenekin batera da hautagai.

Gainera, Epaimahaiaren Saria Gizarte Inklusioari izeneko saria eskuratzeko izendatu du epaimahaiak proiektua.

Biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko eredu bat

Bizkaia garatzen ari den ereduak gero eta garrantzi handiagoko erronka demografiko bati erantzuten dio: biztanleriaren % 24,3k 65 urte edo gehiago ditu. Egoera horretan, Bizkaiko Foru Aldundia eraldaketa-prozesu bat sustatzen ari da 2021az geroztik, esparruka eta zerbitzuka antolatutako jarduketetatik zainketen eredu integratuago, prebentiboago eta komunitarioago baterantz eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egiteko.

Hautagaitza ez dago programa bakar batean oinarrituta, ezpada bizi-luzetasunarekin, prebentzioarekin, autonomia pertsonalarekin, parte-hartze komunitarioarekin eta zainketekin lotutako politika, egitura eta proiektuen arteko loturan, eta gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazioa indartzen du.

Hautagaitzan jasotako emaitzen artean, honako hauek daude: 3.140 pertsonari eman zaie arreta etxeIKTen bidez; 18 egoitza-zentro eraldatu dira; etxez etxeko 46 bizikidetza-unitate daude 890 plazarekin; 79 erakunde inplikatuta daude Gure ITUNAn (Mendekotasuna Prebenitzeko eta Autonomia Pertsonala Komunitatean Sustatzeko Ituna), eta 46 udalerriei laguntza eman zaie adinekoekin adeitsuak diren ekintzak egin ditzaten.

Helburua da aurrera egitea mendekotasun-egoerei erantzutetik harago joango den zainketa-sare baterantz; alegia, prebentzioa, autonomiaren sustapena, parte-hartze soziala eta komunitateen sendotzea ere barne hartuko dituen baterantz.

2026ko Gizarte Zerbitzuen Europako Sariak azaroaren 19an eta 20an emango dira, Erroman.